Zizurkilgo Bilduren gutuna herritarrei

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko mai. 26a, 14:28

Igandeko emaitzak eta gero, Zizurkilgo Bilduk ondoko gutuna plazaratu du herritarrei eskaerrak emanez eta euren lanerako gogoa erakusteaz gain, herritarren parte hartzea eskatuz:

Eskerrik asko, Zizurkil

Bilduko kideontzat ahaztezina da maiatzaren 22an bizitakoa. Zuen botoekin, aurreikuspenak gainditu eta herrian sumatzen zen aldaketa nahia benetakoa eta oso indartsua dela erakutsi duzue. Demokrazia lezioa da zizurkiladarrek boto-kutxetan eman duzuena: herriaren bizkar agintzen aritu denari txanpon berarekin ordainarazi diozue: herriak berak eman dio bizkarra.

Bildu osatzen dugunok, ordea,  argi dugu igandekoa oso ederra izanik ere, egun bateko garaipena izan daitekeela, herriak emandako mezuari entzungor egiten badiogu. Horregatik, lerro hauen bidez, eskerrak emateaz gain, gure oinarria izango den ideian berresten gara: udal kudeaketa gardena eta herritarren iritzia une oro kontuan izango duena egingo dugu. Bilduk gidatutako udaleko ateak zabalik egongo dira hortaz. Baina horrek, zuen parte hartzea ere eskatzen du funtzionatuko badu. Guztiok nahi dugun Zizurkil eraikitzeko guztiok batera egin behar dugu lan. Gidaritza hartzeko ardura eman diguzue, baina aldi berean, zuen laguntza, aholkua, kritika... ezinbestekoak izango ditugu.

Umiltasunez lan egingo dugu. Kanpainan esan dugun moduan ez dugu errezeta magikorik. Ideiak ordea, argi ditugu. Lanerako gogoz gaude, eta jasotako babes zabalak are gehiago motibatu gaitu.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!