Hauteskundetako emaitzak eskualdean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko eka. 1a, 11:10

Bilduren garaipen argia Andoainen: Garaipen argia lortu du Bildu koalizioak Andoainen, EHren garaiko emaitzai nabarmen gaina hartuz. Alderdi ezberdinen batuketei erreparatuta, ordea, aukerak zabaldik daude. Aldez aurretik argitzen ez bada behintzat, Ana Carrereren alkatetza ziurtatzeko ekainaren 11ra arte itxaron beharko da.

Bildu koalizioa:
2500 boto (7 zinegotzi)

Bildu koalizioa indartsu iritsi da Andoainera, 2500 boto eskuratuta, lehen indarra izateraino. Epe laburrean jakingo da Ana Carrerek gidatuko ote duen Udala datorren legealdian. Bilduk irabazi du aukera hori, baina ikusi egin behar zein bide hartzen duten gainerako alderdiek.
2007 urtean, 1500 boto pasatxo jaso zituen EAE-ANVk. 1000 gehiago eskuratu ditu aurten Bilduk.

PSE-EE:
2059 boto (6 zinegotzi)

Andoaingo PSE-EEk 300 boto pasatxo galdu ditu 2007ko Udal hauteskundeetako emaitzekin alderatuta. Galera horrekin batera, alkatetza eurek soilik bideratzeko aukera ere bai. Datozen egunetako mugimenduen baitan legoke etorkizuna.

EAJ-PNV:
1363 boto (3 zinegotzi)

EAJ-PNVk aurreko hauteskundeetan baino emaitza hobeak bereganatu ditu, ia 200 boto gehiago jasoz. Hiru zinegotzi izango ditu hurrengo legealdian udaletxean. Eurengan dago giltza, Udal erabaki garrantzitsuenetan.

PP:
561 boto (zinegotzi 1)

Aurreko emaitzetatik 20 boto galduta, udaletxean zuen zinegotzia mantenduko du PP alderdiak.

Ezker Batua-Berdeak:
369 boto (0 zinegotzi)

Aurreko hauteskundeetan Aralarrekin batera aurkeztu zen EB-Berdeak taldea. 627 boto jaso zituzten orduko hartan. Egunera etorrita, hasierako emaitzetan EB-Berdeak taldeak Andoaingo Udalean zinegotzi bat izango zuela uste bazen ere, azken kontaketetan PSE-EEko Fernando Narcisorentzat izan zen Sergio Barreirorena uste zen postua.

Aralar:
237 boto (0 zinegotzi)

Aralar taldeak ez du udaletxean zinegotzirik izateko adinako emaitza onik jaso Andoainen. Ordezkaritzarik gabe geratu da.

Hamaikabat!:
203 boto (0 zinegotzi)

Aurreko hauteskundeetan 525 boto eskuratu zituen EAk. Zatiketaren ondoren, Hamaikabatentzat baino boto gehiago izan da Bildurentzat. H1! taldeak ez du zinegotzirik izango datorren legealdian.

Hautagaien balorazioak
Jeltzaleek Andoain abertzalea dela adierazi zuten igande gauean. Sozialistek, bestalde, Bilduren agintaldia atzerapausoa izan daitekeela adierazi zuten hauteskundeen biharamunean. Bildu, ordea, dagokiona eskatzen ari da: zerrenda bozkatuena izan denez, alkatetza eskuratzea.
Ana Carreren ondoko hitzak izan zituen hauteskundeak eta gero: “Euskal Herriak erakutsi du aldaketa behar duela eta nahi duela. Horretarako konpromisoa hartu dugu Bilduko kideek eta horretan saiatuko gara hemendik aurrera”. Euren erantzukizunaren aurrean, ahalik eta ondoen lan egiten saiatuko direla aipatu zuen eta Bildu proiektuaren filosofiari ere egin zion aipamena: herritarrekin batera elkarlanean jarduteari, alegia.
PSE-EEko Estanis Amutxastegi azken legealdiko alkatek, Bilduk lortutako botoen aldea aitortu zuen lehenik. Orain, Udal osaketa berrian alderdi ezberdinen arteko aldea ikusi beharko dela gaineratu zuen: “Agintaldi berrian aukeraketa egin behar da: herria modernizatzen jarraitu edo Bilduren aurreikuspenei eutsi. Bilduren aldeko botoa eman dutenek, ideiarik ere ez dute atez ateko sistemak dakarren kostua zer nolako den”.
EAJ-PNVko zerrenda-buru Andoni Baltasarrek Andoaingo herria abertzalea dela aipatu zuen lehen balorazio modura, “gure alderdiari dagokionez, aipatu behar da gehiago espero genuela. Baina egia da orain lau urte baino 200 bat boto gehiago lortu dugula. Alde horretatik, beraz, emaitzak ezin dira txartzat jo”.

