Sergio Barreiro, EB-Berdeak. Andoain: “Sentsibilitatea dugu gai sozialekiko, beste alderdi batzuetan ez dagoena”

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko mai. 13a, 23:12

Alderdi sozialistarekin gobernu taldea osatu bazuen ere, oso kritiko agertu da azken urtean alkatetzatik hartutako hainbat erabakiekin.

Laburbildu ezazu zuen ideia nagusia.
Oinarrian hauxe litzateke: Udala herritarrei ireki aurrekontu parte hartzaileak egiten hasiz, eta modu horretan andoaindarrek euren dirua zertan gastatu nahi duten ikusi. Horrela ezagutuko ditugu herritarren lehentasunak, eta noruntz begira lan egin behar den.
Horrez gain, heziketan eta kulturan sakondu behar da, elkarkidetza indartuz eta gizarte zerbitzuak bermatzen jarraituz. Hori guztia modu jasangarrian, ekolojiaren ikuspegitik.

Alkate izanez gero, zuek proposatzen dituzuen artean martxan jarriko zenituzketen hiru neurri aipatu.
Zaborren bilketa hobea, beste herrietan birziklatzen den %80ko kopurura iristeko. Udal liburutegi berriaren eraikuntza, gizarte eta kultur mailako taldeek espazio egokia izan dezaten. Energia berriztagarriei bultzada eman, argi kutsadura murriztuz alperrikako gastua murrizteko.

Amaitu den agintaldiaren balorazioa egin
Denetik izan da: Ilusioa lehen urtean eta atsekabea azken urtean, azken hori bereziki gobernu taldekideek eragindakoa. 2008az geroztik, gainera, Gizarte zerbitzuen alorretik familia askoren egoera larria ezagutu dut gertutik.
Azken Udal aurrekontuetatik hona gobernu taldekideekin desadostasunak sortu dira. Gazte mailako egitasmo bat sustatzeko inbertsio garrantzitsua burutzea proposatu genuen. Atzera bota zuten, baina beste alderdi batzuk aurkeztutako inbertsio guztiak onartu zituzten. Eta, gainera, Azpikolako harrobia irekitzeko proposamena Plan Orokor berriaren baitan. Edota daramaten Udal langilegoaren politika, zeina alde batera utzi duten funtzio publikoaren oinarrizko araudia.

Autokritikak ere tartea izan beharko du.
Autokritika oro objetibitaterik gabekoa da, zenbaitetan inuxente jokatu dudala uste dut, eta azkenerako intentzio politiko bikoitza dagoela jabetu naiz. Gobernukideekin ez nuen hain abegikor jokatu behar.

Agintaldi berriari begira, nola imajinatzen duzu herria lau urte barru?
Andoain parte hartzaileagoa, bere proiektuan murgilduta dagoen herria. Gizarte mailako taldeen hazkuntza, herriari bizitza emateko, elkar uztarketa handiagoarekin.

Zein da zure alderdiak eskaintzen duen bermea edo garantia?
Zuzentasuna. Horixe da Ezker batua osatzen dugun kideon bermea. Gai sozial ugariekiko dugun sentsibilitatea, beste alderdi batzuetan ez dagoena. Erabakiak hartzeko objetibitatea, maila pertsonaleko interesetatik edota interes ekonomikoetatik kanpo.

Azpikolako harrobia: Agintea lortuz gero, hutsetik hasiko zarete edota agintaldi honetan emandako pausoak kontutan hartuko al dira?
Hutsean ezin da hasi, Plan Orokorraren behin betiko onarpena egin delako Udal batzarraldian. Gehiengo bat egongo balitz itxieraren alde egiteko, behin betiko ixteko pausu legalak ahalbidetu daitezke. Bestela, alegazioak aurkeztu edota epai bideari ekitea leudeke aukeren artean. Arrazoi ekologikoak daude ez irekitzeko, herriak ere ez du nahi. Beraz, hainbesteko interesa baldin badago interes pertsonalak eta ekonomikoak ezkutatzen direlako izan daiteke.

KATE MOTZEAN
Herriko gustuko txokoa: Leitzarango edozein txoko ezkutu.
Andoaindar bat: Joxe Mari Olazabal.
Herrian faltan somatzen duzuna: Bidegorriak.
Eta soberan? Ezin ikusiak.
Maiatzaren 23an zer? Beste edozein astelehena izan dadila, aho zapore goxoarekin.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!