Udal hauteskundeak: Asteasu

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko mai. 18a, 10:44

EAJ-PNV: Luke Uribe-Etxebarria.
“Udaletik herritarren bizitza hobetzeko prest gaude”

Beasaindarra da izatez Luke Uribe-Etxebarria, baina Asteasun bizi da 2003 urteaz geroztik. Azken urteetan Asteasun garatu duten estiloa abian jartzeko asmoz aurkeztu da EAJko zerrenda-buru, Legebiltzarkidea eta EAJko Gipuzkoa Buru Batzarreko burukide ere badena.

Aurkez iezaguzu EAJk Asteasun osatu duzuen taldea…
Gure taldea esperientzia duen taldea da, indartsua eta konprometitua; zerrenda kide asko Udal kudeaketan arituak gara eta lanerako ez ezik, Udaletik herritarren bizitza hobetzeko gure ekarpena egiteko prest gaude.

Laburbilduko al zenuke EAJk agintaldi berriari begira Asteasun duen ideia nagusia?
Asteasuko Udala kudeatzeko beste estilo bat behar dela uste dugu, azken urte hauetan guk proiektatu nahi izan dugun estiloa hain zuzen ere. Estilo berri horrek hiru zutabe nagusi ditu. Alde batetik, gardentasuna: hartzen diren erabakiak argi eta garbi herritarrei helarazi eta informatuz. Bestetik, herritarrenganako gertutasuna: guk oso garbi daukagu herritarren zerbitzurako gaudela eta ez alderantziz. Herritarrei errespetuz eta berdintasunez entzun behar diegu. Hirugarren zutabea arretaz eta arduraz jokatzea litzateke, ahal dugun neurrian herritarren ilusioak partekatuz eta kezkei erantzuna emanez. Filosofia edo printzipio aldetik hori da herri honek behar duen aldaketa nagusia. Ildo horiei jarraiki aritu gara lanean azken urte hauetan eta ezaugarri horiekin ezagutzen eta onartzen gaituzte herritarrek.

Aipa itzazu alkate izanez gero abian jarriko zenituzkeen hiru neurri…
Lehenik, herriko plaza nagusia berritu eta modernizatu: oinezkoentzat eremu bat irabazi beharko genuke gure ume, gazte eta helduentzat elkarbizitzarako esparru zabala izan dezagun, segurtasunarekin batera. Bigarren, kirol azpiegiturak abian jarri: pilotalekua badugu, gimnasio txiki bat ere bai, baina kirol azpiegiturak behar ditugu. Esaterako, saskibaloian, eskubaloian nahiz futbitoan jolasteko minipista. Futbol zelai txiki bat ere behar dugu. Bi ezaugarri beteko lituzkete: urte osoan zehar erabilgarri izatea eta herriko sozio-kirol bizitza animatzea. Hirugarren, zuntz optikoaren azpiegitura herrian zabaltzea: duela bi urte proposatu genuen, baina oraindik ez da gauzatu. Gure ustez Asteasuko herritarrok telekomunikazio aldetik, inguruko beste herrietako herritarrek dituzten abantaila eta zerbitzu berberak izan beharko genituzke. Herri txikia izanda, ezin dugu atzean geratu.

Zein da herrian konpondu beharreko arazo nagusia?
Alde batetik azpimarratu egin nahiko nituzke gizarte zibiletik datozen iniziatibak, ugari eta oso aberasgarriak baitira. Herritarrek eskertzeko moduko ekarpen asko egiten dizkiote herriari. Udaletik hori guztia babestu eta bultzatu egin behar dugu guk. Hutsune nagusia, Udal agintariek herritarrekin izan duten harreman estiloa litzateke; errotik aldatu beharrekoa. Gardentasuna, gertutasuna eta errespetua beharrezkoak dira eta hori falta izan dela nabarmena da.

Amaitzear den legealdiaren inguruan zein ikuspegi duzu?
2009ari begira, hainbat erakundetan erabaki zen bezala alkatearen soldata mantentzea eskatu genuelako, Udal gobernutik bota egin gintuzten.
Asko kezkatzen gaitu egin diren obra batzuen finantziazio sostengua etxebizitzak egitean oinarritu dela ikusteak, antzinako finantziazio eskemak bultzatuz. Ekonomikoki Udala ez dago egoera errazean, finantza konpromiso batzuk gainean ditu eta hori oso kezkagarria da.

Zein da zuen alderdiak etorkizuneko Asteasuri eskainiko dion bermea?
Azken urteotan garatu dugun lan estiloari eutsiko genioke: informazioa eskainiz, herritarrak errespetuz eta berdintasunez entzunez eta ahal den neurrian haien arazoak konpontzen saiatuz.

Herritarrei mezurik luzatu nahi?
Orain arte bezala, ekarpenak modu positiboan eta eraikitzailean egiten saiatuko gara. Hori da Udalak egin dezakeen ekarpenik nagusiena.

Laburrean
Herriko txoko kuttuna: Elizmendi.
Nabarmenduko zenukeen herritarra: Anjeles Uzkudun: pertsona abertzalea, euskaltzalea, konprometitua, umila...
Herrian faltan sumatzen duzuna: Merkataritza eta ostalaritza laguntzea eta garraio publikoaren azterketa egitea.
Soberan? Orain arte Udal gobernu kideek herritarrekin izan duten estiloa.
Maiatzaren 22an zer? Oso irekita dago. 2009ko Legebiltzarrerako hauteskundeetan babes nagusia jaso genuen. Herritarrek erabakiko dute.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!