Udal hauteskundeak: Asteasu

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko mai. 18a, 10:46

Bai Asteasuri (BA): Iñaki Amenabar
“Udalaren kudeaketa eraginkorraren bermea gara”

Azken lau legegintzatan izan da Asteasuko alkate Iñaki Amenabar. ‘Bai Asteasuri’ herri kandidaturako taldekideekin batera, bosgarren legealdiari ekiteko ilusio bizia agertu du.

Aurkeztuko al zenuke ‘Bai Asteasuri’ herri kandidatura?
Batetik, alkatetzarako zerrendako hautagairik gazteena aurkezten dugu, baina esperientziarik gehien duena. Bestalde, emakumezko gehien aurkezten dituen zerrenda gara. Era berean, krisi ekonomikoaren erdian, Udalak esperientzia duten pertsonak behar dituela uste dugu: garai zail hauetan Udalaren kudeaketa ondo bideratzeko. Horrexegatik errepikatu dute zerrendan aurreko hainbat zinegotzik.

Laburbil iezaguzu ‘Bai Asteasuri’ herri kandidaturak agintaldi berriari begira duen ideia nagusia…
Hamasei urte daramatzagu talde lanaren bidez Asteasu nahiz bertako bizilagunen bizi kalitatea hobetzen. Herritarren partaidetza bultzatuko dugu, kudeaketa gardena egiten jarraituko dugu eta alkatetza lortzen badugu, asteasuarrek aukeratutako zinegotzi guztiekin lan egiteko asmoa dugu.
Kultura, euskara, nekazaritza, ingurugiroa, azpiegiturak, ongizatea, merkataritza eta ostalaritza, enplegua, gazteria, industria…, sail ugari jorratu nahi dugu. Era berean, babes ofizialeko etxebizitzak nahiz tasatuak eraikitzeko asmoa dugu datorren agintaldian; legealdi honetan etxeak eraikitzeko bi gune prestatu ditugu, Lamiategiko soroan eta eskola txikiak zeuden eremuan.

Aipa itzazu alkate izanez gero, abian jarriko zenituzkeen hiru neurri…
Alde batetik, herritarren parte hartzea sustatzeko, Asteasu 2011-2010 prozesu parte hartzailea landuko genuke: 2020 urtean nolako Asteasu nahi dugun guztion artean erabaki dezagun. Bigarren, garraio publikoari dagokionez, Foru Aldundiak zerbitzu hori hobetu dezan bultzatzen jarraituko dugu. Legealdi honetan Asteasuko Udalak, eskualdeko gainerako udaletxeekin batera, garraio publikoa hobetzeko saiakerak egin ditu eta hurrengo legealdian ere, gure esfortzuetako bat lan horretara bideratuko dugu. Hirugarren egitasmo nagusia, teknologia berriaren aroan, zuntz optikoaren azpiegitura zabaltzea litzateke bai herrigunean eta baita Elizmendin ere. Bide-gorria baliatuz, Villabona eta Zizurkilekin lotu nahiko genuke Asteasu; asteasuarrek ere Gipuzkoako herri handiek dituzten teknologia zerbitzu berberak izan ditzaten. Bide-gorria egin zenean, zuntz optikoa herrira ekartzeko hodiak jarri ziren, beraz, udazkenean, Zizurkilgo behin-behineko bide-gorriaren 500 metroak egokitzen direnean, posible izango da asmo hori gauzatzea.
 
Zein da herrian konpondu beharreko arazo nagusia?
Egungo arazo nagusia bizi dugun krisi ekonomikoa da eta horrek eragin dituen egoera latzak, bai pertsona, familia, enpresa nahiz udaletxe mailan. Ondorioz, Udaleko Gizarte Zerbitzuetatik langabetuei laguntzen ahaleginduko gara eta baita premia larrian geratu diren pertsona eta familiei ere.

Amaitzear dagoen legealdiaren balorazioa egingo al duzu?
Asteasu hobetu eta agindutakoa betetzeko talde lana egin dugu. Baina krisi ekonomikoak guztiongan eduki du eragina: pertsona, familia, enpresa…, eta baita Udalarengan ere. Krisi garaian egon arren, ordea, lau proiektu handi atera ditugu aurrera: eskola berria, haurreskola berria, bide-gorria eta igerilekuak. Gainera, behar gehien duten herritarrei ere lagundu diegu Gizarte Zerbitzuen bidez. Ondorioz, balorazio baikorra egiten dugu.

Zein da zuen alderdiak etorkizuneko Asteasuri eskainiko dion bermea?
Hamasei urte daramatzagu Asteasu ez ezik, bertako herritarren bizi kalitatea hobetzen. Urte hauetan herritarrei emandako hitza bete dugu. Udalaren kudeaketa eraginkorraren bermea gara.

Herritarrei mezurik luzatu nahi?
Asteasu herria interes politiko guztien gainetik dago eta ‘Bai Asteasuri’ taldeak beti eduki du garbi hori: Asteasu aurrena. Urte hauetan guztietan egin dugun lanarekin gustura zaudetenoi, berriro ere gure aldeko botoa ematea eskatzen dizuegu. Ez dizuegu hutsik egingo, zuen zerbitzura gaude.

Laburrean
Herriko txoko kuttuna: Igerilekuak. Aurrerantzean uda bizia izango dugu Asteasun.
Nabarmenduko zenukeen herritarra: Herritar guztiak. Okina, harakina, idazlea, politikaria…, denak berdinak gara.
Herrian faltan sumatzen duzuna: Villabonarekin maiztasunez lotuko gaituen mikrobusa.
Eta soberan? Gaizki aparkatutako autoak eta txakur jabeek edozein tokitan utzitako txakur-kakak.
Maiatzaren 22an zer? Asteasu aurrena. Bai Asteasuri, Asteasu aurrera!
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!