Hauxe da aurreko ostiralean Elgoibarren jokatutako hiru partiden kronika:
ELGOIBAR 22–4 ANDOAIN
Kadeteak. Alde batetik, kadete mailan Euskal Herriko txapelduna (Elgoibarko Conde) eta bestetik txapelketako bikoterik gazteena (Andoaingo Mikel Arruti – Mikel Arberas) elkarren aurka lehiatu ziren. Markagailuan alde nabarmena lortu bazuten ere, partida ez zen horren erraza izan elgoibartarrentzat, bi Mikelek oso maila ona erakutsi baitzuten. Baina Herriartekoan lehen aldiz jokatzea ez da batere erraza eta oraindik eta zailagoa da parean Euskal Herriko txapelduna izanez gero.
ELGOIBAR 16–22 ANDOAIN
JUBENILAK. Lehenengo partidaren emaitzak baldintzatuta kantxaratu ziren Imanol Maiza eta Jon Jauregi. Eta urduri, oso. Partida errazago irabazi behar zuten baina kosta egin zitzaien partidan sartzea eta 15-9 galtzen joan ondoren, 22-16 irabaztea lortu zuten.
ELGOIBAR 22–6 ANDOAIN
NAGUSIAK. Oso aurkari gogorrak zirela kontuan hartuta, (aurreko astean GRAVN txapelketa entzutetsua irabazi zuten) eta Elgoibarko frontoiaren berezitasunak kontuan hartuta (8 koadro eta erdi besterik ez ditu), bi aurrelarirekin jokatzea erabaki zen, Asier Irastorza eta Jon Eskuderorekin. Hala ere, Jonek eskuan min hartu zuenez eta aurkariek partida borobila jokatu zutenez, ez zuten aukerarik izan.
OSTIRAL HONETAN,
ITZULIKOA ARRATEN
Ostiral honetan iluntzeko 20:30etan hasita itzuliko kanporaketa jokatuko da. Garrantzitsua da oso jendea animatzera joatea, alde batetik irabazteko Andoaingoek dauzkaten aukera apurrei eusteko eta, bestetik, Andoaingo pilotari gazte berriei babesa emateko. Taldeko arduradunek aitortu dutenez, orain arte beti izan dute herritarren babesa eta ostiralean ere horrela izatea nahiko lukete.