Teresa del Valle, Berdintasunerako Emakunde Saria

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko eka. 1a, 10:41

Joan den apirilean Berdintasunerako Emakunde Saria jaso zuen emakumeen errealitatearen ikerketan eta zabalkundean egindako lanagatik.

Estatu Batuetan eman zenion hasiera zure ibilbide akademiakoari, zure belaunaldiko emakumeen artean nahiko ezohikoa zena…
Estatu Batuetako esperientzia hura bizi izan ez banu, gaur ez nintzatekeen naizen pertsona izango eta ez nituzkeen ditudan interesak garatuko, ezta gaur egun munduaren eta euskal gizartearen inguruan dudan ikuspegia ere. Alderdi intelektual batetik sekulako erronka izan zen niretzat, ordura arte ezagutzen ez nuen mundu batera hurbiltzeko eta beste kultura batzuk ezagutzeko aukera benetan interesgarria zitzaidan. Ez diot, noski, zailtasunik egon ez zenik: Estatu Batuetan hasi nintzen ikasketak egiten, gaur egun hemen Historiako gradua litzatekeenaren parekoa eta ondoren Arteko espezializioa, aldi berean hizkuntza ikasten nuen bitartean… Baina sekulako esperientzia izan zen.

Geroago Mikronesiara eta Hawaira joan zinen…
Beste kulturekiko harremana, eta bereziki kultura ozeaniarrekikoa, oso esperientzia garrantzitsua izan zen niretzat. Mikronesian irakasle lanetan aritu nintzen Guam-go unibertsitatean. Bertan Pazifikoko uharte ezberdinetako ikasleak elkartzen ziren eta kultura ezberdinen nolabaiteko mikrokosmos baten antza hartzen zuen. Antropologo gisa nire tesirako kanpo lana ere bertan egin nuen, uhartearen hegoaldean zegoen herrixka batean hain zuzen. Euren ohiturak eta, niretzat garrantzi handia zuena, lurraren jabetzaren sistema aztertu nituen bertan. Azken hau azpimarratu nahi nuke, uharteetako gizarteetan lurrak balio handia baitauka; balio ekonomikoa badu, noski, baina baita balio sinbolikoa ere, jendearen identifikazio prozesuekin oso lotuta dago. Lurra belaunaldiz belaunaldi nola pasatzen zen aztertu nuen, baita kolonizazio garaietan jendeak horri begira garatu zituen estrategiak ere.

Hawaiin kulturen arteko harreman hori zabaltzeko aukera izan zenuen…
Hawaiiko unibertsitatean bekadun egon nintzen lau urtez, Iparramerikako gobernuak finantzaturiko East-West Center delakoan. Bertan 32 herrialde ezberdinetako jendea bildu ginen, Asia hego-mendebaldekoa, Pazifikokoa eta Estatu Batuetako zonalde ezberdinetakoa. Han izan nuen lehenengo harremana gaur egun askoz gehiago ezagutzen ditugun Afganistango edo Pakistango kulturekin. Egunerokotasunak gutako bakoitzak bizitza ulertzeko modu ezberdinak genituela erakusten zigun, gure harremanak ezberdinak zirela; emakume talde bat ere osatu genuen, nork bere sorterrian bizitako sozializatze prozesuari buruz gogoeta egiteko… Garai hartan izan nuen lehenengo hartu-emana feminismoarekin ere; ez ordea feminismo militantearekin, Simone de Beauvoir-en Bigarren sexua bezalako lanen inguruan sortzen ari ziren korronteetatik hurbilago zegoenarekin baizik.

Eta Hawaiin Barack Obamaren ama ezagutu zenuen…
Aipatu dudan bezala, herrialde ezberdinetako jendea geunden East-West Center delakoan, eta haietako bat Ann Dunham zen, Barack Obamaren, Estatu Batuetako egungo presidentearen ama. Programa berean geunden eta bera Indonesian espezializatu zen. Oso gazte hil zen, 90eko hamarkadan, baina tesi bikaina burutu zuen Indonesiako herrietako tokian tokiko artisautzen eta horiek sistema ekonomikoarekin zein ospe sistemarekin zuten harremanaren inguruan.

