Udal hauteskundeak: Zizurkil

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko mai. 18a, 11:10

PSE-EE: Oscar Martinez Orive
“Sozialistok oposizio eraikitzailea egin izan dugu beti Zizurkilen”

Hirugarren txanda du Oscar Martinez errenteriarrak Zizurkilgo PSE-EEko alkategai moduan aurkezten dela. Azken agintaldian zinegotzi izan da bertan.

Hirugarren aldiz aurkeztuko zara PSE-EEko zerrenda-buru Zizurkilen. Zein da zure erronka legealdi berri honen aurrean?
Legealdi berri honetarako gure helburu nagusia udaletxetik babes sozialerako politikak bultzatzea da, bereziki, aukera gutxien duten herritarrei zuzendutakoak. Finean, politika sozialista egitea.

Zein dira PSE-EEren helburu nagusiak Zizurkilgo Udalerako?
Batetik, babes ofizialeko etxebizitzen promozioa bultzatzea; bai alokairuan nola azalera eskubidean, bereziki gazteei zuzenduta. Bestetik, herriko mantenu brigada indartzea. Era berean, Zizurkilgo auzo bakoitzak dituen hutsune eta beharren inguruan azterketa sakona egitea, eta noski, enplegua bultzatzea; ahal den neurrian herriko enpresak babestuz, euren langileak mantenduta krisi ekonomikoa gaindi dezaten. Herrian aberastasuna eta lanpostu berriak sortuko dituzten enpresa berriei ere laguntza eman beharko litzaieke.

Ahulgunerik ikusten al diozu Zizurkili?
Zizurkilek ahulgune ugari du, eta guztiak, Hirigintzako Plan Orokorraren onarpena hainbeste atzeratzeari lotu behar zaizkio. Gure herriak denbora luzean itxaron behar izan du etxebizitza plana garatu ahal izateko, edota Zizurkilgo jarduera ekonomikoa mantendu nahiz hobetzeko laguntza egitasmoak gauzatzeko. Kultur eta kirol azpiegiturak falta dira, Atxulondo Kultur Etxea eraberritu beharra dago, eskolak zabaldu… Eta, sozialistontzat garrantzitsuena, udaletxetik enplegua sortu ahal izateko neurri zehatzak hartzea da, bide batez, Gizarte Zerbitzuetan ere enplegu berri horien aukerak bilatuz.

Aurreko legealdian Udal gobernuak egin duen lanaren zein balorazio egiten duzu?
Aurrez esandakoa: Udal gobernuko taldea oso geldo ibili da Hirigintzako Plan Orokorra onartzerakoan. Gipuzkoako Foru Aldundiak 2011ko apirilaren 15ean onartu izana ez zaigu bidezkoa iruditzen, legealdia amaituta zegoenean. Gainera, krisi ekonomikoari, garapenerako aukerarik gabe egin diogu aurre Zizurkilen, hirigintzako baliabideak falta zitzaizkigulako.

Eta oposiziotik egin duzuen lanarena?
Sozialistok oposizio eraikitzailea egin izan dugu beti Zizurkilen, zuzenak iruditzen ez zaizkigun jokaerak salatuz, irtenbideak proposatuz eta bat egiten dugun ekimenen aurrean aldeko botoa emanez. Alderdi sozialistako bi zinegotziok, 2007 urtean guri konfiantza erakutsiz botoa eman ziguten herritarrei modu duinean erantzun diegu.

Zein mezu bidaliko zenieke zizurkildarrei?
Buru naizen alderdi sozialistako hautagaitzak, duela lau urte bezala, egunerokotasunean Zizurkilen bizi eta lan egiten duten herritarrek dituzten beharrei erantzungo diegula jakinarazi nahi diet. Ez gara eztabaida ideologikoetan liskartuko, lan politiko aurrerakoi eta solidarioa egingo dugu Zizurkilgo udaletxean.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!