Apirilaren 18az geroztik Aduna Lizartzarekin parekatu dute, han PP agintzen ari delako. Zer eragingo luke PP alderdiak Adunan alkatetza lortzeak?
Eragina ikusteko dago. Gu behintzat beti izan gara gure idiosinkrasia zaindu dugun herria. Gure gaiak erabakitzeko garaian, eskubide edo ahalmen hori gure esku egoteko asko borrokatu dugu historikoki ere. Aduna historikoki erreferentzia izan da hainbat herrirentzat eta bailara mailan ere puntan egon gara beti. Orain, zirkunstantzia batzuengatik, ez da herrian kandidaturarik osatu, eta bat-batean, herrikoak ez diren pertsonak eta herriarekin zerikusirik ez dutenak herrian agintzen jartzea nahiko gai kezkagarria dela uste dut. Herritar asko oso kezkatuta dago.
Zure ustez, zein dira datorren legealdiari begira herriaren alde lan egingo duen herriko talderik ez osatzeko arrazoi horiek?
Faktore bat baino gehiago izango da tartean, baina nagusiki, alderdien legea eta horren ondorengo ilegalizazioa aipatuko nituzke. Esaten dutenez, Adunan 30-40 pertsona daude ilegalizazioaren ondorioz zerrendan aurkeztu ezin daitezkeenak. Gainera, kontu izan behar da pertsona horiek gure ondorengo belaunaldikoak direla, normalean Udalaren ardura eraman beharko luketenak, baina ezin dutenak. Horrek belaunaldien arteko haustura sortu du: batetik lehendik udaletxean urte mordoa egin dugunak geratu gara, eta bestetik, gazteak, oso gazteak, 20 urteren bueltakoak. Eta gazte horiek bakarrik ez dira udaletxearen martxa hartzera ausartu. Adunan historikoki beti gertatu da agintaldi bakoitzean zinegotzi batzuek errepikatzea eta gainerakoak berriak izatea. Udaletxean esperientzia duen jendearekin sartzea askoz ere errazagoa da lanari jarraikortasuna emateko. Kasu honetan gazteak bakarrik ez dira ausartu pausoa ematera, bertigoa sentitu dute. Parean, berriz, aurreko belaunaldikoak nekatuta, eta erdikoak, nolabait esan, ilegalizatuta.
Bestalde, herritarren artean harremana ona izan da eta ez da sekula blokerik osatu. Udala guztion artean aurrera atera da beti eta oraingoan ere, herritar askok azken momentura arte zer edo zer aterako zela espero genuen. Egungo egoera tristea da, baina udaletxean egongo direnak herritarrak izan daitezen saiatu behar dugu aurrera begira. Nire ustez, pasatakoak pasa eta egoera ezagutu ondoren, egun, zerrenda nola edo hala osatu egingo litzateke.
Adunan PPk 10-12 boto beharko lituzke agintzeko. Kopuru hori eskura dezaketela uste al duzu?
PPk alkatetza lortzeko behar dituen botoak lortzea oso zail daukala uste dut. Batetik, historikoki, boto bat edo bi atera izan dituelako beti. Bestetik, egoera ikusita, Adunako herritarrek erantzun egingo dutela iruditzen zait. Ahalik eta jende gehien, boto zuria ematera joan dadin saiatuko gara gu. Adunan, media orokorrak baino jende gehiagok eman izan du botoa orain artean eta, kasu honetan, adunar gehienak boto zuria ematera etortzearekin batera, alderdi popularrari hauteskundeak irabazteko muga nahiko altu jarriko zaiola iruditzen zait. Hori da nire esperantza.
Ezohiko egoeraren aurrean, boto zuria eskatuko duzue, beraz…
Herritar askok behintzat oso argi daukagu boto zuria eskatzeko deia egin behar dela eta horretan saiatuko gara. Modu horretan, herritarrak izan daitezen udaletxeko lana kudeatzen jarraituko dutenak. Hori da helbururik garrantzitsuena une honetan.
Herritarrek egoeraren aurrean erantzungo duten esperantza dut nik. Izan ere, zenbat eta jende gehiagok boto zuria eman, PPk alkatetza eskuratzeko behar duen %5era iristeko aukera gutxiago izango baitu. Baina hori ziurtatzeko, botoa eman egin beharra dago; hortxe dago gakoa.
Hauteskundeak iritsi aurretik, PPk euren zerrenda erretiratzeko aukerarik aurreikusi al duzue?
1979 urtetik gaur arte udaletxetik igarotako (bizirik gauden) Adunako alkate eta zinegotziek izenpetuta, eskaera formala luzatu diogu PPri euren zerrenda erretiratzeko eskatuz. Hala ere, herri guztietan aurkezteko duten estrategia orokorra kontuan izanda, zaila izango da hori. Formalki erantzun ez badute ere, hitzez horixe adierazi digute.
Gehiengoa boto zuria izanez gero, Foru Aldundiak behin-behineko agintariak izendatu beharko lituzke. Kasu horretan nori egokituko litzaioke aginte makila hartzea Adunan?
Gipuzkoan aurrekariren bat badagoen arren, ez dakit legeak zer esaten duen kasu horietan. Nik uste Gipuzkoako Foru Aldundiak herrian zer giro dagoen ikusiko lukeela lehenik eta adostasuneko kandidatura bilatu beharko lukeela. Ezin dezakegu herriaren etorkizuna herria ezagutzen ez dutenen esku utzi, Adunako historiaren kontra joango litzateke.
Azken urteotan udalgintzatik urrunduta zabiltza. Egoera honek berriz ere itzultzeko beharra piztu al dizu?
Buelta asko eman diot gaiari, pertsonalki egoera gogorra izan da niretzat. Nik 28 urte udaletxean egin ondoren, berriz bueltatzeko, emergentziazko egoera beharko luke eta ez nuke nahi berriz udaletxera itzultzeko beharrean gertatzea. Izan ere, sartzea baino zailagoa izaten baita ateratzea eta guztiak baitu bere bukaera.
Boto zuriaren aldeko kanpaina
UDAL HAUTESKUNDEAK
Adunan boto zuriaren alde egiteko kanpaina burutzen ari dira herritar gehienak. Garrantzitsua da boto zuriaren azalpena egitea.
Sobre hutsa boto zuria da
Boto zuria horrela definitzen da espainiar estatuko legedian: Según la Ley Orgánica 5/1985, de 19 de junio, del Régimen Electoral General, en su artículo 96, punto 5: "Se considera voto en blanco, pero válido, el sobre que no contenga papeleta". Beraz, sobrea hutsik sartu behar da hautes-ontzian zuri bezala kontuan hartzeko.
Baliogabea edo nuloa da sobrearen barruan paper zuria daraman botoa.
Batzar nagusietarako hauteskundeak
Aralar, Bildu, EAJ-PNV, EB-IU, H1!, PP, PSE-EE..., adunarrek aukera ugari dute bozkatzeko.