Poxta Zahar eta Sansonarri elkarteen arteko lehia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko eka. 3a, 10:47

Larunbat eguerdian, Benjamin jaiaren atsedenaldi garaian lehiatu ziren Poxta Zahar eta Sansonarri Urnietako elkarteak Urnietako kiroldegiko futbol zelaian. Herritar asko hurbildu zen proba zuzenean jarraitzera. Lehiak ikusmina handia piztu zuen eta hiru probak amaituta, Poxta Zahar izan zen garailea. Erabilitako denbora: Poxta Zahar, 14:50; Sansonarri, 15:10.

Elkarte bakoitza ordezkatuz hiru kirolari izan ziren. Sansonarri elkartetik, Joseba Labaka (ergometroa), Unai Amenabar (bizikleta) eta Unai Aroztegi (lasterketa), Poxta Zahar elkartetik, Jon Robles (ergometroa), Mikel Olano (bizikleta) eta Asier Goikoetxea (lasterketa). Egin beharreko lana: ergometroan 500 metro, txirrindan 6 itzuli kiroldegiko atletismo pistari, eta azkenik korrika bi itzuli atletismo pistari. Lan hau birritan egin beharra izan zuten, eta Sansonarri elkarteko kideak ergometroan zein bizikleta frogan hobeto ibili baziren ere, lasterketa saioan desoreka handia egon zen eta Poxta Zahar izan zen garailea. Ikusleek gustura jarraitu zuten proba, atsegina eta arina izan baitzen.

 

Aimar Irigoien eta Juanjo Agirregabiria txapeldun

Urnietako Sansonarri elkarteak antolatuta maiatzaren 28an, Urnietako Plazido Muxika plazan jokatu zen Gipuzkoako harri txikien txapelketa. Bertan, hiru harri ezberdin bizkarreratu beharra izan zuten: 125 kiloko zilindro berria, 112,5 kiloko kubikoa, eta 100 kiloko bola. Harri bakoitzarekin 3 minutuko saioa egin zuten parte hartzaileek. Aimar Irigoien izan zen irabazlea. Errezildarra zen faborito argia, eta ez zuen hutsik egin. Harri guztiekin izan zen nagusi Irigoien, eta erraz menderatu zituen guztiak.
Harri txikien txapelketa:
1. Aimar Irigoien (Errezil)  9.050 kilo bizkarreratuta
2. Jexux Mari Urrutia     8.275 k.
3. Urtzi Telleria (Urnieta) 7.525 k.
4. Unai Lertxundi (Aia)     6.900 k.
5. Aimar Galarraga (Orio)     4.437,5 k.

Txinga-eroate txapelketa:
50 kiloko bi txinga eraman behar zituzten. Pronostikoak bete ziren:
1. Juan Joxe Agirregabiria (Lastur) 25 plaza
2. Andoni Zubiaurre (Mutriku) 11 plaza eta 17 metro
3. Juanjo Agudo (Urnieta) 8 plaza eta 15 metro 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!