Irati Guarretxena, moda diseinatzailea

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko eka. 1a, 10:55

Lanean buru-belarri dabil diseinatzaile andoaindarra: Andoaingo Gudua antzezlanerako jantzien diseinuaren ardura hartu du eta LeTitare marka abian jarri berri du, sarean zein Donostiako Bretxan ikusgai dagoena.

2012ko irailean egin nahi omen dira Andoaingo Guduko lehenengo probak, eta ordurako jantziak prest izan behar omen dituzue. Zer moduz doaz lanak?
Jantzitegi taldekoekin batera patroiak moldatzen aritu naiz orain arte. Proba asko egin eta patroi ona aurkitutakoan pasatzen da hori oihalera. Jostunen laguntzaz bi prototipo prestatu ditugu herriari aurkezteko, karlistena bata eta liberalena bestea.

Aterata dauden patroi horien inguruan ezer aurrera al dezakezu?
Zumalakarregi museora joan ginen garai hartako uniformeen inguruko informazioa jasotzera: neurriak, botonadurak, bestelako xehetasunak... Han ikusitakoarekin uniformeak definitu genituen eta horren arabera patroiak ateratzen hasi ginen. Hori bai, patroi batzuk oso antzekoak dira, garai batean lebitek, jakek eta orokorrean jantzi gehienek antzeko forma baitzuten; koloreak, oihalak eta batailoi bakoitza besteengandik bereizten zuten botonaduren eta medailoien ikurrak eta armarriak ziren aldatzen zirenak. Karlista asko herritar boluntarioak ziren, eta hauen jantziak ez ziren hain uniformatuak; askotan hildako soldaduei kendutako jantziak ere erabiltzen zituzten. Uniformeen patroietatik urrunduta, beraz, azken hauen jantziak eta herritarrenak ere finkatu behar dira, Euskal Herrian garai hartan erabiltzen ziren arropak kontuan hartuz.

Jende askok hartuko du parte Andoaingo Guduan. Jantzi asko, beraz, josi beharrekoak…
Bai, lan asko dago egiteko, beharbada urtebetean 200 uniforme baino gehiago egin beharko dira. Eta zentzu horretan benetan eskertzekoa da josten aritzeko hainbeste herritar prest agertu izana. Gaur egun gero eta jostun gutxiago dago; orain arte ia denok izan dugu josten zekien amona edo izebaren bat, baina gaurko gazteen artean ia inork ez daki josten. 10-15 bat jostun izango ditugula uste dut, eta hori asko da, ez nituen erdiak ere espero. Gainera, Larramendi Bazkunak tailer modura erabiltzeko txoko bat ere jarri digu, makinak bertara eraman eta denok elkarrekin lanean aritzeko.

Beraz, behin patroiak aterata, zeri ekingo diozue orain?
Hurrengo pausoa uniforme bakoitza zehaztea izango da, parte hartuko duten elkarteei eta jendeari erakusteko. Uniforme bakoitza nolakoa izango den ondo zehaztu behar da. Oihal mota bat edo bestea aukeratzeak, esaterako, garrantzi handia du eta horretarako jantzi hori zertarako erabiliko den argi izan behar da: jantziari zenbateko errealtasuna emango dion, museo batean erakusteko den ala benetan erabili egingo den… Gure kasurako beharbada egokiagoa da garai batekoen itxurara hurbiltzen den, baina aldi berean iraunkorra den oihala, behin eta berriz erabiltzeko aukera emango duena, bigarren aldian apurtuko ez dena.

Andoaingo Gudua alde batera utziz, LeTitare marka edo izena sortu berri duzu…
Une honetan martxan jartzen ari naiz, bai. Bartzelonan ikasi nuen Moda Diseinua, ondoren Londresen amaitu nuen bukaerako proiektua, baina urte polit haiek pasa eta gero etxera itzultzea erabaki nuen, hemen bilatu nahi bainuen nire txokoa. Oso zaila da, ordea, hemen arlo horretan lanen bat aurkitzea, oso laguntza gutxi baitaude. Baina sekulako zortea izan eta lokal hau eskaini didate, eta orain hasi naiz LeTitare izenarekin kolekzio txikiak egiten. Sarean ere ikus daitezke nire diseinuak (http://www.letitare.com/), nire ustez, gaur egun jendearengana iristeko modurik onenetakoa baita Internet, jendea ez da hona zure lana ikustera etorriko. Une honetan hurrengo negurako eta udarako kolekzioak egiten ari naiz, oihalak begiratzen… Egia esan, Euskal Herrian oihalen inguruan ez dago aukera handiegirik; denda txikiak badaude norberarentzat jantzi batzuk egiteko nahi beste oihalki eskaintza dutenak, eta momentuz horietara jo dut. Baina ekoizpen handiago bati begira, tela hornitzaileak behar dira, oihal horiek josiko dituzten tailerrak…, eta hemen alde horretatik ez dago erraztasun handirik. Horregatik, Madril eta Bartzelona aldean ari naiz begira.

