Udal hauteskundeak: Amasa-Villabona

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko mai. 18a, 11:29

Bildu: Galder Azkue Eizmendi
Gustuko ditut erronka handiak”

32 urte ditu Galder Azkue billabonatarrak. Albaitaria da eta maisu ikasketak egiten ari da. Erronka berriaren aurrean gogotsu azaldu da Bilduko alkategaia, “lanean hasteko deseatzen”.

Amaiera arte jakin ez baduzue ere, azkenean hauteskundeetan aurkezteko moduan izango zarete. Nola eutsi diozu erronka berriari?

Auzitegi konstituzionalaren erabakia jakin eta gero, herri honi izugarrizko aukera ireki zaion sentimendua daukagu hautagaitza hau osatzen dugun gizon eta emakumeok. Talde langilea eta konprometitua osatzea lortu dugula esan dezaket eta ilusioz gainezka gaude. Niretzat, pertsonalki, erronka handia da nire jaioterriko alkategai izatea, baina betidanik gustatu izan zaizkit erronkak. Era berean, pribilegiatua naizela pentsatzen dut, hainbeste maite dudan herriaren alde lan egiteko aukera zabaldu zaidalako.

Zein ideia nagusi dakarzue Villabonako udaletxera?
Demokrazia parte hartzailea da, Bilduk, Euskal Herriko udalerri guztietarako proposatzen duen Udal gestio modeloa. Gardentasuna, zintzotasuna eta herriaren parte hartzea izango dira gure leloak.

Lehenbailehen konpondu beharreko hutsunerik ikusten al diozu Amasa-Villabonari?

Villabonak, landa eremu zabala dauka, baina neurriak hartzen ez baditugu, gure kultura eta gizartearentzat hain garrantzitsuak diren nekazal jarduerak galdu egingo dira. Nekazal ingurua eta kale ingurua gerturatuko dituen politikak martxan jarri behar dira: salmenta zuzena, ekoizle eta kontsumitzaileen arteko harremanak sustatzea…

Zein hiru lehentasunezko neurri hartuko zenituzke herrian?
Lehenik, ludotekaren proiektua gauzatzeko erabaki irmoa dugu eta aurretik diseinu eta izaerari buruzko ikerketa sakona egin nahi dugu. Gure ustez, zerbitzu horrek herritarren beharrei erantzungo die. Bigarren, Arratzaingo futbol zelaiaren egoerak ezin du luze iraun; beraz, belar artifizialeko futbol zelai berria eraikitzea beharrezkoa da. Erronka horri bailara mailan erantzun beharko genioke. Hirugarren, herriak estalitako gune berri bat behar du, izan ere ez baitugu halakorik, ez eguzkiak gori-gori jotzen duenean ez eta negu hotz eta euritsua dugunean. Gune horren funtzioa balio anitzekoa izango litzateke: bazkari-afariak egiteko, haurrek jolas dezaten, kultur ekintzak burutzeko…
Hiru neurri horiez gain, egungo krisi egoera kontuan hartuta, herriko langabeziaren azterketa sakona egin beharra dago, zein motatako langabezia nabarmentzen den jakiteko. Lan horrek diagnosi zehatz bat egitea ahalbidetuko liguke eta Udalak, bere gain dituen eskumenak erabiliz, ahal dituen neurri guztiak hartuko lituzke, hala nola, herritarren eta enpresen arteko bitartekari lanak egin, enpresa berrien sorrera bultzatu, heziketa programak martxan jarri.... Lana eskubide bat da eta guk, herritarren eskubideak defendatzeko obligazioa daukagu. Ingurumenarekin lotuta, berriz, zaborren bilketari dagokionez, modu arduratsuan antola daitekeela iruditzen zaigu. Herritarrok sortzen dugun zaborraren ardura hartu beharko genuke, inguruneari egiten zaion kaltea gutxitze aldera. Gipuzkoako Zero Zabor filosofiarekin bat eginez, gaikako zabor bilketan sakonduko dugu. Proiektu txikitzaileen aurrean aurkako jarrera irmoa adieraziko dugu: Errauskailua, AHT, Superportua…

Zein irakurketa egiten duzu amaitzear dagoen legegintzaz?
Azken urteotako Udal gobernuak lan bikaina egin duela iruditzen zait. Beraien lanari esker, egun, Amasa-Villabona, bizileku atsegin eta polit bilakatu da, eta herritarrok, horren atzean harrokeriarik gabeko lan isil asko dagoela badakigu. Gainera, bidean topatu dituzten oztopo guztiei aurre egin behar izan die. Ezin ahaztu ditzakegu, Udal gobernuko partaide izan ziren bi zinegotzi gazteren heriotzak (Remi Ayestaran eta Josune Arretxe) eta espainiar legediak, ezin izan dutela Udala kudeatu duten gizon-emakumeen herriarekiko konpromisoa eta lanerako grinarekin amaitu. Meritu handiko lana egin dutela esango nuke.

Herritarrei mezurik luzatu nahi?
Euskal Herriak bizi duen momentu historiko honetan parte hartzaile aktibo izan daitezela eta Bildu daitezela gure herrira, itxaropena eta askatasuna ekarriko dituen aro berri honetara. Bozka dezatela Denok gara Bildu maiatzaren 22an.

Laburrean
Herriko txoko kuttuna: Gure etxe ingurua eta herriko mendiak.
Nabarmenduko zenukeen herritarra: Isilean, herriaren alde lan egin duten guztiak.
Herrian faltan sumatzen duzuna: Aterpeak.
Eta soberan? Kotxeak.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!