Andamios para una nueva ciudad lanean hirietako espazioaren antolamendua ikertu zenuen…
Korrikari eskainitako denboraren ostean, lurra eta jabetzaren inguruko tesian lantzen hasia nintzen lurraldearen gaiari heldu nahi nion; ikuspegi feministarekiko nuen interesa hirietako espazioaren antolamenduarekin uztartu nahi nuen, eta antolamendu horrek, nire susmoen arabera desorekatua zenak, emakumeek gizonekin alderatuta hirian mugitzeko zituzten ezberdintasunekin zerikusirik ba ote zuen ikertu nahi nuen. Guztiz ezberdinak ziren bi hiri hartu nituen eredu gisa ikerketarako, Donostia eta Bilbo, eta batean zein bestean espazioa nola antolatzen zen aztertu nuen: non zeuden emakumeak eta non gizonak eta zein ziren batzuen eta besteen erreferentziak hiriko testuinguruan. Lan horretan, espazio pribatua emakumearena dela eta publikoa gizonari dagokiola dioen dikotomia hori apurtzen ere saiatu nintzen; alde batetik, dikotomia hori hirian nola islatzen zen ikusi nuen, baina beste alde batetik, berau zalantzan jartzen zuten zenbait talde bazeudela ere ohartu nintzen. Isla horren adibide lirateke kale-izendegiak: emakumeen presentzia oso mugatua zela ikusi ahal izan nuen, azaltzen ginen kasu bakarretan erregina edo santuren baten izena agertzen zen. Zerbait garrantzitsua egin izanagatik agertzen ziren izen eta abizenak gizonezkoenak ziren gehienetan. Emakumeak hiria okupatzen hasiak zirela adierazten zuten zenbait kasu ere aipatuko nituzke, Lilatoia esaterako. Lilatoiak eremu pribatuaren eta publikoaren arteko banaketa hori gainditzea adierazten du; emakumeok hiriko erdigunean ere ibili nahi dugula aldarrikatzen dugu, ez kanpoaldean bakarrik. Bestetik, eskoletako jolastokiak ere aztertu nituen, espazio hori nola okupatzen zen, zein ziren ate edo bestelako seinaleen bidez gunea markatua zuten kirolak eta zein toki hartzen zuten bestelako kirol eta jolas batzuek. Futbolean jolastokiaren erdi-erdian ari ziren mutilak, neskak gomarekin inguruan zeuden bitartean. Eta jolastokietako antolamendu hau hiri osoan gertatzen zenaren isla garbia izan zitekeen.

Boterera iristeko moduetan ere ezberdintasun nabarmenak aurki daitezke gizon eta emakumeen artean…
Mujer vasca, imagen y realidad lanerako egindako ikerketan hasi ginen boterearen gaia aztertzen. Lan horretan emakumearen ikuspegitik aztertu nuen boterea; gizarteetan boterea oso modu ezberdinetan banatzen edo antolatzen dela ikusiz, are gehiago gizon eta emakumeen arteko harremanaz ari bagara. Eta ikusitakoaren arabera, ez nuke esango gizonezkoek botererako gaitasun gehiago dutenik; gertatzen dena da boterera iristeko sistema ezberdin eta desorekatuak sortzen dituztela gizarteek. Alde batetik, egituratuta dauden sistema baten bidez irits zaitezke boterera: hauteskundeen bidez edo ezagutza jakin batzuen jabe zarela frogatu behar duzun oposaketen bidez, esaterako. Kasu hauetan askoz errazagoa da emakumearentzat modu parekatuago batean boterera iristea. Aitzitik, badira hain egituratuta ez dauden beste modu batzuk, edo zenbait irizpide egon arren beste faktore batzuk ere jokoan sartzen dira: ezagutzen duzun jendea, zure inguruko sareak, egoerak…. Kasu horietan emakumeak desabantaila egoeran gaude: emakumezko bat botere postu bat hartzera doanean askotan galdetzen zaio familiari begira zer nolako aurreikuspenak dituen, umerik izateko asmorik ba ote duen. Gaurko gizartearen antolamenduari begiratzen badiogu, ezberdintasun handia dago eremu pribatuaren eta publikoaren artean; pribatua (emakumeari ‘eransten’ zaiona) haurren ardura eta heziketarekin lotzen da, eta hori ez dator bat lan esparruarekin. Horregatik da hain zaila bizitza pertsonala eta profesionala uztartzea, batak eskatzen duen denbora eta besteak eskatzen duena ez baitira bateragarriak une honetan. Ardura edo botere postuak dituzten emakumeek sekulako ahalegina egin behar dute bi eremuak, etxekoa zein lanekoa, aurrera ateratzeko; emakume horiek erakusten duten indarra benetan harrigarria iruditzen zait. Gaur egun, bizitza pertsonala eta profesionala uztartu nahi dituen emakumeak zailtasun handiak ditu.

Korrikari buruzko liburua
1978an etxera itzuli zenean, Korrikari buruzko azterketa egiten hasi zen Teresa del Valle, eta Korrika, rituales de la lengua en el espacio liburua liburua izan zen azterketa horren emaitza. “Garai hartan lehenengo Korrikaren antolakuntza lanetan buru-belarri zebiltzan. Lehen edizio hartan parte hartu nuen eta hasieratik interesatu zitzaidan ikerketarako gai gisa, ez euskararen aldarrikapen bezala soilik, baita lurralde oso bat zeharkatu eta hiri eta landa eremuen arteko mugetatik haratago doan mugimendu bezala ere. Korrika ezberdinak jarraitzen hasi nintzen eta laugarrenean, talde baten laguntzarekin, sakonki aztertzea erabaki nuen: laugarren Korrika hura lehen egunetik azkeneraino jarraitu genuen, Atharratzetik Iruñeara, eta orduan idatzi nuen liburua. Ikerketa antropologiko bat da, hizkuntzaren eta lurraldearen garrantzi sinbolikoaren eta honek testuinguru politikoarekin duen harremanaren ingurukoa. Hizkuntzaren eta lurraldearen artean maila sinbolikoan sortzen den harremanaren garrantzia azpimarratuko nuke; esaterako, muga zeharkatzea nola erritu bihurtzen den hizkuntza lurralde-zatiketen gainetik dagoela sinbolizatzeko. Bestetik, Korrikan argi eta garbi islatzen da euskal gizarteak une horretan bizi duen egoera; adibidez, lehenengo Korrikan, alderdi politiko ezberdinek euskararen aurrean duten jarreran nolabaiteko adostasuna nabari da, baina euren artean sortzen doazen liskarrak ere laster nabarmentzen diren hurrengo Korriketan”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!