Ofizio honetan hasi nahi dutenentzat Euskal Herrian aukera gutxi dagoela esan duzu…
Esango nuke orain ari dela kontua zertxobait mugitzen. Esan bezala, nik sekulako zortea izan dut lokal honekin. Bretxan hutsik zeuden hainbat lokal diseinatzaile gazteei eskaini dizkigute; zerrenda batean izena eman eta hautaketa bat egiten dute. Laguntza handia da bai zure lana merkatura zabaltzeko, baita profesionalki leku bat finkatzeko ere. Bestetik, urri aldera Kultur Moda ospatuko da Donostian, bigarren urtez, eta bertan desfile txiki bat egiteko aukera ere izango dut, nire kolekzioa aurkezteko. Beraz, badirudi mugimendua sortzen ari dela, eta hori benetan pozgarria da, orain arte egon den hutsunea betetzen hasteko pausoak ematen ari baitira.

Zure ustez zergatik egon da hutsune hori?
Alde batetik, beharbada, ez da gehiengo batek hautatzen duen ogibidea, baina litekeena da asmo hori zuten guztiak hemendik kanpora joatea ere, hemen oso laguntza gutxi dagoelako, ez dakit… Euskal Herrian badira izen handia lortu eta gaur egun modaren erreferente bilakatu diren diseinatzaile asko, Ion Fiz, Miriam Ocariz edo ospe handiena lortu zuen Balenciaga bera. Hala ere, azken urte hauetan mundu honen inguruan dabilen jende gehixeago aurki daiteke. Nik Moda Diseinua ikastea erabaki nuenean ez nuen une batez ere hemen geratzea pentsatu, garbi nuen Bartzelonara joango nintzela, hura izan baita estatu mailan punturik indartsuena, moda kontuei dagokienez, noski. Euskal Herrian beharbada orain arte Bilbo izan da mugimendu gehien izan duen hiria, baina, lehen esan bezala, hemen ere zerbait badabilela dirudi, eta joera horrek jarraipena izango duela uste dut.

Datorren negu eta udarako kolekzioa prestatzen ari zarela aipatu duzu. Nolakoa izango da?
Bi kolekzio ditut buruan. Kultur Modarako zerbait kontzeptualagoa egin nahi dut, azkenean erakusketa bat baita. Desfile baterako kolekzioa prestatzen duzunean zerbait kontzeptualagoa egiten saiatzen zara, esanahi bat izan dezala, erakusten duzun horrek zerbait transmiti dezala. Kolekzioa dendan salgai jartzeko bada, berriz, erakutsitako kontzeptu hori sinplifikatu eta komertzialago bihurtzen duzu. Askotan desfile famatuetan ikusten ditugun jantzi horiek ez ditu gero inork janzten, noski, hor helburua zure ideia botatzea baita, arreta erakartzea, zerbait artistikoagoa eginez. Zentzu horretan, bereizi egingo nituzke helburu horrekin diseinatzen dena eta janzteko diseinatzen dena. Ez nuke esango azken hau artea denik: jantzi horiek behar bat dira, behar horri begira diseinatzen dira, eta behar bati begira egina dagoenean, ez da artea, nire iritziz. Orain prestatzen ari naizenaren zati bat artistikoagoa da, desfileetarako izango dena. Desfilea lehen aipaturiko komunikazio horri bide emango liokeen look batekin irekitzea pentsatzen ari naiz, erradikalagoa izango dena eta nire ideia botatzeko aukera emango didana.

Esklusibitatearen aldeko apustua
Bere kolekziotik zer nabarmenduko lukeen galdetuta, esklusibitatea aipatu du Iratik. “Beste aukera bat da, komertzio handiek eskaintzen dutenaren aurkako aukera, tendentzietatik urruntzen dena. LeTitarek egungo modaren beste alternatiba bat eskaintzen du, zentzugabeko tendentzietatik alde eginez. Esklusibitateari garrantzia ematea da helburua, diseinu bakoitzetik ale bakarra egiten dut. Ekoizle erraldoien dendetan arropa oso merke aurki dezakezu, aukera guztiz zabala da, eta pasareletan ikusitako diseinu bat oso egun gutxiren buruan dendan salgai jartzea lortzen dute, baina oso erraza da zure ondokoak jantzi berbera izatea. LeTitare bilduman jantziak hemen egindakoak dira, eskuz eginak eta bakarrak. Azken finean erosleak baditu bere irizpideak, berak erabakitzen du nora jo. Nik esklusibitatearen aldeko apustua egiten dut eta ahal dudan neurrian hori mantendu nahi dut”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!