Beste hainbat adunarrekin batera, Patxi Ormaetxea eta Antton Artola gogo onez ari dira Jabierri esker ona adierazteko jaialdia antolatzen. Bata zein bestea hainbat urtetan izan da zinegotzi Jabierren ondoan: 12 urtez Patxi, 8z Antton. Haatik, Jabierrek herriarekiko izan duen inplikazioa beste maila batekoa izan dela uste dute biek ala biek: “28 urte luze eta oparo eskaini dizkio Jabierrek herriari. Horietatik 16 alkate gisa eta beste 12 zinegotzi lanetan. Udala utzi eta ondorengo lau urteetan ere, udaletxeko martxa hasiberriei erakusten ahalegin handia egin zuen”, adierazi dute. Udaletxeko kideak ez ezik, Udalean Zabalarekin lan egin ez duten herritar ugarik ere bat egin du jaialdiaren antolaketarekin eta herritar asko, asmoaren berri jakin duenean, poztu egin dela aipatu dute elkarrizketatuek. “Egia esan, aspaldidanik geneukan jaialdia antolatzeko asmoa eta agintaldi bat bukatu eta bestea hasteko tarte hau egokia izan zitekeela pentsatu genuen”, aipatu dute. Patxi eta Anttonen ustez, askotan izen handia duten pertsonei edozer gauzagatik egiten zaizkie omenaldiak eta asko dira herrietan borondatezko lan isila urte luzetan egin duten herritarrak: Jabier, horietako bat.
Diziplina handiko gizona
Nabarmendu dutenez, herri ingurura begiratu besterik ez dago Jabierren lanaren emaitzak ikusi ahal izateko, “bai plaza ingurua, mendialdea, industrialdea, eskolak…, garapen handia izan du Adunak azken 32 urteotan. Kanpotik etorritako herritarrek nahiz Aduna beti horrela ezagutu duten gazteek ez dakite zer nolako lana egin behar izan den atzetik. Dudarik gabe, Adunako berrikuntzen bultzatzaile nagusia izan da Jabier”, adierazi dute. Hainbeste urtetan udaletxearekin hain lotuta egotea ez ezik, hain diziplinatua izatea kontuan hartzeko ezaugarria dela uste dute: “Batzarretara gaiak aurrez landuta ekarri izan ditu eta bere iritziak defendatzeko kapazitate handia erakutsi du. Herrian bezala eskualde mailan ere itzal handiko gizona izan da, erreferente kasu askotan. Esaterako, Tolosaldeko Mankomunitatean, sorreratik aritu zen lanean eta beste gaietan bezala, %100 inplikatu zen ardura haren aurrean ere”. Adunari dagokionez, bizikidetzaren alde lan handia egin duela nabarmendu dute, “Udalean independente gisa lan egiteko modua bultzatu du beti Jabierrek. Bakoitza bere ideiekin, baina Aduna, elkarbizitza oneko herria izan dadin lortzea izan da bere nahi nagusia. Herri txikiak ahul ez daitezen, banatu beharrean gehitzearen aldekoa izan da. Jabierrek ideologia guztietako herritarrengana iristeko ahalmena izan du: ezker nahiz eskuin”.
Ekitaldia eta bazkaria
Ekainaren 5ean, igandearekin, eguerdiko 12:00etan emango zaio hasiera jaialdiari. Patxik eta Anttonek ekitaldi xumea baina gertukoa izango dela aurreratu dute. Hainbat herritarrek hartuko du parte bertan, gazte eta heldu. Besteak beste, dantzak, musikak, hitzak edota bertsoak izango du tartea eguerdian. Ondoren, izena eman duen oro, Aburuza sagardotegian elkartuko da bazkaltzeko. Adunar guztiak ez ezik, eskualdeko herritarrei ere parte hartzeko deia luzatu diete antolatzaileek.