Mendizale gazteen jaia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko mai. 19a, 18:49

Isabel Santa Kruz eta Alejandro Gonzalez Euskalduna mendigoizale taldeko gaztetxoen taldeaz arduratzen dira.
Datorren igandeko mendi irteerarekin batera finalisten eguna ospatuko dute, 23 gazte eta horien gurasoekin. Mendizaleen jaia izango da igandekoa.

Zenbat urte daramazue Andoaingo gaztetxoentzat mendi irteerak antolatzen?
Isabel Santa Kruz: 40 urteko adinera doazen gure hiru semeak txiki-txikiak zirenean hasi ginen, egin kontu!
Alejandro Gonzalez: Gu oso gustura ibiltzen gara, baina ohartzen gara lekukoa besteei pasa beharko geniekeela, horrexegatik, Euskalduna taldeko batzarretan beti luzatzen dugu proposamena: nahi duenak har dezala gaztetxoen saila, guk nahikoa egin dugula-eta. Inork ez dio heldu nahi, ordea. Osasunak laguntzen digun bitartean, betiko moduan jarraitu beharko dugu.

Zein ezaugarri izaten dituzte zuen mendi irteera hauek?
I.S.K.: Irekiak dira, 6-7 eta 12 urte bitarteko gaztetxoentzat, eta Andoaingo ikastetxeen bidez iragartzen dira. Hamabostero izaten dira, irailean Ernioko igoerarekin hasi eta ekaina bitarte. Urtean bederatzi bat irteera izango dira. Egun osokoak antolatu ohi ditugu. Gaztetxoak nahiago izaten du irteera jolastokiren bat duen herrian bukatzea, eta han bertan bazkaltzea.

Non dago sekretua haur bat mendira pozik joan dadin?
A.G.: Irteerak ez dira diseinatzen mendian ibiltzeko soilik. Bisitatzera goazen parajeetan egon daitezkeen kobazuloak, historia mitologikoak…, horiek jakinarazten ditugu. Guztion jakinduria zabaltzeaz gain, gaztetxoen arreta eta motibazioa piztu nahi izaten da.
Garrantzitsua da, noski, haur koadrila elkarren ezagun izatea. Haurrak haurrekin hizketan edota jolasean aritzen dira mendian, eta ibilaldia maiz oharkabean pasatzen zaie.  
I.S.K.: Alejandro espeziala da haurrekin txantxetan aritzeko! Amorrarazten ditu, haiek ere erantzun egiten diote… eta joko horretan ezin gusturago aritzen dira denak.

Zenbat gaztetxo biltzen da irteera bakoitzeko?
I.S.K.: 20-25  artean bai. Garai batean autobusa haurrekin bakarrik betetzen genuen, baina gauzak asko aldatu dira. Haurrak makina bat kirol eta aisialdiko beste ekintzatan sartuta dabiltza, eta mendizaletasuna nahiko urrun ikusten dute.
A.G.: Aldundiak mendizaletasuna eskolarteko kirol jarduera gisa definitzen du eta guk ikastetxeetan ezin dugu eragin. Pena da, baina ziur naiz askok jakingo balute zein paraje politak ezagutzen ditugun, zein ondo pasatzen dugun…, gehiago hurbilduko lirateke eta.

Datorren igandean Aiako Parke inguruan ibiliko zarete…
I.S.K.: Oiartzungo lurretan dagoen Bianditzeko (706 metro) gainera goaz. Aritxulegiko portutik atera eta hiru ordu inguruko joan etorria egingo dugu. Apenas izango dugun aldaparik; nahiko laua izango da ibilaldia. Itzulia eginda, Arritxuloko aterpean bazkalduko dugu.
A.G.: Igandekoa finalista eguna izango da, baina argi esan behar dugu irteera edonorentzat irekita dagoela, urteko gainerako irteeren antzera. Ez dezala inork atzera egin horregatik.

Zergatik izan ohi da berezia finalista eguna zuentzat?
I.S.K.: Urteroko azken ekintza da, erritual baten moduan egiten dena. Ikasturtean zehar jarraikortasun batekin irten diren haurrei domina bana jartzen diegu. Aurten, denera, 23 haur izango dira. Festa moduko bilaka daiteke; iaz ikasle batzuk antzerkia prestatu zuten.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!