Gidabaimena euskaraz ateratzeko aukera ederra

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko mai. 26a, 12:49

Askok uste dute gidabaimena euskaraz ateratzea zailagoa dela, baina hori ez da egia. Euskaraz zein gaztelaniaz dira hitz teknikoak zailak ulertzeko; gaiak berak baitu zailtasuna, ez da hizkuntza kontua. Buruntzaldeko Udaletako ordezkariek bildu dituzten emaitzek garbi utzi dute ez dela beldurrik izan behar azterketa euskaraz egiteko garaian.

2010ean gidabaimena ateratzeko eskolak euskaraz jaso eta azterketa euskaraz egin dutenen artean, %70etik gora gainditu dute, beraz, gaztelaniazko eta euskarazko azterketen datuak parekoak dira.

Semaforo berdea!! Gidabaimena euskaraz ekimenean parte hartzen duten pertsonek gidabaimena euskaraz ateratzeko aukera izango dute eta gainera, Buruntzaldeko Udalei esker, azterketa euskaraz egin eta gainditzen dutenen artean, zozketa egin (auto-eskola bakoitzeko sari bat) eta hamarrei matrikula baten diru-kopurua itzuliko zaie.
Buruntzaldean, guztira hamar auto-eskolek parte hartzen dute kanpainan, eta bakoitzean gidabaimena euskaraz atera duen pertsona bati Udalek itzuli egingo die parte teorikoari dagokiona (matrikula bat, gehienez ere 400 euro izango dira).

Auto-eskolak iaztik prest daude zerbitzua euskaraz emateko. Buruntzaldeko Udalak, iaz bultzatu zuten lehen aldiz egitasmoa, eta parte hartu zuten auto-eskolei beharrezko zituzten bitartekoak lortzen lagundu zieten. Horrela, auto-eskolek badituzte ordenagailuetan erabiltzeko multimedia aplikazioak, liburuak eta beste euskarri guztiak, euskaraz. Beraz, informazioa euskaraz izanagatik ez da eragozpenik azterketa gainditzeko.
 
Gaztelaniaz bezain erraz
Egitasmoaren bultzatzaileek nabarmendu dute, euskaraz gaztelaniaz bezain erraz atera daitekeela gidabaimena, kontuan izanik, ikastolan D ereduan ikasi arren askok gidabaimena euskaraz ateratzeari uko egin diola. Antolatzaileen ustez ez dago erabaki hori hartzeko arrazoirik, euskaraz zein gaztelaniaz, esate baterako, kotxeko hitz teknikoak zailak baitira ulertzeko. Azterketa teorikoaren zailtasuna berdina da euskaraz zein gaztelaniaz, 30 galdera dira eta hiru oker onartzen dira soilik, hau da, ez dago hiru galdera baino gehiagotan akatsa egiterik.

Dena den, estatistikei dagokienez, oso emaitza onak izan direla adierazi dute Buruntzaldeko Udaletako ordezkariek: 2010ean gidabaimena ateratzeko ikasketak euskaraz jaso eta azterketa ere euskaraz egin zutenen %72k gainditu zuen.
Laurden batek soilik errepikatu behar izan zuen eta aipagarri da, gaztelaniazko eta euskarazko azterketen datuak parekoak direla, eskualdeko Udalek azpimarratu dutenez.  

Gero eta zabalduago
Euskara gidabaimena ateratzeko prozesura eramateko egitasmo honen arrakasta jakina da, eta Jaurlaritzak erkidegoan zabaltzeko erabakia hartu du.
Debagoiena bailaran jaiotako proiektua jada beste eskualde batzuetara zabaldu da eta gehiago zabaltzeko asmoa dute.

Jaurlaritzak ahalegin berezia egingo du maiatza eta ekainean egitasmoa komunikabideen bidez zabaltzeko.

Interesatuek herriko auto-eskoletara jo beharko dute zuzenean eta han jasoko dute eman beharreko pausoen berri. Lasarte-Orian, Geltoki kaleko Izarra, Kale Nagusiko Lasarte eta Zumaburuko Mugica auto-eskoletan atera daiteke erraz gidabaimena euskaraz.
Saia zaitez eta egin ezazu proba behean dagoen euskarazko testa eginez, ikusiko duzu uste baino errazagoa dela! Gainera erantzunak ikus ditzakezu www.buruntzaldea.org helbidean. Anima zaitez!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!