Patxi Alkorta, bizi osoa kirolari lotuta

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko eka. 1a, 10:33

Patxi Alkorta zizurkildarra, agian Patxi Panadero moduan ezagunagoa, maiatzaren 16an zendu zen bihotzekoak jota, 64 urte zituela. Kirolaren alde lan handia egin zuen bere bizitzan zehar.

Bergaran jaio bazen ere, umetan etorri ziren Patxi eta bere senideak Zizurkilera bizitzera. Elbarrena auzoan okindegia zuten etxekoek eta bertan egin zuen lan urte luzetan. Ama Zizurkilgo okindegian aritzen zen lanean seme-alabekin batera eta aita Bergara eta Zizurkilgo okindegien artean ibiltzen zen. Kotxerik ez zuen garaian, Patxik etxez etxe bizikletaz banatzen zuen ogia eta lan horren harira jaso zuen Patxi Panadero izengoitia.

Txirrindularitzari lotuta
1960ko hamarkadaren hasieran, Zizurkilen kirol mugimendua sustatzeko, hainbat herritarrek, Bartolo apaiza tartean zela eta Villabonako Loatzo kirol elkarteak lagunduta, Danena txirrindulari taldea osatu zuten. Urte batzuk geroago, 1969tik 1990 hamarkada arte, taldeko lehendakari izan zen Patxi eta berekin batera beste dozena erdi pasatxo herritar aritu zen taldearen alde lanean. 80ko hamarkadan bereziki, izen handia bereganatu zuen Danena txirrindulari taldeak eta ospe handiko txirrindulariak izan zituen bere baitan: Mujika, Cabestany, Delgado, Lejarreta…, beste askoren artean. Sona handiko hainbat txapelketa ere antolatu zituzten: Esaterako, 1976 urtean XXXI. Espainiako afizionatu mailako txapelketa edota 1981ean Euskal Herriko Itzulia.
Patxi lehendakari zen garaian, Danena taldea ez zen txirrindulari taldea soilik izan. Izena txirrindularitzak emanagatik, oraindik abian den futbol taldea nahiz garai batean herriko eta eskualdeko gazte ugari biltzen zituen atletismo taldea ere Danenako historiaren zati izan ziren eta dira oraindik ere. Beste hamaika herritarrekin batera, eskualde nahiz Euskal Herri mailan kirolaren alde lan handia egin zuen Danena taldean.

Pilota bultzatzaile
Zizurkildarra izanagatik, betidanik oso harreman estua mantendu zuen Patxik Villabona eta billabonatarrekin. Joxean Jauregi eta Julito Iturbe Beha-Zana elkarteko kide eta lagunek azaldu dutenez, gaztetan pilotan jolasten zuen; bai eskuz nahiz palaz. 1993 urtetik 2000 urtera arte Behar-Zana pilota elkarteko lehendakari izan zen eta bere inplikazio maila azpimarratzekoa dela uste du Joxeanek, “pilotarentzat nahiz elkartearentzat oso positiboa izan zen Patxi lehendakari izatea. Berrikuntza ugari ekarri zuen, funtzionatzeko modu berriak jarri zituen abian. Elkartearen eta bereziki bazkideen alde egin zuen lan”. Pilotariei laguntzeaz gain, partiden jarraipen zehatza egiten ahalegintzen zela ere aipatu du Joxeanek, babes handia erakutsi ziela beti pilotariei: “besteak beste, 1995 urtean errebotean jolastera Iparraldera joaten hasi ginenean, laguntza handia eskaini zigun”. Lehendakaritza utzi eta ondorengo urteetan ere elkartean nahiz kanpoan laguntzen jarraitu zuela nabarmendu dute Joxean eta Julitok, eskuzabaltasuna bere ezaugarrietako bat zela: “jende askorekin zeukan hartu-emana eta edozein etorrita ere, beti laguntzeko prest azaltzen zen. Ahalik eta azkarren egiten zituen faboreak; aparta zen horretan”. Adierazi dutenez, pilota sustatzeko ekimenen baitan, lan handia egin zuen elkartearen 50. urteurrena antolatzen nahiz 1998an argitaratu zen Pilotarien historia Billabonan liburua kaleratzeko garaian ere.

Futbolean ere bai
Joxean eta Julitoren esanetan, gazte zelarik, oso ondo jokatzen zuen futbolean ere. Villabonako futbol txapelketan parte hartzeaz gain, Tolosako Urdiña txiki taldean jokalari izan zen hainbat urtez. Beste kirolekiko bezala, futbolarekiko zaletasuna ere errotuta zuen eta EHUko futbol taldeari ez ezik, Errealari ere eskaini zion bere laguntza eta esperientzia.

Musa eta tutea, afizio
Patxiren beste zaletasunetako bat kartetan jolastea zen eta Behar-Zanako mus eta tute txapelketa ugaritan hartu zuen parte. Musean Julito Iturbe eta biak izaten ziren bikote eta txapelketa ugaritan jantzi zuten txapela elkarrekin. Besteak beste, Behar-Zana elkartean 1990, 1991, 2000 eta 2011 urteko mus txapelketak irabazi zituzten eta eskualdeko elkarteen artean jokatzen zirenen artean, 1991, 1992, 1993 eta 2008 urtekoak. Tutean ere txapela bat baino gehiago lortu zuen Jesus Diazekin.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!