PRENTSA OHARRA
"Gehiengo zabalak aldaketaren aldeko apustua egin du eta hutsik ez egiten saiatuko gara. Datozen lau urteotan zintzotasunez eta apaltasunez egingo dugu lan, erabateko inplikazioarekin, eta alderdien arteko elkarlana sustatuko dugu. Erantzukizunez.
Herrigintza egiteko beste modu bat posible dela esaten ari gara behin eta berriro Bildutik, eta egitera goaz. Herritarrekin batera, proiektuak aurkezten, eztabaidatzen eta irtenbideak topatzen. Udala herritarrengandik dagoen erakunde hurbilena izango da berriro, uxatu beharrean ongietorriak izango dira andoaindarrak udaletxean.
Alderdiei dagokienez, iragarri nahi dugu Bilduk elkarrizketa txanda zabaldu duela alderdi politiko guztiekin. Aste honetan bertan lehen txanda amaituko dugu eta gure asmoa da abertzaleen arteko adostasuna topatzea, ulertu baitugu herritarren gehiengoak agindu hori eman digula. Hala ere, gure elkarrizketa txanda ez da amaituko udalean ordezkaritza lortu duten alderdiekin soilik, elkarrizketa txanda horretan hauteskundeetara aurkeztu baina ordezkaritzarik lortu ez duten Aralar, H1 eta Ezker Batuko ordezkariekin ere bilduko gara. Bilduren iritziz, modu batez edo bestez, andoaindar guztien ahotsa jaso behar da udaletxean.
Andoainen, 2011ko maiatzaren 30a
Andoaingo Bildu"