Laburbildu ezazu zuen ideia nagusia.
Lasaitasuna eta oreka ematea da ideia nagusia. Beharrezkoa da, erronka handiei aurre egiteko.
Alkate izanez gero, zuek proposatzen dituzuen artean martxan jarriko zenituzketen hiru neurri aipatu.
Gure Udal programak 94 biltzen ditu, guztiak garrantzia handikoak, baina hiru eskatzen dizkidazunez, bada: Plan Orokorra, kiroldegi berria, aparkalekuei irtenbidea eman eta gazteentzat etxebizitzak. Beno, lau eman dizkizut.
Amaitu den agintaldiaren balorazioa egin
Balorazioa ezin da txarragoa izan. Hankaz gora egon da dena lau urte hauetan. UDAko hiru zinegotziren gobernu baten lekuko izan gara, EAJ-PNVren nahiz ANVren babes osoarekin.
Eta egin duten kudeaketa txarraren erru guztia PSE-EEri aurpegiratu diote. Oposizioari oposizioa egiten eman dituzte lau urte. Eta gainera, jendeari iruzur eginez eta kea salduz. Ez dadila berriro errepikatu, arren.
Autokritikak ere tartea izan beharko du
Oposizioan gauden tokitik eskatzen diguzula ulertu behar dut. Inolako arazorik gabe onartzen dugu guri dagokigun ernatzukizun zatia alor guztietan. Hori bai, beti ere kontutan hartuz oposizioak eskaintzen duen mugatik abiatuta.
Zokoratuta eta alde batera utzi gaituzte etengabe, alkate honen eta bere Udal gobernu taldearengatik.
Agintaldi berriari begira, nola imajinatzen duzu herria lau urte barru?
Guk ez, herritarrek irudikatu behar dute hori. Herritarren esku dago lau urte barruko Urnieta herria nola izango den irudikatzea. Urnieta ezberdin bat eraikitzen hasteko alderdia eta hautagaiak aukeratzea herritarren erantzukizuna da.
Urnieta parte hartzailea, dinamikoa, anitza eta zerbitzu onenekin beharko luke izan.
Zein da zure alderdiak eskaintzen duen bermea edo garantia?
Gure Udal programan gure alde bozka emateko 94 arrazoi eskaini ditugu, horixe da urnietarrekiko gure konpromisoa. Baina Urnietan jokoan dagoena ez da soilik Udal programa. Ona izan behar du. Baina, oinarrian eta garrantzitsuena dena, guk proposatzen ditugun egitasmo guztiak eta hartuko ditugun konpromiso guztiak beteko ditugula da.
Hori da gure eskaintza. Eta hori alderdi guztiek ezin dute esan.
Urnietako Plan orokorra: hutsetik hasiko zarete edota agintaldi honetan eglndakoa kontutan hartuko duzue?
Zalantzarik gabe, gai honetan egindako lana oso kontutan hartuko dugu eta orain arte hartutako erabaki guztiez baliatuko gara. Gai hau oso serio hartu beharrekoa da.
Plana garatzeko konpromisoa hartzen dugu eta, bereziki, planaren garapena azkartzeko. Behingoz planarekin amaitzea beharrezkoa da herri honen etorkizuna bermatzeko.
Plan honen inguruan bi agintaldi igaro dira eta oraindik lan asko dago egiteko.
KATE MOTZEAN
Herriko gustuko txokoa: Adarra izugarri maite dut.
Urnietar bat: Xabier Lete.
Faltan somatzen duzuna? Ekimena eta parte hartzea.
Eta soberan? Egun dugun Udal gobernua.
Maiatzaren 23an zer? Urnietaren alde lan egin.