Datorren legealdiko hamazazpi zinegotziak
1.- Ana Carrere (Bildu)
2.- Ainara Rodriguez (Bildu)
3.- Pedro Unanue (Bildu)
4.- Aitziber Ugartemendia (Bildu)
5.- Mikel Izagirre (Bildu)
6.- Miren Agirreurreta (Bildu)
7.- Migel Lasa (Bildu)
8.- Estanis Amutxastegi (PSE-EE)
9.- Jose Luis Vela (PSE-EE)
10.- Toñy Landa (PSE-EE)
11.- Petri Romero (PSE-EE)
12.- Maider Lainez (PSE-EE)
13.- Fernando Narciso (PSE-EE)
14.- Andoni Baltasar (EAJ-PNV)
15.- Maria Jose Izagirre (EAJ)
16.- Eneko Urdangarin (EAJ-PNV)
17.- Asun Guerra (PP)

Bilduren garaipen ikusgarria Amasa-Villabonan
Espero baino askoz ere emaitza baikorragoak izan ditu Bildu koalizioak Amasa-Villabonan, eskualdeko eta Gipuzkoako gainerako herri gehienetan bezalaxe. Hauexek alderdiz alderdi, aurreko legealdietako emaitzekin alderatuta eginiko irakurketak.

Bildu koalizioa:
1587 boto (9 zinegotzi)

Bildu koalizioa tarte handiarekin nagusitu da Amasa-Villabonan, bigarren indar EAJ-PNVri 933 botoko aldea atereaz. Eskualdeko gainerako herrietan bezalaxe, alde nabarmenarekin gailendu eta alkatetza eskuratu du. 2007 urtean 1088 boto jaso zituen EAE-ANV alderdiak, sei zinegotzi lortuz. Oraingoan hiru gehiago izango ditu Bilduk. Garaipena hain argia izateko botoak boto-emaile berrietatik, abstentziotik, EB-Aralarretik eta EAJ-PNVtik ere jaso dituela pentsatzea logikoa da. Zenbakiak ikustea besterik ez dago. Dudarik gabe, herritarrek Bilduren aldeko apustu garbia egin dute eta zerrendako lehen bederatzi ordezkariek izango dute hurrengo legealdia bideratzeko ardura.

EAJ-PNV:
654 boto (3 zinegotzi)

EAJ-PNV alderdiak behera egin du Amasa-Villabonan nabarmen. 2007ko emaitzekin alderatuta, 175 boto eta bi zinegotzi galdu ditu. Ekainean abian jarriko den agintaldian hiru zinegotzi izango ditu EAJk, azken honetan baino bi gutxiago.

PSE-EE:
197 boto (zinegotzi 1)

PSE-EE alderdiak ia 50 boto galdu dituen arren, aurreko legealdian bezala, ordezkaria izango du udaletxean.

Ezker Batua-Berdeak:
85 boto (0 zinegotzi)

Duela lau urte, Aralarrekin batera aurkeztu eta 206 boto jaso zituzten bi taldeek bat eginda. Duela zortzi urte, berriz, bakarrik aurkeztu zen; 164 boto eskuratuz. Azken urteetan udaletxean izan duen ordezkaria galdu du azken hauteskunde hauetan EB-Berdeak taldeak.

PP:
119 boto (0 zinegotzi)

2007ko hauteskundeetan baino bost boto gutxiago lortu ditu PPk oraingo honetan. Eta azken legealdi honetan bezala, datorrenean ere ez du lekurik izango udaletxean.

