Pili Legarra asteasuarra, bertako Udal langilea da. ‘Asteasu Batuz’ herri kandidaturako zerrenda-buruak, politikarik egin nahi ez duela dio: “herriaren aldeko lana baizik”.
Laburbilduko al zenuke ‘Asteasu Batuz’ taldeak datorren legealdiari begira duen asmo nagusia?
Partaidetza eta integrazioari eman nahi diogu lehentasuna. Zentzu zabalean ulertuta, integrazioa landua eta lortua duen herria izatea nahi dugu Asteasu. Bertan jendea gustura sentitzea; non jendeak lasaitasun osoarekin galderak egin ditzakeen, horregatik kritikatua sentitu gabe. Horretarako jendeak Udalaren parte sentitu behar du eta herritarren nahiz Udalaren arteko elkar eragitea etengabea behar du izan. Hori guztia Udaletik soilik gauzatzea ez da egokia, jendearen partaidetza behar-beharrezkoa jotzen dugu. Horregatik batzorde parte hartzaileak egituratuko ditugu, bere araudiarekin, non kolaborazioa landuko den. Zentzu eraikitzailea emango diogu eta desegilea baztertu.
Aipa itzazu alkatetza lortuz gero abian jarriko zenituzkeen hiru neurri…
Hasiera batean, oso beharrezkoa ikusten dugu herrian diagnosi sakon bat egitea; zein behar ditugun asteasuarrok, zein nahi, nora eraman nahi dugun herria, nolako Asteasu nahi dugun etorkizunean… Herria aldaketa nabarmenak izaten ari da, kanpoko jende ugari etorri da eta hori ona da, integrazioa eta etorkizuna ondo lantzen badira. Egun, 0tik 19 urte bitarteko herritarren multzoa 350 pertsonakoa da: 1500 biztanleko herri batean kopuru garrantzitsua. Horrek erronka planteatzen digu aurrera begira eta ez da soilik etxeak eraikitzea izango. Ez, gaia sakonago aztertu beharko da, zer motatako herria izan nahi dugun jakiteko. Diagnosi horretatik aterako dira gero aurrera eraman beharreko egitasmoak. Gure programa ez da ohikoa; ez dugu ezer aginduko, behetik hasiko gara lanean; ez gatoz behar ez den edo nahi ez den ezer eskaintzera. Jendearekin egin behar da lana, eta ez soilik jendearentzat.
Dena den, ziur nago, diagnosi horretan egun garraio publikoan dugun gabeziaren gaia aterako dela. Asteasuarrei bermatu egin behar zaie Asteasutik Villabonarako lotura.
Era berean, inguruko herriekin ere jarriko ginateke harremanetan; egun ez baitu zentzurik hainbat zerbitzu herri bakoitzean errepikatzeak. Populazio txikia dugu eta gauza asko bailara gisa burutu beharko lirateke, herriko mugak konplexurik gabe gaindituz. Diru gehiegi ari gara gastatzen askotan zerbitzu eskasak izateko.
Zein da herrian konpondu beharreko arazo nagusia?
Bakarra izendatzea ez da erraza, bakoitzarentzat ezberdina izango baita. Gure ustez aurrez aipatu dudan garraio publikoaren gabezia lehentasuna eskatzen duen arazoa da, eta herriko gazteentzat bideratutako etxebizitzen beharra ere azpimarragarria iruditzen zaigu. Eta noski, herria hazten ari den heinean, zerbitzu gehiago eskatzen du, integrazio beharra…
Amaitzear dagoen legealdiaren zein irakurketa egingo zenuke?
Egungo Udalean ez gaudenez, ez zait egokia iruditzen besteen lana baloratzea, bertan lanean aritzeak soilik errespetu osoa merezi baitit.
Zein da zuen taldeak etorkizuneko Asteasuri eskainiko dion bermea?
Denon artean eraikiko dugun Asteasu bidean jartzea, denon iritziak kontuan hartuko dituena, inor baztertu gabe. Herritarrek Udalaren parte sentitu behar dute, eta hori ez da lortzen asmoa soilik izanda, hori landu egin behar da. Inkestak begiratu besterik ez dago, herritarrak politikariengandik zein urrun sentitzen diren ikusteko. Hori ez da kasualitatea, jendea ez da entzuna sentitzen, ez zaio iritzirik eskatzen… Egoera gainditzeko parte hartzea bultzatu behar da, gazteengatik hasita. Hauek ere hainbat ekintzen antolaketan parte hartu behar dute, ardurak hartzen utzi egin behar zaie, bestela sekula ez dute ikasiko.
Herritarrei mezurik luzatu nahi?
Garai berri baten aurrean gaudela eta herrian sumatzen dugun aldaketaren nahiari erantzuten saiatuko garela, beti, herritarrak kontuan hartuz. Bozketa egunean parte hartzeko eskatuko nieke, herriko Udala denon ardura delako.
Laburrean
Herriko txoko kuttuna: Elizmendi auzoa.
Nabarmenduko zenukeen herritarra: Emakume naizen aldetik, nire arbasoa izan zen Mikaela Elizegi anderea, Pello-Errotaren alaba. Aitari buruz liburu ederra idatzi zuena.
Herrian faltan sumatzen duzuna? Herri giroa, elkarrenganako konfiantza, batura.
Maiatzaren 22an zer? Herritarrek izango dute aukera eta hitza; ordura arte lasai. Nahi eta ez iritsiko da maiatzaren 23a ere, eta ez da mundua bukatuko.