Udal hauteskundeak: Zizurkil

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko mai. 18a, 11:20

Bildu: Jose Mari Luengo Zapirain
Herritarrengandik gertu egongo gara”

Azpeitiarra da izatez Jose Mari Luengo. Bertako enpresa batean mekaniko lanetan jarduten du, azken urteetan Zizurkilen bizi den Bildu koalizioko zerrenda-buruak.

Amaiera arte jakin ez baduzue ere, hauteskundeetara aurkezteko moduan izango zarete. Zer diozu erronka berriaren aurrean?
Azken ordura arte ez dugu jakin zer gertatuko zen Bildurekin, eta ondorioz, ohi baino geroago ekin behar izan diogu lanari. Alkatetza ateratzeko asmoz, pozik eta lanerako gogoarekin aurkitzen naiz.

Aurkeztuko al duzu Zizurkilgo Bildu tadea?
Ibilbide profesional ugariko talde anitza gara: langilea, ikaslea, nekazaria… Talde gisa egingo dugu lan; asmo onarekin, zentzuarekin eta umilak izanez. Esku artean erronka handia dugula kontziente garen arren, lanerako gogo handiarekin gatoz. Zizurkil goran nahiz beheran, herrian bertan bizi gara taldekide guztiak eta herritarrengandik gertu egongo gara.

Zein proposamen nagusi dakarzue Zizurkilgo udaletxera?
Gure herri programako ardatz nagusia herritarren parte hartzea sustatzea da. Horretarako gure eginkizuna herritarrengandik hurbil egotea izango da, herritarren beharrak zein diren entzun, ezagutu eta elkarrekin lan egin dezagun Zizurkil biziberritua eraikitzeko. Aurkezten dugun herri programa da horren adibide, herritarren ekarpenetatik osatua baita. Herri programa horretan agertzen diren esparru desberdinak lantzeko herri batzordeak antolatzea aurreikusten dugu datozen hilabeteetan elkarrekin lan egin dezagun. Hirigintza da herri programako zutabe garrantzitsu bat, herria fisikoki garatzea izango baita helburuetako bat, elkarbizitzarako herri erosoa eta erakargarria eginez. Herrian bizi dugun errealitatea da gazteek, ondoko beste herriak aukeratu behar izan dituztela bizileku gisa azken urteetan. Gure etxebizitza politikarekin gazteak herrian geratzea izango da helburua, hauek izango baitira herriaren etorkizuna. Bestalde, komertzioak eta beste hainbat zerbitzu garatu nahi ditugu, Zizurkil biziberritzeko asmotan. Eta noski, euskal herritar garen aldetik, euskara herritar guztien hizkuntza izan dadin lan egingo dugu, horretarako beharrezkoa den hizkuntza politika garatuz eta Udala bera eredu bilakatuz. Era berean, ez ditugu gainontzeko arloak ahaztuko: besteak beste atez-ateko zabor bilketaren inguruan herritarren iritzia entzun nahiko genuke, kultura, hezkuntza, ongizatea, nekazaritza, politika feminista edota migrazio politika lantzearekin batera.

Lehenbailehen konpondu beharreko hutsunerik ikusten al diozu herriari?
Etxebizitzen gaia konpontzea ezinbestekoa iruditzen zait. Gazteei bereziki, etxebizitza izateko aukerak eskura jarri behar zaizkie: babeseko etxebizitzak eraikiz nahiz alokairu soziala bultzatuz.

Zein hiru lehentasunezko neurri hartuko zenituzke herrian?
Herrigunea biziberritzea batetik, herritik igarotzen den trafikoari aurre eginez bariantea bultzatzea bestetik eta, herriko bizitza indartzeko komertzio txikia indartzea azkenik.

Amaitzear dagoen legealdiaren inguruan zer diozu?
Zizurkildar  gehiengo baten borondatearen kontra azken urteetan Udalaren gestioa PNVren esku egon da. Jarraitu dituzten kudeaketa eta politika irizpideek eraman dute herritarren zati handi batek Udalaren gardentasun eza salatzera batetik, eta ondorioz, herritarrak ez dira sentitu Udalaren parte, herri programarako ekarpenetan jasotako iritzien arabera. Bestetik, aipagarria da egungo Udalak eraman duen pribatizazio politika ere, adibide gisa azken egunotan hartu berri duten erabakia; herritarren parte-hartzea sustatzeko enpresa pribatu bat kontratatzea, alegia. Besteak beste, pribatizazio politika horrek eraman du gaur egungo Udalaren egoera ekonomikoa zaila izatea, izugarrizko zorpetze mailarekin.

Herritarrei mezurik luzatu nahi?
Herritarrengandik hurbil egon nahi dugu eta eskuzabal jokatuko dugu. Ez gara udaletxean itxita egongo. Uneren batean hanka-sartzeren bat egiten badugu, barkatzeko eskatzen dut aurrez.

Laburrean
Herriko txoko kuttuna: Egarri taberna, hantxe biltzen bainaiz lagunartean.
Nabarmenduko zenukeen herritarra: Pedro Mari Otaño. Euskara, kultura nahiz Zizurkil herria oso maite zituen gizona. Berriki Zizurkilgo Seme Kuttun izendatua.
Herrian faltan sumatzen duzuna: Komertzio, zerbitzu eta industria gehiago.
Eta soberan? Soberan apartekorik ez, faltan gehiago.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!