Hautagaien balorazioak
Ekainaren 11tik aurrera Amasa-Villabonako alkate izango den Galder Azkue Bilduko kideak emaitzen inguruan balorazio oso baikorra egiten dutela aitortu du, “emaitza onak espero genituen, baina ez hainbestekoak; ez Amasa-Villabona mailan, ez Gipuzkoa nahiz Euskal Herri mailan ere. Oso pozik gaude, lanean hasteko deseatzen”. Era berean, herritarrak eskertu nahi izan ditu emandako babes eta konfiantzagatik, “ez diegu hutsik egingo. Kanpainan zehar aipatu ditugun parte hartzea eta kudeaketa ona bultzatzeko gure esku dagoena egingo dugu. Herritar guztientzat gobernatu nahi dugu” , adierazi du.
Nagore Puyadena EAJ-PNVko hautagaiak ere, euren balantzea egin du: “Gure aldetik zorionik beroenak Bilduri, Amasa-Villabonan izan duten arrakastagatik. Lortu duten gehiengoaren ondorioz, beraiek izango dute udaletxean nagusitasuna. Era berean, botoa eman digutenei eskerrak eman eta gure programako lana aurrera ateratzen saiatuko garela adierazi nahi diegu”.

Datorren legealdiko hamahiru zinegotziak
Ondorengo hauexek izango dira datorren agintaldiko Udal ordezkaritza osatuko duten Amasa-Villabonako zinegotziak:
1.- Galder Azkue (BILDU)
2.- Rosa Arregi (BILDU)
3.- Urko Arin (BILDU)
4.- Nora Urkizu (BILDU)
5.- Inazio Urreta (BILDU)
6.- Gorka Lizaso (BILDU)
7.- Laura Santos (BILDU)
8.- Juan Luis Irazusta (BILDU)
9.- Kontxi Arozena (BILDU)
10.- Nagore Puyadena (EAJ-PNV)
11.- Ibon Ariznabarreta (EAJ-PNV)
12.- Xabier Azkolain (EAJ-PNV)
13.- Maria Luisa Arija (PSE-EE)

Bilduren aldeko apustu garbia Zizurkilen
Indarrean sartu da Bildu koalizioa Zizurkilen eta emaitza paregabeak eskuratu ditu maiatzaren 22ko hauteskundeetan. Ondorioz, alkatearekin batera, beste zazpi zinegotzi izango ditu Bilduk hurrengo legealdian Zizurkilgo udaletxean.

Bildu koalizioa:
808 boto (8 zinegotzi)

Bilduk gehiengo nagusia lortu du alde handiarekin Zizurkilen; 2007 urtean, alderdien legearen ondorioz legez kanpo geratu zen EAE-ANVk jaso zituen 476 botoak ia bikoiztuz. Dudarik gabe, herritarrek Bilduren aldeko apustu garbia egin dute Zizurkilen eta beraz, Jose Mari Luengok hartuko du Zizurkilgo herriaren aginte makila, zerrenda bereko beste zazpi ordezkarirekin batera.

EAJ-PNV:
297 boto (2 zinegotzi)

Zizurkilgo kasuan, Bilduren begi-bistako garaipena bezala, EAJ-PNVren boto galera aipagarria da; Marian Lazkano buru duen zerrendak 300 boto eskas jaso baititu. 2007 urtean, 25 boto gehiago jaso zituen, baina EAE-ANV legez kanpo geratu izanaren ondorioz, alkatetza lortu zuten. Oraingoan, alkatetza galtzearekin batera, zinegotziak ere galdu egin ditu EAJk Zizurkilgo udaletxean. Datorren legealdian bi ordezkari izango dituzte.

PSE-EE:
125 boto (zinegotzi 1)

2007ko emaitzekin alderatuta, PSE-EE alderdiak ere bozka kopuruan behera egin du. Egungo 125 botoen aldean, duela lau urte 163 jaso zituzten. Aurreko legealdian zinegotzi izan zen Oscar Martínezek errepikatu egingo du PSE-EEko ordezkari moduan Zizurkilen.

PP:
58 boto (0 zinegotzi)

Aurreko hauteskundeetan bezalaxe, PP izan da azken indarra. Orduan 63 boto eskuratu zituen, oraingoan 58. Ez du zinegotzirik izango udaletxean.

