Udal hauteskundeak: Larraul

Herri Aukera (HA): Karlos Irazu Muñoa eta Larraul Aukera (LA): Xabier Mujika Pagola. Bi Udal talde sortu izanaren arrazoien bila

Estrainekoz Larraulen bi Udal zerrenda aurkeztu dira. Herria kudeatzeko bi talde sortu izanaren arrazoien artean, badirudi Herri Eskola kudeatzeko ikuspegi ezberdinak daudela banaketaren oinarrian.  Eta horrek, antza denez, arazo pertsonalak sortu dituela.
Karlos Irazuren taldeari honen inguruan galdetuta honakoa erantzun dute: “Larraulen, zorionez, urte askotan ez bezalako bizia, giroa, herri ekimenak eta parte hartzea daude, alor askotan. Hauteskundeak etorri eta joan egiten dira, bainan Larraulek arnasa hartzen jarraituko du larrauldar guztiengandik”.
Xabier Mujikaren taldearen ustean, berriz, “Herri Eskolak, zoritxarrez, herria batu beharrean, banatu egin du. Eskola bera bideratzeko jarrera ezberdinek kalte handia egin diote elkarbizitzari”. Eta horren ondorioz, “aspaldiko herriko liskarrek baldintzatu dute bi talde osatu izana”.

Herri Aukera (HA): Karlos Irazu Muñoa


1. Hauteskunde aurreko herri bileran bozketa bat egin zen. Zuek nola interpretatzen duzue han gertaturikoa?
Udal hauteskundeetan Herri Aukerako hautagaiak bozketa bidez aukeratu dira beti, eta aurten ere bai. 70 larrauldar bilduta, Aritz Usandizagak atera zuen boto gehien eta berari alkatetzarako aurkeztea eskatu genion. Usandizagak nahiago zuen ardura hori esperientzia gehiagoko batengan uztea. Bozketako txandari jarraituz, Karlos Irazuri eskatu zaio alkategai joatea eta Usandizaga alkate-ordegai. Herri Aukeraren lana bozketak emandako ardurak geure gain hartu eta lan egitea da. Bozketan gertatutakoaren interpretazioa botoa eman zutenei dagokie.

2. Zergatik aurkeztu dira bi zerrenda, eta ez bakarra?
Herri bozketara hautagai aurkeztu eta 70 herritarren hitza onartu dugunak gaude Herri Aukera zerrendan. Bozketaren emaitza beste bat izan balitz ere, zerrendakideok berdin-berdin onartuko genuen.

3 Zergatik eman behar zaizue zuei botoa?
Herri Aukerako zerrendakideok Larraulekiko helburu eta konpromisoak landu ditugu. Herri izaera, integrazioa, azpiegiturak eta zerbitzuak indartu nahi ditugu udaletxetik ere. Norabide horretan egingo dugu lan.
Zergatik eman behar zaigun botoa? Guk gure lanerako borondatea, helburuak eta konpromisoak aurkeztu ditugu, ez dugu botorik eskatu. Botoa pertsonala da eta norberak baloratu behar du zeini, zeri eta zergatik eman.

4. Zein da zuen ideia edo egitasmo nagusia?
Hiru egitasmo nagusi ditugu: lehenbizikoa, eta, beharbada garrantzitsuena, lau urterako Udal plangintza finkatzea Herri Aukeraren helburuak eta herritarren asmo zein proiektuak kontuan hartuta. Horixe da gure elkarlan eredua, eta herrigintza proiektu bateratu horrek zehaztuko ditu lau urteko lehentasunak. Bigarrena martxan dagoen Plan Orokorra bere potentzialitate osoan garatzea izango da, eta herri bozketa bidez onartzea. Eta hirugarrena, etorkizunera begira Larraulgo mendiko belaze eta basoetan proiektu mankomunalak lantzeko aukerak aztertuko ditugu, beste herrietako esperientziak aztertuta.

5. Zein ekimen edo aktuazio zehatz egitera konprometitzen zarete?
Plaza ingurua peatonalizatu egingo dugu, behin betiko Plan Orokorraren eskutik. Arrisku egoerak egon dira, eta lehenbailehen egin beharreko lana da. Era berean, Udal lizentziak emateko prozedura landu eta publiko egingo dugu. Proiektuan den balioanitzeko eraikuntza berria bultzatuko dugu. Haurtzaindegi eta eskola zerbitzuak garatu eta herrian mediku zerbitzua lortzen saiatuko gara. Birziklapena indartzeko aukerak aztertuko ditugu, frontoiari euriarentzat babesa jarri nahi diogu, etab.

Larraul Aukera (LA): Xabier Mujika Pagola

1.   Hauteskunde aurreko herri bileran bozketa bat egin zen. Zuek nola interpretatzen duzue han gertaturikoa?
Larraulen orain arte egon den sistemarekin, herri batzarrean bozketa bidez udaletxera joango diren bost zerrendakideen izenak ateratzen ziren. Hauteskunde eguna iristen zenean herritarrek erabakitzen zuten bost horietatik zeinek zuen babes handiena, alkate lanetan aritzeko.
Orain sistema aldatu egin da: zinegotzien kopurua bostetik zazpira igo da eta hauteskunde egunean ez da pertsona baten alde bozkatzen, zerrenda osoaren alde baizik.
Aurtengo herri batzarrean ikusi zen herritar talde antolatu bat aurkeztu zela eta horien eraginez baldintzatuta geratu zen hautagaien aukeraketa sistema eta emaitza.

2.    Zergatik aurkeztu dira bi zerrenda, eta ez bakarra?
Herri batzarrean jasotako emaitza ikusi ondoren, herritar talde bat elkartu ginen han gertatutakoa baloratzeko. Gure ustez batzar horretatik ateratako zerrendak ez du herriaren errealitatea isladatzen. Ikusten dugu bi taldetan aurkeztuta hauteskundeetan argiago adieraziko dela zein den herriaren benetako nahia.

3.    Zergatik eman behar zaizue zuei botoa?
Bi zerrendetan joanda udaletxean sartuko den taldea anitza izango delako. Herriak irabaziko duelako, Larraul guztiok osatzen dugulako: haurrek, gazteek eta helduek.

4.    Zein da zuen ideia edo egitasmo nagusia?
Aurreko agintalditik martxan dauden proiektuak garatu eta behar diren berriei ekin, beti ere, herritarren iritzia eta beharrak kontuan hartuz. Ahalik eta kontsentsu handiena lortuz.

5.    Zein ekimen edo aktuazio zehatz egitera konprometitzen zarete?
Gauza jakina da, eta udalgintzan aritu garenak hori ondotxo dakigu, Larraulgo Udala kanpoko erakundeen finantziazioaren menpe dagoela. Horren ondorioz, ekimen edo aktuazio batekiko konpromisoa adieraztea zaila da.
Hala ere, aurreko agintalditik martxan jarritako proiektuak eta, garrantzitsuena dena, hasitako Plan Orokorra garatuko ditugu, beti ere herritarren iritzia kontuan hartuz.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!