Laida Elizegi, Aralar. Andoain: “Politika ireki behar da ingurumenari, gazteriari, berdintasunari”

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko mai. 13a, 23:11

Ezkertiar eta abertzaleen ordezkaritza Udalgintzara itzultzea desio du. Politika egiteko modu ezberdina ordezkatzen duela dio.

Laburbildu ezazu zuen ideia nagusia.
"Ireki bidea ezkerrari", hori da gure mezua. Politika ireki behar da ingurumenari, gazteriari, berdintasunari,... Gauzak aldatzeko bidea politika da. Politika giltza da. Gure proiektua ezkerrekoa eta abertzalea da. Aralarrek herritarrak kontutan hartzen ditu.

Alkate izanez gero, zuek proposatzen dituzuen artean martxan jarriko zenituzketen hiru neurri aipatu.
Gure erronka handienetakoa krisiari aurre egitea da, ezkerreko ikuspegi batetik. Beste eredu ekonomiko bat defenditzen dugu, kalitatezko enplegua bultzatzeko egingo dugu lan. Langabezia tasa handi hori jaitsi beharra dago.
Ingurumenaren gaia ez dago batere landuta Udaletxean. Zabor bilketaren inguruan ez dago programarik, ez da ezer egin. Eta hori gurea bezalako herri batean ezinbestekoa da.
Gazteriari lotuta doa hirugarren neurria. Adin tarte ezberdinetan egitasmoak biderkatu egin behar dira. Gazte Lokaleko ordutegiak zabalduz, eta 15-18 urte bitartekoei eskaintzea zehatzak bideratuz. Lotsagarria da Udalak hauei deus ez eskaintzea eta lokalak edukitzeko alokairua ordaindu behar izatea.

Amaitu den agintaldiaren balorazioa egin
Udalgintzan ez dugu parte hartu eta kanpotik ikusita, nabarmena da ezkertiarrak eta abertzaleak ez direla udalgintzan egon. Eta Andoainen herritar ugari dago ezkertiarra eta abertzalea dena.

Autokritikak ere tartea izan beharko du.
Esan genezake Ezker Batua alderdiarekin koalizioan aurkeztu ginela baina Alderdien Legea dela eta, Ramon Urrutiak ez zuela zinegotzi postua hartu. Guretzat deigarria izan da Ezker Batuak PSE-EErekin gobernu taldea osatzea. Guk behintzat ez dugu PSE-EErekin gobernu batean parte hartuko.

Agintaldi berriari begira, nola imajinatzen duzu herria lau urte barru?
Ezkerrekoak eta abertzaleak diren alderdiek orain baino indar gehiago izatea. Bakea herrietara iristea nahiko nuke, denei tratamendu berdina emanez. Berdin PPkoa, Bildukoa edo Hamaikabatekoa izan. Amets handiena hori litzateke. Andoain osasuntsu eta ekologikoa izatea desio dut, bestalde. Gure identitatearekiko eta kulturarekiko apostu handiagoa egingo duen herria garatzea espero dut.

Zein da zure alderdiak eskaintzen duen bermea edo garantia?
Aralar duela 10 urte sortu zenetik guztiz koherentea izan da, hasieratik defendatzen dituen printzipioak orain ere defendatzen ditu. Eta hori gutxik esan dezakete. Aralarrek ezkerreko eta abertzalea den beste politika bat posible dela erakutsi du. Eraginkorra, irekia eta zabala da Aralar. Maximalismotik haratago doa. Bake prozesuan, gainera, Aralarren papera ezinbestekoa izan da.

Azpikolako harrobia: Agintea lortuz gero, hutsetik hasiko zarete edota agintaldi honetan emandako pausoak kontutan hartuko al dira?
Martxan dago eta egitasmoa gelditzea zaila izango da. Eragile sozial eta politiko ezberdinak elkartu gara alor honetan lan egiteko. Gure ikuspegia erabat aurkakoa da, ez dugu harrobia berriro irekitzea nahi. Aldaketa politikoa gauzatzen bada, errazagoa izango da egungo gobernuaren erabakia aldatzea.

KATE MOTZEAN
Herriko gustuko txokoa: Leitzaran bailara.
Andoaindar bat: Nire aitona, Joxe Mari Olazabal.
Herrian faltan somatzen duzuna: Gazteentzako egitasmoak.
Eta soberan? Udal partida ezberdinen arteko desorekak.
Maiatzaren 23an zer? Lo.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!