Mehdi Amara Andoain maite duen Tunisiarra

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko mai. 19a, 18:48

Mehdi Amarak bere aita donostiarra dela adierazi ohi du tunisiarrek berezkoa duten umorez, abizenaren jatorriaz galdetzen zaioenean. Pozik hartu du bere herrian gertatu den matxinada baketsua. Kale mugimendu horren zergatiak azaldu ondoren, itxaropentsu begiratzen dio etorkizunari. Ingeniari elektronikoa da, eta irakaslea da lanbide hezkuntzan.

Nondik datorkizu Andoaingo herriarekin daukazun harremana?
M.A.:
Andoaingo emakume bat eta biok Tunisian elkar ezagutu genuen. Maitemindu eta harrezkero Andoainera bisitan  etortzen naiz, tarteka.

Ez da erraza izango Tunisian gertatu dena azaltzea; hala ere, saiatuko bazina laburki…
M.A.:
Ez da bat-bateko gauza izan, prozesu historiko baten emaitza baizik. Hamar urte nituela, gogoan dut Habib Burgiba zela presidente 1957an Frantziarengandik independentzia lortu zenez geroztik. Europako ideia progresisten aldekoa zen, eta berarekin Tunisia bihurtu zen emakumeei eskubideak onartu zizkien lehen herri arabiarra. Burgibak zioen Tunisiak ez zituela Libia edo Aljeriak dituzten baliabide energetikoak, eta beraz, jendearengan inbertitu beharko zuela. Hezkuntzan jarri zuen indarra, eta aldi berean, turismoan. Frantzia okupatzailearen antzera Burgibak ere kostaldean ipini zituen azpiegitura guztiak. Zer gertatu zen era horretan? Kostaldeak indar politikoa eta ekonomikoa hartu zuela, eta gainerako lurraldea txirotasunera kondenatu zela. Prozesu horretan, tunisiarrek ezin izan zuten iritzirik eman.
1987an boterera heldu zen Ben Alik ere politika horri eutsi zion. Era horretan, Tunisia bi zatitan banatuta dago egun; bata txiroa den bitartean, bestean daude turismoa, erakunde publikoak, azpiegiturak, unibertsitateak, ospitalak, gazteentzako aisialdi lekuak…      
Eskola jaso zuten gazteak gero unibertsitatera kostaldera joan izan direnean, han egoera injustu asko ikusi dute eta hori izan da matxinada bultzatu duen arrazoietako bat.

Zer ikusi izan dute kostaldean?
M.A.:
Ustelkeria gizarteko arlo guztietan, sektore pribatuan nahiz publikoan. Lana aurkitzeko ordaindu egin behar izan da betidanik, langabezia Tunisiako arazorik larrienetakoa bihurtzeraino. Ustelkeria areagotu egin zen Ben Alirekin.    

Matxinada bultzatu duten beste zenbait arrazoi aipa al zenezake?
M.A.:
Asko dira, egia esan. Horietatik bat, polizia bera; epaile eta exekutatzaile bihurtu zelako. Politikoki, berriz, zentsura nagusi zen Tunisian, eta oposizio politikoari bi aukera uzten zitzaizkion: kartzela ala Europan exilioa. Telebista, adibidez, erabat kontrolatuta zegoen eta Tunisiako alderik xaloena erakusten zuen soilik (palmerak, hondartzak, hotelak, aisialdi guneak…); herriak jasaten zuen txirotasuna, aldiz, agertzea galarazita zegoen. Errealitatea halakoa izanda, heziketa ona jaso duen Tunisiako gazteriak etorkizuna oso beltz ikusi du azken urteetan. Giza baliabideetan (medikuak, irakasleak…) eta ekonomikoki Tunisia sendoa dela iruditu zaie, baina horren ondoan, penagarria dela beraien patua: turismoan zerbitzuetan hiru hilabeteko lana besterik ezin egin eta ondorioz, ezin dirudik ezta familiarik eduki, eta azken batean, ezin bizitza duinik eraiki.  

Urtetako ezin eraman hori guztia gertakizun batek lehertarazi eta azalerazi zuen…
M.A.:
Muhammad izeneko gazte batek fruta saltzen zuen kalean, bizimodua ateratzeko, baina polizia batek behin dirua eskatu zion. Hark dirurik eman ez eta fruta kendu eta kolpatu egin zuten. Mutilak orduan, bere herriko agintariarengana jo zuen azalpenen eske; ateak itxi egin zizkioten baina. Etsipenak jota, bere burua erre egin zuen Muhammadek, duintasunagatik. Lau egunetara hil egin zen eta horrek protesta jendetsuak eragin zituen kaleetan.  
Manifestazio baketsuak gehitzen joan ziren Tunisia osoan, eta poliziak egunero 15 bat herritar hil zituen. Albistegiek ez zuten ezer kontatzen, baina internet bidez gatazka zabaltzen joan zen pixkanaka. Ben Aliren gobernuak manifestariak terroristak zirela adierazi zuen, baina jendeak jada ez zion sinetsi; aitzitik, gehiago sutu zen.
Barne Ministeritzaren aurrean milaka manifestarik egindako bilkura sinbologia handiko gertakizun bilakatu zen. Azkenean, inork gutxik sinesten zuena gertatu zen: Ben Alik ihes egin behar izan zuela Tunisiatik.

Eta hemendik aurrera zer?
M.A.: Konstituzio berria egingo da, funtsezkoa etorkizunerako. Politikan sartuko den gazterian konfiantza eduki beharko genuke, oso prestatuta dago eta. Askeak izan daitezen uztailerako deitu dituzten hauteskundeak, benetakoa izan dadin sistema judiziala eta politikoaren arteko banaketa, desager dadila ustelkeria kronikoa…  

Eta bitartean, europearrak zer?
M.A.: Europearrei garen bezala onar gaitzazuela eskatuko nizueke, injerentziak bazterrean utzita. Nik uste bide zuzenetik joko duela Tunisiako gizarteak, hitza ematen bazaio.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!