Urnietako Ongizate Sailak elikadura bilketa kanpainan parte hartzea erabaki du. Janari bilketa kanpaina Eguberrien aurretik egin izan da normalean, eta urtarrila edo otsailean janaria Saharara bidali. Aurreko abenduan, ordea, ez zen kanpainarik egin Saharako kanpamenduetan zeuden gatazkak zirela-eta. Frente Polisariotik kanpaina atzeratzea eskatu zien Euskal Herrian janari bilketa egiten zuten erakundeei.
Oraingo kanpainak epe laburra dauka, ekainaren 11rako han eta hemen jasotako guztia bildu eta karabanara bidali beharko baita. Kanpaina honetan herriko lau ikastetxeek eta 2 merkatalgunek parte hartuko dute: BM eta Eroski.