- Aduna: PP alderdia soilik aurkeztu da. Adunarren gehiengoak boto zuriaren aldeko eskaera egin du.
- Amasa-Villabona: Bildu, EAJ-PNV, Ezker Batua-Berdeak, PP eta PSE-EE.
- Andoain: Aralar, Bildu, Hamaikabat (H1!), EAJ-PNV, Ezker Batua-Berdeak, PP eta PSE-EE.
- Asteasu: Asteasu Batuz (AB), Bai Asteasuri (BA), EAJ-PNV, PP eta PSE-EE.
- Larraul: Herri Aukera (HA), Larraul Aurrera (LA) eta PP. Bi herri kandidatura osatu dira larrauldarren artean.
- Zizurkil: Bildu, EAJ-PNV, PP eta PSE-EE.
Maiatzaren 6an eman zitzaion hasiera Batzar Nagusi eta Udal ordezkariak aukeratzeko hauteskunde kanpainari. Goizalde horretan bertan jakin zen Eusko Alkartasuna eta Alternatiba alderdietako kideekin batera, independentistek bat eginda sortutako Bildu koalizioa legezkotzat jotzen zuela Auzitegi Konstituzionalak eta, ondorioz, 22ko hauteskundeetara aurkezteko aukera izango zutela. PP ez gainerako alderdiek bat egin zuten epaileen erabakiarekin eta norberak bere bidea egiteari ekin zion geroztik.
Elkarrizketak hautagaiei
Eskuartean duzun aldizkaria, Udal hauteskundeei zuzendutako zenbaki berezia da. Bertan Aiztondo bailaran Udal ordezkaritza duten alderdietako zerrenda-buruei eginiko elkarrizketak argitaratzen dira, alderdi politikoen arabera, alfabetikoki ordenatuta. Aduna, Amasa-Villabona, Asteasu, Larraul eta Zizurkil herrietako elkarrizketak, hain zuzen.
Andoaingo hautagaien hitzak orriotan argitaratu ez izanaren arrazoia, aurreko astean, Andoain eta Urnietan banatzen den astekarian plazaratu izana da. Hala ere, Andoaingo hautagaien berri jakin nahi duten Aiztondo bailarako irakurle guztiok, jakin ezazue aukera hori eskuragarri dagoela www.aiurri.com gunean.
Ondorengo alkategaiei eginiko elkarrizketak aurki daitezke aldizkariaren edizio digitalean: Aralar: Laida Elizegi, Bildu: Ana Carrere, Hamaikabat (H1!): Gabino Agudo, EAJ-PNV: Andoni Baltasar, Ezker Batua-Berdeak: Sergio Barreiro, PP: Maria Asunción Guerra eta PSE-EE: Estanis Amutxastegi.
Emaitzen berri, egunean bertan
Iluntzeko 20:00etatik aurrera hautesle mahaiak itxi eta botoak zenbatu orduko, Beterri-Aiztondo eskualdeko herriz herriko emaitzen jarraipena egin ahal izango da www.aiurri.com gunean. Alderdi bakoitzak jaso duen bozka kopurua zehaztearekin batera, alkatetza eta zinegotzi postuen ordezkariak zeintzuk izango diren jakinaraziko da. Jakin-mina argitu nahi baduzue, badakizue…