Lehen balorazioak
Ekainaren 11tik aurrera, datozen lau urteetan alkate izango den Bilduko Jose Mari Luengo pozarren agertu da herritarren aldetik jasotako emaitzarekin, “hauteskundeak irabaziko genituela pentsatzen genuen, baina ez genuen hainbeste boto espero. Emaitzetan, herriak aldaketa nahi zuela ikusi da eta, dudarik gabe, Bildu sortu izana pozgarria izan da herritarrentzat: ilusioa ekarri du”. Jose Marik herritar guztiei eskerrak eman nahi izan dizkie eurengan jarritako konfiantzagatik, “ilusioz hasiko gara lanean. Jaso dugun babesa ikusita, oraindik eta ilusio nahiz konpromiso handiagoarekin”, azaldu du.
Azken bi legealdietan alkate izan den EAJ-PNVko Marian Lazkanok Bildu koalizioa zoriondu du, “programa ilusioz beteta egiteaz gain, jendea erakartzen jakin dute eta horrek errekonozitu beharreko meritua du. Lau urte dituzte orain euren programa lantzeko eta ilusio nahiz gogo hori agintaldian zehar mantentzeko zorterik onena opa diet”. EAJ-PNVren aldetik lanean jarraitzeko gogoa erakutsi du Marianek: “guk ere udaletxean jarraituko dugu eta oposizio positiboa egitea garrantzitsua iruditzen zaigu”. EAJ-PNVren boto jaitsieraren harira, Bilduk eragin duen ilusioa besteok egin duten lana baino gehiago baloratu dela uste du, “antzeko fenomenoak gertatu izan dira lehen ere eta, kasu honetan, argi geratu da nor izan den motor hori”, adierazi du.

Datorren legealdiko hamaika zinegotziak
1.- Jose Mari Luengo (BILDU)
2.- Nerea Lizarraga (BILDU)
3.- Eba Usandizaga (BILDU)
4.- Jose Manuel Izagirre (BILDU)
5.- Aritz Esnaola (BILDU)
6.- Leire Zubeldia (BILDU)
7.- Alaitz Ormazabal (BILDU)
8.- Mari Jose Etxeberria (BILDU)
9.- Marian Lazkano (EAJ-PNV)
10.- Egoitz Sorozabal (EAJ-PNV)
11.- Oscar Martínez (PSE-EE)

Asteasu Batuz, garaipen nabarmena
Azken lau agintaldietan ‘Bai Asteasuri’ taldeak agindu ondoren, herritarrek aldaketa eskatu dute eta Pili Legarra izango da Asteasuko alkate berria datozen lau urteetan.

Asteasu Batuz AB (Pili Legarra):
495 boto (6 zinegotzi)

Aukera ezberdinen artean, dudarik gabe, ‘Asteasu Batuz’ herri kandidaturak erakarri du asteasuar gehien; nagusitasun osoarekin lortu dute garaipena. Ondorioz, azken 16 urteetan alkate izan den Iñaki Amenabarrek alkatetza galdu eta Pili Legarrak bereganatuko du postu hori, talde bereko beste bost zinegotzi ondoan dituela.
2007 urtean, Asteasuko EAE-ANV legez kanporatua izan zen eta azken legealdian ez zuen ordezkaritzarik izan udaletxean. Hauteskunde haietan EAE-ANVren alde egin zuten 303 herritarrez gain, ia beste berrehun pertsonak egin du bat ‘Asteasu Batuz’ taldearen aldeko apustua. Gainerako aukeretatik ere jende ugari gerturatu dela ondoriozta daiteke, beraz, argi eta garbi.

Bai Asteasuri  BA (Iñaki Amenabar):
211 boto (2 zinegotzi)

‘Bai Asteasuri’taldea, EA, EAJ eta hainbat independenterekin batera aurkeztu izan da hauteskundeetara. 2007an 353 boto jaso zituzten guztira. Ia 150 boto gutxiago lortu dute oraingoan eta itxura guztien arabera, boto horietako asko ‘Asteasu Batuz’ taldearengana joan dira. BAk bi zinegotzi izango ditu datorren legealdian.

EAJ-PNV:
76 boto (Zinegotzi 1)

Azken legealdian zehar ‘Bai Asteasu’ taldearekin izandako ika-miken ondorioz, bakarka aurkeztea erabaki zuen EAJk. Zinegotzi bat izango du udaletxean.

