Anibal, Andoaingo Konkistadorea

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko mai. 26a, 12:36

Anibal Lopez (Nikaragua, 1970) ETB2ko El Conquistador reality showan parte hartu du. Harrezkero, ezaguna egin da nonahi, ez bakarrik bere bizilekua den Andoainen.
Datorren igandean saioko final handian ikusi ahal izan dugu berriro. Bizipen polita izan dela aitortu du, nahiz eta kultura ezberdineko jendea bildu bertan.

El Conquistador saioak Nikaraguako nekazal eremuko semetzat aurkeztu zaitu…
Anibal Lopez:
Ni Nikaraguako iparraldean jaio nintzen, kafea eta abeltzaintza oinarri duen lurraldean. Sandinismoak irabazi eta berehala Pastora buru zuen Contra-ren ejertzitoa osatu zen eta borroka piztu zen iparraldean. 1983an nekazari askok ihes egin behar izan genuen etxetik, bi aldeek etsaitzat hartzen gintuztelako.

Gerra batean parte hartu duzula ere aipatzen da…
A.L.:
Nire anaia batzuk ihes egin zuten, baina ni zerbitzu militarra egitera eraman ninduten bi urtez, 16 urte nituela. Horrela, Contra-koen kontra jardun nuen. Familiar edo lagunen kontra tiro egitera behartu gintuzten hangoei eta hemengoei. 

Nolaz heldu zinen Andoainera?
A.L.:
Gerora nire emaztea izango zen Ester Imaz andoaindarra Nikaraguan ezagutu nuen. Getariako GKE batekin zebilen, kooperante gisa. 2005ean Andoainera etorri nintzen. Hemengoa gogorra egin zitzaidan, eta itzultzeko gogoa izan nuen, han lanbide finkoa bainuen.
Denborarekin, baina, nire burua egokitzea lortu nuen. Gaur egun, Ester eta biok hiru urteko haurra daukagu eta kamioilari gisa ateratzen dut bizimodua.

Zergatik egin zitzaizun gogorra hemengo bizimodua?
A.L.:
Arrazoi askogatik. Batetik, ni ez nengoelako ohituta horrelako leku urbano batean bizitzera. Bestetik, talka kulturala sentitu nuen. Euskaldunen izaera serioak ere atzera bota ninduen pixka bat. Izan ere, Nikaraguan beste umore mota bat daukagu; han ezagutzen ez duzun edonorekin jar zaitezke hizketan, txantxetan… Gure hizkera ulertzea ere kosta egiten zaizue euskaldunei; han, hitz politak erabiliz neska bati ederra dela esatea gauzarik normalena da. Hemen oso biolentoa egiten zaizue egoera, eta kapaz zarete Ertzaintzari deitzeko.

Azkenean geratu egin zara, hala ere…
A.L.:
Esterrek izugarri lagundu dit gizarte honetan integratzeko orduan. Bera ondoan izan ez banu, latinoamerikar askoren antzera zirkulu itxi batean bizitzen jarraituko nukeen oraindik. Esan behar dut Andoaingo kiroldegiak ere bultzada handia eman didala. Gimnasian jende oso jatorra topatu dut, pesak eta erabiltzen irakasteaz gain bideak ireki dizkidatenak.

Zer moduz daramazu telebistak ematen duen ospea?
A.L.:
Gasteizera, Durangora…, leku askotara joan behar izaten dut genero banaketak egitera, eta harrigarria da zenbatek identifikatzen nauten segituan. Beraiekin argazkia ateratzeko eskatzen didate batzuetan; ni lotsatia naiz, baina baiezkoa erantzuten diet. Kalean haurrek antzeko komentarioak egiten dizkidate beti: nik irabaztea nahi zutela, ea zer egin behar den gorputz gihartsua edukitzeko, nola mugitzen ditudan bularrak…

Zergatik aurkeztu zinen El Conquistador-era?
A.L.:
Saioa tarteka ikusten nuen. Ganadua gobernatzea, zuhaitzak ebakitzea..., niretzat gertukoak ziren frogak egiten zituztela ikusita, animatu egin nintzen.

Eta esperientzia, nolakoa suertatu zaizu?
A.L.:
Nik uste nuen dena faltsua izango zela, kamerek behar zena grabatu ostean, parte hartzaileek bizimodu normala egiten zutela. Baina keba! Oso latzak dira Patagoniako bizi baldintzak. Bizpahiru egun fruitu lehorrekin pasa behar izaten da, indarra eskatzen duten frogetara gorputza ahulduta eta oinak dardarka dituzula joan behar izaten da… Hori dena onartzea kosta egiten zaio etxean goxo-goxo dagoen ikusleari.

Sonatua izan zen Juanito Oiartzabalekin eduki zenuen liskarra…
A.L.:
Behin taldekoentzat arroza prestatzen ari nintzela pikutara bidali ninduen, sukaldean ezer egiten ez nekiela esan eta gero. Une hartan halako amorrua hartu nuen, ezen ia-ia mutur joka hasi ginela; Khendudek estu heldu ninduelako…
Oiartzabalek eskarmentua dauka eta egia da balio dezakeela agintzeko. Gizaki gisa, ordea, Korta nahiago dut. Oiartzabal egozentriko hutsa da, beti arrazoi duela iruditzen zaio eta gutxietsi egin ohi du gainerakoen ekarpena.

Purgatoriotik pasa eta gero utzi egin zenuen programa…
A.L.:
Xegonerekin jokatutako dueloa irabazi eta gero oso indartsu sentitu nintzen, El Conquistador-eko irabazle izateko eran. Geroxeago sartu zen militar hark, ordea, arau berriak jarri zituen: nik poemak idaztea edo Juleni kanta bat konposatzea nahi zuen, uraren truk. Matxinatu egin nintzen orduan: burutik ez zegoela ondo eta pailasokeriak ahazteko eskatu nion. Orduan antolatzaileak nire kontra jarri zirela uste dut: niri ez zegokidan arren, duelora bidali ninduten Khendudekin. Larru baten gainean jarri eta zaldi batek arrastaka eraman behar gintuen. Morala lurpean nuela joan nintzen, eta galdu egin nuen. Purgatorioan bost egun egin nituen; gehiago egon nintekeen muturreko egoera hartan, baina jada saioan soberan nengoela deliberatu eta etxerako bidea hartu nuen.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!