G puntua hemen da

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko mai. 18a, 10:20

“Inoizko txapelketa handiena”, horrela definitu dute antolatzaileek hasi berri den Gpuntua, 2011 Gipuzkoako bertsolari txapelketa. 76 bertsolari ariko dira kantuan, horietako lau Beterri-Aiztondokoak.

Lehen aldiz iraungo du bertsolari txapelketa batek ia zortzi hilabete. Gpuntua maiatzaren 8an jarri zen abian Orion, eta abenduaren 18an jokatuko da Finala Donostiako Illunben. Bien bitartean, 26 herritatik igaroko da, eta udazkenean eskualdea ere bisitatuko du bitan, Andoainen eta Villabonan saioak izango baitira. Aurtengo txapelketa berezi egiten duena ordea, abian den kanporaketa fasea da.

Iguarandarrak kantari
Bertsolari kopuru handia ikusita, eta guztiak udazkenean pilatzea ekiditeko, udaberrian kanporaketa fasea jartzea erabaki dute aurten antolatzaileek. Orain lau urte finalerdietara iritsi ez ziren bertsolariek hartuko dute parte fase honetan, orotara 60k. Nabarmentzekoa da horietako 23 lehen aldiz aterako direla aurten Gipuzkoako txapelketan. Maiatzaren 8an hasi zen lehen fase hori eta ekainaren hasiera arte iraungo du.  Gainera, bertsolari bakoitzak bere ahala hobeto erakusteko, bi saiotan kantatzeko modua izango du, herri batean goizez eta bestean arratsaldez.
Eskualdetik, bi bertsolari ditugu lehen fase honetan, Oihana eta Beñat Iguaran Amasa-Villabonako lehengusuak. Oihanaren kasuan lehen aldia du aurtengoa txapelketan, eta Beñat berriz, orain lau urte utzitako zapore gozoa berritzen saiatuko da. Ezin esan gaizki hasi direnik, are gutxiago kontuan hartuta 60bertsolaritik 32k egingo dutela aurrera hurrengo fasera. Dena den, beti esan ohi den gisan, puntuak ahaztu eta bidea gozatzea da helburua.

Udazkenean beteranoak
Arestian aipatu moduan udazkenean jarraituko du txapelketak. Irailean hasiko dira final-zortzirenak, eta bertan lehen fasea gainditzen duten 32 lagunei beste hamar gehituko zaizkie, 2007ko txapelketako finalerdietara iritsi zirenak. Tartean izango da Amaia Agirre villabonatarra. Zozketak erabaki duenez, Andoaingo saioan kantatzea egokituko zaio, gainera. Final laurdenetan, sartuko dira berriz, orain lau urteko finalean aritu zirenak. Fase honetan sartuko da beraz, Jexux Mari Irazu larrauldarra. Aipagarria da Villabonan jokatuko dela fase honetako saio bat. Informazio guztia Gpuntua.com webgunean duzue.
Irabazten duenak irabazten duela, txapeldun berria izango da. Ohartuko zineneten moduan, Aitor Mendiluze egungo txapeldunak ez parte hartzea erabaki du, Maialen Lujanbio Euskal Herriko txapeldunak bezala. Ez da hala ere bertso onik faltako, horretan ez da zalantzarik. Goza dezagun bada bidea. Abian da Gpuntua.

Oihana Iguaran
“Txapelketan esperientzia lortzeko eman nuen izena, ez sailkapenari begira”
Mutrikun, kanporaketa faseko lehen saioak kantatu ondoren hitz egin du Aiurrik Oihanarekin. Saio ederra egin ondoren pozik, baina hankak lurrean dituela hitz egin du.

Lehen txapelketa da hau zuretzat, zalantzarik izan al zenuen Gpuntuan izena emateko orduan?
Asko. Baina azkenean, garbi nuen izena ematen ez banuen damutu egingo nintzela. Horrela animatu nintzen eta gero pentsatu nuen, “ai ama, non sartu naiz!”.

Gaurko lanarekin behintzat gustura egoteko moduan zaude, bigarren izan zara Jokin Urangaren ondoren.
Hasieran nahiko herrenka sentitu naiz, kostata ari nintzen bertsotan, eta ikusi dudanean galtzeko ezer ez nuela lasaitu eta gora egin dut, bereziki kartzelako lanean. Oro har, gustura geratu naiz.

Zure ariketarik onena puntu erantzunena izan da gaur, gustuko ariketa al duzu?
Egia esan, ez da ariketa erraza izaten. Erantzuten hasten zarenean ez dakizu seguru ondo amaitzeko modurik izango duzun. Gaur ondo atera dira eta oso pozik.

Hurrengo saioa Usurbilen izango duzu hilaren 28an. Zein asmorekin joango zara?

Gustatuko litzaidake gaur saioaren bigarren erditik aurrera egin dudan moduan gozatzea. Oro har, ez naiz eroso ibili eta gustatuko litzaidake dudana erakustea, puntuak ahaztuta. Publikoak eta biok gozatzen badugu seinale ona. Txapelketan esperientziaren bila eman nuen izena eta ez sailkapenari begira. Iristen bada ondo eta bestela ere bai.

Oihanaren bertso hautatua

Puntu erantzuna

Zure arropa dago
modatik pasata
horixe entzutea
besteik etzan falta
itxurarekin behar
didazu ataka
bestela erasotzen
nahiko zaila da ta

Beñat Iguaran
“Udazkeneko fasera pasatzea jarri dut helburutzat”
Lezon, kanporaketa faseko lehen saioa amaituta hitz egin du Aiurrik Beñatekin. Laugarren geratu zen saioan, baina puntu dezente batuta joango da hurrengo saiora.

Aurtengoa bigarren Gipuzkoako txapelketa duzu. Asko kostatu al zaizu izena ematea?
Ez dut izen emateko zalantza handirik izan, egia esan. Bertsolari dezente genbiltzan hor elkartzen eta prestatzen eta ez dut zalantzarik izan. Udazkeneko fasera pasatzea jarri dut helburutzat, baina ikusiko da ea posible den. Lanarekin gustura geratzea da garrantzitsuena.

Oro har, zer inpresio gaurko saioaz…
Saioarekin, oro har, gustura. Bukaeran asko jaitsi naiz baina saioarekin gustura. Kartzelan nahastu naiz, umoretik hartu nahi nuen eta ez dut asmatu.

Ariketa bat aukeratu beharko bazenu…
Kopletan aritu naiz gustuen. Asier Azpirozekin tokatu zait, aurrez ere berarekin kantatu nahi nuen kopletan eta saio ona egin dugu. Jendeak gozatu duela uste dut.

Guk ez zaitugu urduri sumatu.

Egia esan, aste txarra pasa dut urduritasunagatik. Baina gaur, igo, agurra kantatu eta lasaitzea lortu dut, beraz, pozik.

Hurrengo saioa, Amezketan duzu hilaren 28an, zein jarrerarekin joango zara?
Gaur adina egiten badut, nik uste dut aukerak izango ditudala eta bestela berriz hurrengo baterako izango da.

Beñaten bertso hautatua
Gaia: Egungo egoerarekin gustura dagoen guardia zibila

Nere ustetan albiste hori
zeiken onena izan da
nahiz eta honek
(beste bertsolariak) armatuei
egin dien propaganda
Euskal Herrian bukatu bada
gure lana, gure ganga
askoz hobeto bizi gintezke
Andaluzira joanda

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!