PP:
6 boto (Zinegotzirik ez)


PSE-EE:
0 boto (Zinegotzirik ez)


Hautagaien balorazioak
Pozik agertu da Pili Legarra emaitzekin eta euren proiektua irabazteko prestatuta zegoela adierazi du, “sozialki behar nabaria zegoen Asteasun eta aldaketa espero genuen, baina ez hainbesteko boto piloa”. Era berean, EAJk ordezkaritza lortu duelako ere poza agertu du, Udala zenbat eta anitzagoa izan hobe dela uste baitu: “Asteasun alderdi bakarra egon da beti agintean eta oposiziorik gabeko Udalak ez dira onak”. Adierazi duenez, nabarmen ikusi dute herritarrek aire berria nahi zutela, “jendeak oso ondo ulertu du gure mezua, proiektua gustatu egin zaie. Eskerrak eman nahi dizkiet konfiantza erakutsi diguten guztiei. Gure asmoak benetan gauzatzen saiatuko gara, herritarra ahaztu gabe”, amaitu du. 
Iñaki Amenabarrek oraingoan euren lehentasuna alkatetza lortzea ez zela nabarmendu du, EA eta independenteen boto-emaileak ordezkatzea baizik, “PNV eta Ezker Abertzaleko herritarrekin identifikatuta sentitzen ez direnak ordezkatzea izan da gure helburu nagusia. Harritu egin gaitu emaitzetan hainbesteko aldea ateratzeak, baina orokorra izan da hori. Herritarrek aldaketaren alde egin dute eta errespetatu egin behar da. Irabazi ez badugu ere gustura geratu gara, EAko eta PNVko hainbat boto jaso dugu”, adierazi du. Luke Uribe-Etxebarriak lau ideia nabarmendu ditu: “1.- Eskerrik asko gure zerrendan konfiantza jarri dutenei. 2.- Zorionak Ezker Abertzaleari, oso garaipen nabarmena lortu dutelako. Pozgarria da sentsibilitate guztiak hauteskundeetan parte hartu eta herritarrek beren iritzia plazaratu izana. 3.- Emaitzek garbi erakutsi dute Asteasun aldaketa baten beharrean geundela. 4.- Orain arte landu dugun ildo eta estilo berean jarraituko dugu lanean, modu positiboan eta gardentasunez”.

Datorren legealdiko bederatzi zinegotziak
1.- Pili Legarra (Asteasu Batuz ‘AB’)
2.- Julen Larruskain (‘AB’)
3.- Jose Ramon Aierza (‘AB’)
4.- Xabier Olasagasti (‘AB’)
5.- Martin Roteta (‘AB’)
6.- Nerea Goikoetxea ( ‘AB’)
7.- Iñaki Amenabar (Bai Asteasuri ‘BA’)
8.- Antonio Arteaga (‘BA’)
9.- Luke Uribe-Etxebarria (EAJ-PNV)

Boto zuriak nagusi Adunan
Jakina denez, Adunan egoera bitxia bizi izan dute hauteskundeen harira, PP alderdia soilik aurkeztu baitzen Udala ordezkatzeko.

Adunan zentsatutako 346 herritarren artean gehiengo nagusiak egin du boto zuriaren alde: 287k hain zuzen. 12 boto jaso ditu PP alderdiak eta hiru botogatik ez da alkatetza eskuratzeko behar zuen %5era iritsi. Ez ohiko egoeraren aurrean, Foru Aldundiari dagokio orain Adunako Udala bideratuko duen taldea osatzea. Epe laburrean jakingo da datorren legealdiko ordezkarien berri.

Alkatearen balorazioa
Adunako alkate Arantza Aburuzaren ustez, herriak bere iritzia eman du eta boto zuriaren kanpainak eragina izan du hauteskundeetako emaitzetan, “PPk bi botogatik alkatetza ez eskuratzea anekdota hutsa izan da: hainbat herritarrek botoa ideologiagatik eman diote PPri eta beste hainbatek beste helbururen bat izango zuen. Orain herritarren eta Foru Aldundiaren esku egongo da Udalaren ondorena”. Herria ordezkatuko duen taldea osatu bitartean, oraingo Udal gobernua funtziotan mantenduko dela jakinarazi du Arantzak, “ez dugu udaletxea bakarrik utziko. Hala ere, datorren legealdiari begira Udalean jarraitzea guri egokituko balitzaigu, hobeto aztertu beharko genuke gaia”, azaldu du.

