Etorkizuneko erronka Arantzibia egoitzan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko mai. 18a, 11:30

Udazkenetik aurrera Manuel Larramendi Kultur Bazkunak bertan kokatuko ditu Erroitz Baltzu Mugatua, Rikardo Arregi aldizkaritegia eta, probisionalki, 111 Akademia.

Andoaingo Arantzibia plazan dagoen izen bereko egoitzara eramango ditu bere hainbat egitasmo Manuel Larramendi Kultur Bazkunak. Egoitza egokitzeko lanak hasi berriak dira eta, Jon Unanue Bazkuneko lehendakariak aurreratu duenez, “irailean edo urrian bertan lanean hastea aurreikusten dugu”.
Rikardo Arregi hemeroteka, 111 Akademiaren behin-behineko bulegoa eta Erroitz Baltzu Mugatua bilduko ditu Arantzibia egoitzak; azken honek argitaratzen dituen Aiurri hamaboskariaren eta Aiurri astekariaren erredakzio nagusia ere, une honetan Dr. Huizi kalean aurkitzen dena, bertan egongo da, beraz.

300.000 euroko inbertsioa
Arantzibia egoitza aipatu hiru egitasmo horien beharretara egokitzeko 300.000 euroko inbertsioa egin behar izan du Manuel Larramendi Kultur Bazkunak, “zorua eta hormak besterik ez baitzeuzkan eta dena eraikitzeke baitzegoen”. Mailegu hipotekadun baten bidez egin du Bazkunak inbertsio hori, eta 300.000 euro horietatik 90.000 Eusko Jaurlaritzatik jaso zituen 2009an diru- laguntza bidez. “216 metro karratuko lokal honen eraikuntza obra da 300.000 euro horiekin ordainduko dena, lokala bera Andoaingo Udalak emandakoa baita. Udalak lokal horren gainean zeukan azalera eskubidearen jabetza eman dio Bazkunari. Eskubide hori 75 urtekoa denez, epe horretan Larramendi Bazkunarena izango da lokala”.
Esan bezala, Aiurri hamaboskariaren eta Aiurri astekariaren erredakzioak Arantzibira pasako dira, Erroitzek hantxe kokatuko baitu bere egoitza. “Larramendi Bazkunaren Andoaingo egoitzak Dr. Huizi kalean jarraituko du, baina Aiurriko langileak Arantzibira etorriko dira eta, beraz, Aiurrira jo nahi duten herritarrek hona etorri beharko dute”.
111 Akademiaren kasuan, berriz, haren egoitza orokorra aurrerago aipatuko den Irigoienazpikoa etxean egotea aurreikusten da, baina hura prest izan bitartean, Arantzibian kokatuko da. “111 Akademiak 171 akademiakide ditu eta horien guztien arteko harremana internet bidez bideratzen da neurri handi batean. Beraz, ez du egoitza oso handirik behar baina bai bertako eragileak lan egin ahal izateko edota akademiak duen euskal literaturako liburutegia gordetzeko toki bat”, aipatu du Jonek.
Rikardo Arregi aldizkaritegia
1994az geroztik Manuel Larramendi Kultur Bazkunak Rikardo Arregi aldizkaritegian jasotzen ditu Euskal Herrian zein hemendik kanpo euskara hutsez plazaratzen diren argitalpen guztiak. Andoaingo Udalarekin helburu horretarako sinaturiko hitzarmen bat tarteko, euskarazko argitalpen guztiak bildu, jaso, katalogatu eta herritarren, ikerlarien edota adituen kontsultarako eskuragarri jartzen ditu. “Azken ia hogei urteetan hala moduz egin dugu, ordea, lan hori. Batetik, ez geneukan hori egin ahal izateko egoitza egokirik eta, bestetik, giza baliabiderik ere ez dugu izan”, azaldu du Unanuek. “Borondatez egin izan da lan hori eta oraingoz ezin izan dugu aldi digitalerako jauzia eman. Paperean daukagu ia dena, digitalean oso gutxi, eta ez dakigu hori aurten egiteko moduan izango garen ala ez. Eusko Jaurlaritzarekin negoziatu nahi genukeen arren, badakigu ez dela momenturik egokiena”.
Rikardo Arregi hemeroteka abian jartzerako Larramendi Bazkunak bazeukan bilduma bat, eta bilduma hartako zatirik handiena Andoaingo Udalarena zen, bertako euskara zerbitzuak urteetan zehar osatua, trantsizio garaitik hasita gehienbat. Ondoren, bilduma hori fondo zaharrekin osatzen ahalegindu da Bazkuna. “1994az geroztik euskal hedabide idatzien mundu honetan berealdiko loraldia eman zen. Bazkunak argitalpen horiek guztiak bildu eta jasotzeko ahalegina egin du eta guk zuzenean jaso ezin izan duguna Euskara Elkarteen Topagunearen bidez lortzeko itxaropena dugu, Topaguneak fondo hori guri ematea erabaki baitzuen bere garaian. Beraz, aldizkaritegia Dr. Huiziko biltegitik Arantzibira noiz ekarriko zain gaude, Topaguneari bere fondoa eskatu eta pixkanaka hemeroteka osatzen joateko”.

“Etorkizunera begira toki estrategikoan dago Arantzibia"

Larramendi Bazkuneko lehendakari Jon Unanuek egoitza berria lokal handia eta ederra dela azaldu du. “Batetik, aldizkaritegia jasoko duen biltegia legoke. Gaur egun daukagun bilduma eta puska batean etorkizunekoa ere arazorik gabe bertan bildu ahal izango dela espero dugu”. Bestetik, hemerotekako kontsultetarako, 111 Akademiarako eta Aiurriko erredakzio lanetarako bulegoak leudeke. “Horrez gain, bilera gela handi bat ere izango du egoitza berriak, 111 Akademiako edo Aiurriko erredakzioko bileretarako edota hemerotekara datozenek euren kontsultak lasai egiteko”, zehaztu du Unanuek. “Arantzibia plazako laugarren eta bosgarren zenbakietako bi etxabeak hartzen ditu lokalak eta oso ongi aprobetxatuta dago”. Esan bezala, obrak hasi berriak dira eta aurtengo irailean edo urrian aipaturiko hiru egitasmoak bertan izatea aurreikusten du Bazkunak. Sei edo zazpi lagun ariko lirateke bertan lanean.
Bestetik, etorkizunera begira Arantzibia egoitza nahiko toki estrategikoan dagoela azpimarratu du, “oso gertu baitago Udalak eta Larramendi Bazkunak aurrera atera nahi duten proiektuaren kokaleku izango den Irigoienazpikoa etxetik, lehen esan bezala, beste zenbait egitasmorekin batera, 111 Akademia ere bere baitan hartuko duena. Guretzat garrantzitsua da bi egoitzak elkarrengandik hurbil egotea”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!