Udal hauteskundeak: Amasa-Villabona

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko mai. 18a, 11:27

EAJ-PNV: Nagore Puyadena Urkula
Udaletxe aktiboa eta gertukoa agintzen diegu herritarrei”

31 urte ditu Nagore Puyadena zizurkildarrak eta arkitektoa izateaz gain, Agenda 21eko Udal kudeatzaile gradu-ondokoa du. Lanerako gogoz aurkeztu da EAJko alkategaia.

Alkate izateko erronkaren aurrean, zein egoeratan aurkitzen zara?
Herriaren alde lan egiteko animuz eta gogo handiz eutsi diot bide berri honi. Hau guztia arrotza da oraindik niretzat, baina oso gustura nago. Talde anitza osatzen ahalegindu gara, gaztetasuna eta esperientzia uztartuz.

Laburbilduko al zenuke zuen alderdiak agintaldi berriari begira duen ideia nagusia?
Argi daukagu lanerako aurkezten garela eta erronka berrietan kokatu nahi dugula Amasa-Villabona. Erronka horietako batzuk Euskadi 2020, Agenda 21 edota E-administrazioa bultzatzea lirateke.
Euskadi 2020 ekimenaren barruan, udalerrien helburua, 2020 urterako %20 energia gutxiago kontsumitzea litzateke, energiaren %20a herrian bertan bide berriztagarrietatik lortzea eta kutsadura %20a gutxitzea.
Agenda 21ari dagokionez, Amasa-Villabonan 2003an egindako diagnosia dago. Ez da guztia bete eta atzenduta geratu da. Ondorioz, diagnosi berria osatu behar da alor berri ugariri tartea eginez. Izan ere, Agenda 21aren barruan ez dira ingurugiroa edo nekazaritzako gaiak soilik sartzen: gizarte mailakoak nahiz ekonomikoak ere bertan txertatu behar dira.
E-administrazioarekin teknologia berriak herrian tartekatzen ahaleginduko gara, lotura eta harreman gisa. Era berean, krisi egoerari aurre egin nahi diogu eta horretarako dauden tresnak baliatuko ditugu lanpostu berriak sortzeko.
Euskara, beti arriskuan dagoen hizkuntza izanik, bultzatu beharra dago. Baita kultura ere.
Udalean behin-behineko Plan Orokorra onartu da orain gutxi, eta ondorioz, etxebizitza berriak eraikitzeko aukera atzeratu egingo da. Hala ere, Kale Nagusian etxebizitza zaharkitu eta huts ugari dagoenez, Udalak etxe horiek egokitzea bultzatu behar du.
Bestalde, eskualdeko herrien arteko elkarlanari ere oso garrantzitsua deritzogu. Esaterako, Oria errekak soilik bereizten gaituenez, Zizurkil eta Villabonako Udalen arteko elkarlana bultzatu behar da.

Aipa itzazu alkate izanez gero, abian jarriko zenituzkeen hiru neurri…
Lehenik eta behin, energia auditoria egingo genuke; udaletxetik bertatik energia aurrezten hasi eta energia berriztagarriei bidea irekiz, Amasa-Villabonak energia berriztagarriak sortzeko zein aukera daukan aztertzearekin batera. Bigarren, herriko webguneari indarra ematen ahaleginduko ginateke: gune horretatik herri partaidetza bermatuko duen herri batzordea sortu nahi baitugu. Herri batzorde horretan auzoetako, ikastetxeetako nahiz elkarteetako ordezkariak eta zinegotziak biltzea gustatuko litzaiguke. Herria eta Udalaren arteko koska berdintzeko eskailera izatea nahiko genuke batzordea eta egun, teknologia berriek duten indarra ikusita, webgunea eguneratuta edukitzeaz gain, elkarte bakoitzak bertan bere lekua izatea oso garrantzitsua iruditzen zaigu. Hirugarren, guztion ahotan dagoen zaborraren gaiari ere irtenbidea eman nahi diogu eta birziklapena bultzatzeko, edukiontzi marroia jarriko genuke. Era berean, panelak jarriko genituzke herriko toki estrategikoetan, kartel guztiak leku berean itsasteko.

Zein da herrian konpondu beharreko arazo nagusia?
Herritarren partaidetza bultzatu beharra dago eta horretan ahaleginduko gara. Bestalde, Villabonak errekurtso handirik ez duenez, alkateak nahiz zinegotziek batetik bestera jo behar dute diru-laguntzak eskatzera. Diru-laguntzak eskatu aurretik, ordea, proiektuak eginak egon behar dute.

Amaitzear dagoen legealdiaren inguruan zer nolako irakurketa egingo zenuke?
Gure ustez, azken legealdian ez da egitasmo berririk gauzatu. Plan Orokorra duela lau urte onartu behar zen eta ez orain.

Zein izan da EAJren papera azken legealdian?
ANVk alkatetza hartu zuenean, nagusitasuna zutenez, ateak itxi zizkiguten eta Udalean zinegotzi izan diren alderdikideek ilusioa galdu zuten. Aurrera begira, alkatetza lortu edo ez, zinegotzi guztiekin lan taldea osatu nahi dugu herriaren alde, banaketarik gabe.   

Herritarrei mezurik?
Udaletxe aktiboa eta gertukoa agintzen diegu herritarrei. Udalak, politika baino gehiago kudeaketa ona behar du eta lan hori egiteko asmoa dugu; are gehiago, krisi egoeran.

Laburrean
Herriko txoko kuttuna: Loatzotik, Amasa-Villabonako ikuspegia.
Nabarmenduko zenukeen herritarra: Bixente Ameztoy.
Herrian faltan sumatzen duzuna: Garbitasuna.
Eta soberan: Soberan ezer gutxi, faltan gehiago.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!