Pasus plazako etxebizitza tasatuetan izena emateko epea zabalik

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko mai. 17a, 11:49

Zizurkilgo Udalak Pasus plazan tasaturiko etxebizitzen zozketan parte hartzeko izen-emate epea ireki du, ekainaren 10a arte Udal bulegoetan. Hara hemen, izena emateko bete beharreko baldintzak eta beste zenbait oinarri:

Zizurkilgo Udalak herriko 10 Eremuan, hau da, Pasus plazako guneari dagokion eremuan eraikiko diren etxebizitza tasatuen zozketan parte hartzeko eskariak aurkezteko epea ireki du. Honetan interesaturik dauden pertsonek inprimakia bete eta eskatzen den informazioa entregatu behar dute datorren ekainaren 30a aurretik, egun horretan amaituko delako hori aurkezteko epea.

Udalak, halaber, lursail hau eskuratzeko lizitazioa onartu du eta 840.000 euroko oinarrizko prezioa finkatu du, betiere enpresa adjudikaziodunak Udalak prestatu eta onartutako eraikuntza eta hirigintza plana errespetatzeko baldintzapean.

Zizurkilgo Udalak bultzatzen duen etxebizitza tasatuen sustapenak 42 etxebizitza eraikitzea aurreikusten du, horietarik bat berriz bizilekua ematekoa eta beste 41ak tasaturikoak izango direlarik. Guztiek ere atxikitako trastetegi bat eta garaje plaza bat izango dute; jabetza erregimenean eskuratuko dira, eta 65 eta 80 metro karratu arteko azalerak izango dituzte. Etxebizitzek egongela, sukaldea, bainua eta logela bat, bi edo hiru izango dituzte.

Zizurkildarrek erabateko lehentasuna izango dute zozketan, lehentasunen ordenean ezartzen denaren arabera, kontuan izanik herrian azkeneko bost urtetan erroldaturik egon direnak edo udalerrian hiru urtez lan egin dutenak, eta Zizurkilen bizitu direnak eta 15 urtez erroldatuta egon direnak lehenengo postuan jartzen dituela. Ordena honetan ezartzen dira hurrengo lehentasun mailak: Zizurkilen erroldaturik egon arren baldintza hauek betetzen ez dituztenak, Tolosaldea bailaran erroldatuak eta beste edozein pertsona fisiko.

Zozketan parte hartu ahal izateko ezarritako baldintzek adin nagusia izatea eskatzen dute, Euskal Herriko udalerriren batean erroldatua egotea, azkeneko bi urtetan etxebizitza baten jabe edo babesturiko etxebizitza baten adjudikaziodun ez izatea, eta unitate eskatzaileak 45.500 euro baino gehiagoko diru-sarrerarik ez izatea. Aurkeztu beharreko dokumentazioa Zizurkilgo Udalaren udal bulegoetan (Teodoro Hernandorena 6) edo Aurrera Plazan kokaturikoetan kontsulta daiteke.

Jarduketa hau hasieran Gipuzkoako Foru Aldundiari zegokion eremu batean gauzatuko da, non 24 etxebizitza babestu egitea aurreikusi zen, horietarik erdiak Zizurkilgo egoiliarren eta beste erdiak Gipuzkoako biztanleen artean zozketa bidez adjudikatzekoak zirelarik. Udalak, aldiz, etxebizitza kopuru handiagoa eta zizurkildarrei bereziki bideratuak egitea aurreikusten zuen, eta, hala, foru erakundearekin harremanetan jarri zen lursailak lagatzea adosteko.

Gipuzkoako Foru Aldundiak, Zizurkilgo Udalak biziki eskertzen duen erabaki bat medio, lursail hauek lagatzea erabaki zuen, udal arduradunek euren proiektu propioa gauzatu ahal izateko; era honetan, hasierako 12 etxebizitzen ordez, Zizurkilgo udalak 41 etxebizitza tasatu lortu ditu bertako bizilagunentzat, beste proiektuetara bideratuko duen lursailaren errentagarritasun ekonomikoa, eta kalitatezko urbanizazioa bermatzen du hirigunerako.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!