Udal hauteskundeak: Zizurkil

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko mai. 18a, 11:13

EAJ-PNV: Mari Anjeles Lazkano Larrañaga
Esperientzia izateak asko laguntzen du”

Zortzi urtez alkate izan ondoren, Mari Anjeles Lazkano berriz ere langintza berari eusteko gogoz aurkeztu da maiatzeko hauteskundeetara, EAJko zerrenda-buru gisa.

Hirugarren legealdiari ekiteko prest?
Herri txiki hauetan zerrendak osatzea ez da lan erraza. Gure kasuan, esperientzia mahai gainean jarri eta, ni bakarrik ez, zortzi urtez lanean aritu garen zinegotzi taldea aurkeztu gara. Zizurkilen gauza asko dago egiteko eta esperientzia izateak asko laguntzen du garai zailetan aurrera egin eta ekimenak gauzatzerakoan.

Laburbilduko al zenuke EAJk agintaldi berriari begira herrian dituen asmoak?
Beti esaten dut legealdia ez dela zerotik hasten, aurrera begira dauzkagun lau urte horiek beste lau dituztela atzetik. Horrek esaten digu bidean jarritako gaiak badaudela eta, gai horiek aurrera eramatea da gure helburua. Horien artean, krisiaren eragina ez dugu ahaztuko: izan ere, krisi egoeran Udalak arazoak baldin baditu, herritarrek zer esanik ez.
Ondorioz, babes ofizialeko etxebizitzen beharrari erantzuten ahaleginduko gara. Onartu dugun Plan Orokorrak aukera hori ahalbidetzen du eta urte bukaerarako, Pasusko 42 etxebizitza tasatuak egiten hasiko dira. Jarraian, babes ofizialeko etxebizitzak martxan jartzea da gure borondatea.
Bestalde, langabezian dauden herritarrei erantzunez, diru-laguntza batzuen bidez, uda ondorenean 6-7 pertsona lanerako hartuko genituzke. Ongizate batzordeko diru kopurua mantendu baino hazi egin behar da krisiaren egoerari aurre egiteko.
Jasangarritasuna eta energi berriztagarrien inguruan, herritarrei energia nola aurreztu jakinarazteko kanpainak egin behar dira, baina Udalak berak izan behar du lehenik eredu.
Era berean, herriaren aberastasunetako bat Zizurkil goiko landa-eremua da eta hori zaintzen jarraitu behar du Udalak. Gune hori bere balorean jartzeko, ordea, plaza inguruari irtenbidea eman behar zaio. Plan Orokorrean aurreikusita dago asmoa eta Udalaren lehentasunetako bat da hori ere.
Parte hartzea bultzatu nahi dugu eta dagoeneko aukeratu dugu udatik aurrera herritarrekin landuko genukeen gaia: Zizurkilen zer nolako kirol ekipamenduak nahiko genituzkeen, herrian kirolarekin lotutako hainbat talde eta erakunde dagoela ikusita. Fraisoroko belardietan gunea eraikitzeko lekua gordeta dago.
Udal barruko lanen artean, herritarrekin internet bidez harremanetan jartzeko asmoa dugu eta, besteak beste, eguneroko bizimoduan lehentasuna duten zerbitzuak onak izateari garrantzia handia emango diogu.

Zein da Zizurkilen konpondu beharreko arazo nagusia?
Dudarik gabe, jasaten ari garen trafikoa. Foru Aldundiak gauzatu beharreko lana denez, guk lehenbailehen irtenbidea emateko eskatzen diegu eta lan berean jarraituko dugu. Errepidearen trazatua definituta dagoen arren, bultzatzeko jarraipena egingo dugu.

Amaitzear dagoen legealdiaz zer nolako irakurketa egiten duzu? Autokritikarik?
Balorazio positiboa egingo nuke: datorren legealdian, gure asmoak gauzatzeko aukera, aurrez egindako Plan Orokorrari esker izango baitugu: gure bizkarrezurra da. Azken legegintzan pilotalekua berritu, bide-gorria egin, Ugare auzoa Villabonako Udalarekin elkarlanean eraberritu…, egitasmo ugari gauzatu da.
Zizurkilgo Udala krisi egoerara nola egokitu den azpimarratuko nuke: baliabide ekonomiko murritzekin zerbitzuak kalitaterik jaitsi gabe kudeatu baititu. Politikariek eta teknikariek lan bateratua egiten jakin dugulako lortu dugu emaitza hori eta eguneroko lanean gabiltzanoi eskerrak ematea besterik ez zait geratzen niri.
Autokritikari leku eginez, argi dago gauzak beti hobetu litezkeela. Hobe zatekeen, esaterako, Plan Orokorra lehenago osatzeko aukera izan bagenu. Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritzarekin batera lan egiten dugunez, pausoak bateratuago emateko hiru erakundeen arteko koordinazio hobea falta da.

Herritarrei mezurik?
Esperientzia badugunez, momentu zailei aurre egiteko segurtasuna dugu eta krisi egoeran egonagatik, Udaleko zerbitzuak hobetzen ahalegina egingo dugu. Herritarrengandik hurbil egotea da nire filosofia eta haien kritikak nahiz proposamenak jasotzeko prest gaude.

Laburrean
Herriko txoko kuttuna: Zizurkil, bere osotasunean.
Nabarmenduko zenukeen zizurkildarra: Xerapio Mendizabal. Asko zekien pertsona izateaz gain, esaten zekielako.
Herrian faltan sumatzen duzuna: Zizurkil gora eta behera lotzeko bide-gorria.
Eta soberan? Osotasunean oso herri egokia da Zizurkil.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!