Bost pauso soilik
‘Irakurri, Gozatu eta Oparitu’ egitasmoaren helburu nagusia, irakurzaletasuna bultzatzea da, plazera nahiz uda giroa uztartuz. “Udan denbora gehiago izaten da liburuak irakurtzeko eta ekimen hau polita izan daiteke liburuak aparteko motibazioarekin eskuratzeko: deskontuarekin, alegia”, azaldu du Anek. Haatik, euskal literaturaren kontsumoa (norberarentzat nahiz ondokoari oparitzeko) bultzatzearekin batera, liburutegietako mailegu sistema indartzea ere xede nagusien artean legoke. Anek gogoratu duenez, “askotan liburuak erostea kosta egiten bazaigu ere, liburutegitik maileguan hartzeko aukera guztion eskura dago”. Publiko zabalari zuzendutako ekimena da, 2 urtetik 99 urtera bitarteko pertsonei. Pauso gutxi batzuk emanda, etekin polita eskura daiteke: 1.- Udal liburutegian liburua maileguan hartu. 2.- Irakurri eta gozatu. 3.- Liburutegian liburua itzultzerakoan jasotako galderen orritxoa bete. 4.- Beherapen-txekea eskuratu eta herriko liburu-dendaren batean nahi den liburua erosi. 5.- Liburu berria irakurri eta gozatu, edota nahiago bada adiskideren bati oparitu. Bai horixe: liburutegian maileguan hartutako liburua irakurri ostean betetako galdera orritxo bakoitzarengatik, irakurle orok nahi duen euskarazko liburua erosteko %25eko deskontua duen beherapen-txartela jasoko du eta Larramendi Bazkuneko bazkideak %50ekoa. Dudarik gabe, herritarrak dinamika hain erraza dela konturatzea oso garrantzitsua dela uste du Anek eta parte hartzeko deia luzatu du.
Elisabet Escribano:
“Aprobetxatzeko moduko ekimena da”
Asteasuko Mattin liburu-denda lehen aldiz ari da ekimenean parte hartzen. Elisabet Escribano dendariak adierazi duenez, orain artean ez zaio beherapen-txartelik eskuratu duen herritarrik gerturatu. Hala ere, batek baino gehiagok galdetu dio ekimenaren inguruan, “interesa erakutsi duten herritarrei azalpenak eman dizkiet nik. Eskolatik gazteei bidaltzen dizkieten liburuei zuzenduta, ekimen egokia iruditzen zait. Euskaraz irakurtzea gogoko duten herritarrei begira, aprobetxatzeko modukoa ere bai. Bestalde, euskara ala gaztelaniazko liburuak irakurtzea axola ez zaien irakurleen kasuan, euskarazko liburuen alde egitera animatuko nituzke”, gaineratu du.
Maria Pilar Aranburu:
“Ekimenak martxa hartuko duela pentsatzen dugu”
Iaz ekimenaren baitan mugimendua sortu zen bezala, aurtengo edizioa nahiko pobre hasi dela aipatu du Maria Pilar A ranburu Amasa-Villabonako Udal bibliotekako liburuzainak. “Joan zen urtean irakurle ugarik hartu zuen parte. Haurrak eta haien gurasoak etorri ziren batik bat. Aurten, oraingoz, ez du inork guk emandako galderen orria bete”. Maria Pilar eta Mari Jose Goikoetxea lankideek, ikastetxeetako kanpaina abian jarri ondoren erantzuna susta daitekeela uste dute, “ekimena bukatzeko oraindik bi hilabete geratzen direnez, martxa hartuko duela pentsatzen dugu”. Liburuzainen esanetan merezi du ekimenean parte hartzeak, liburutegiko mailegu sistema indartzeko baino gehiago, liburuen kontsumoa bultzatzeko, “Amasa-Villabonako Udal bibliotekan ondo txertatuta dago maileguan liburuak hartzeko ohitura. Erantzun horri begira, gainera, duela sei hilabete, 15 egunetik hilabetera luzatu genuen liburu nahiz DVDak etxean eduki ahal izateko epea. Gure ustez, ekimenak eragin gehiago du liburuak erosteko ohitura bultzatzeari begira”, azaldu dute.
Lau herri, zazpi liburu-denda
Beterri-Aiztondo eskualdean lau herrik eta zazpi liburu-dendak egin dute bat aurtengoan ekimenarekin. Hain zuzen ere:
- Andoain: Stop, Ernaitza eta Delgado liburu-dendak.
- Amasa-Villabona: Kazetaria eta Basajaun liburu-dendak.
- Asteasu: Mattin liburu-denda.
- Urnieta: Eder liburu-denda