Alkate ohiaren balorazioa
Jabier Zabalak, Arantzaren aurretik 28 urte udaletxean egin zituen adunarrak, balorazio positiboa egin du jasotako emaitzen inguruan, “herritarrek oso ondo erantzun dute, bazekiten zer egiten zuten eta gehiengo nagusiak eman du botoa: zentsatutako 346 herritarretatik 300ek”. Jabierren ustez, PPk Adunan jaso dituen boto gehienak ez dira haien ideologiarekin lotutakoak izan, “PPk 15 boto behar zituen alkatetza eskuratzeko eta 12 jaso ditu azkenean. Nire iritziz PPko boto horiek ez dira naturalak izan inondik ere, aurrez askoz ere gutxiago atera izan dituztelako beti: bat edo beste. Adunako sektore batek, ordea, Udalaren kontra egin eta PPri eman dio botoa. Nire ustez hanka-sartze galanta da: jokoan zegoena ez baitzen Udalaren jarraikortasuna, kanpokoak sartu edo ez erabakitzea baizik”. Foru Aldundiaren esku egongo da epe laburrean Adunako egoera bitxiari irtenbidea ematea, “Gipuzkoan kasuistika ezberdinak daude eta ikusi egin beharko da zer gertatzen den Adunako kasuan. Hala ere gauza bat dago argi: herritarrak izango direla Udala kudeatuko dutenak”, adierazi du. Jabierrek, boto zuriaren aldeko kanpaina egin dutenen izenean, eskerrak eta zorionak eman dizkie herritarrei eman duten erantzunagatik.

Mujika, alkate bigarrenez
‘Larraul Aurrera’ (LA) taldearen aldeko hautua egin dute. Bigarren legealdiari ekingo dio, beraz, Xabier Mujikak ekainetik aurrera.

Larraulen, bi Udal taldek hartu zuten parte maiatzaren 22ko hauteskundeetan. Karlos Irazu buru zuen ‘Herri Aukera’k (HA) batetik eta Xabier Mujikak gidatutako ‘Larraul Aurrera’k (LA) bestetik. Maiatzaren 22ko emaitzak ‘Larraul Aurrera’ (LA) taldearen aldekoak izan dira eta, ondorioz, Xabier Mujikak gobernatuko du Larraulgo udaletxea datozen lau urteetan, bigarren agintaldiari hasiera emanez.
‘Larraul Aurrera’ taldeak 86 boto lortu ditu, 61 ‘Herri Aukera’k. Zentsatutako 173 larrauldarren artean gehiengoak eman du botoa: 147k hain zuzen. Boto zuri bat eta baliogabe bat tarteko, 25 botoko aldearekin nabarmendu da ‘Larraul Aurrera’ (LA).
Ondorioz, ‘Larraul Aurrera’k alkatea eta hiru zinegotzi eta ‘Herri Aukera’k hiru zinegotzi izango dituzte datorren Udal gobernuan.

Hautagaien balorazioa
Xabier Mujikak talde bezala emaitzarekin pozik daudela adierazi du eta herritarren partaidetza nabarmendu nahi izan du batik bat: “larrauldarren %86ak eman du botoa eta guztiaren gainetik, horixe azpimarratuko nuke: herritarren parte hartzea”. Emaitzetan herriaren nahia islatu dela aipatzearekin batera, aurrerantzean, denak elkarrekin lanean hasteko asmoa eta gogoa erakutsi ditu.
Karlos Irazuk, aurrera begira, bi taldeek herriaren alde lanean jarraitu behar dutela nabarmendu du, “etorkizunera begira gaude eta orain arte proposatu ditugun gaiak ez ezik, etorkizunean etorriko direnak lantzen ahaleginduko gara”. Hauteskundeetan larrauldarren parte hartzea nabarmentzekoa izan dela uste du Karlosek ere: “oso positiboa da hainbesteko partaidetza. Herritar guztiei eskerrak eman nahi dizkiegu; gu babestu gaituztenei bereziki”.

Datorren legealdiko zazpi zinegotziak
Ondorengo hauexek izango dira datorren agintaldiko Udal ordezkaritza osatuko duten Larraulgo zinegotziak:
1.-    Xabier Mujika (Larraul Aurrera ‘LA’)
2.-    Igor Barandiaran (Larraul Aurrera ‘LA’)
3.-    Gotzon Jauregi (Larraul Aurrera ‘LA’)
4.-    Imanol Aranzabal (Larraul Aurrera ‘LA’)
5.-    Karlos Irazu (Herri Aukera ‘HA’)
6.-    Aritz Usandizaga (Herri Aukera ‘HA’)
7.-    Jon Tejeria (Herri Aukera ‘HA’)
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!