Gabino Agudo, Hamaikabat. Andoain: “Politika egiteko modu berria da gurea: hurbila, gardena, parte hartzailea”

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko mai. 13a, 23:10

Alderdia berria izan arren, Andoaingo hautesle zerrenda udalgintzan esperientzia handikoa da. Ilusioz beterik daudela diote.

Laburbildu ezazu zuen ideia nagusia.
Orain lau urte hauteskundeetara aurkeztu ginenean erabili genuen lema edo esaldia “Andoain leku eder bat bizitzeko” izan zen. Hamaikabat! alderdiarekin ere gure ideia eta eginkizun nagusia  berdina da: Andoain ondo bizitzeko tokia izatea. Guztion ongizatea bermatuz eta politika egiteko modu berria landuz: hurbila, gardena eta parte hartzailea.

Alkate izanez gero, zuek proposatzen dituzuen artean martxan jarriko zenituzketen hiru neurri aipatu.
Andoaingo sentsibilizazio guztiek ordezkaritza izateko aukera izango dutela kontutan hartuta, gure lehenengo neurria alderdi guztien arteko harremanak normalizatzea litzateke. Normalizaziorako neurriak hartzea behar beharrezko ikusten dugu.
Andoaingo Plan Orokorra bidean da, gure botoa aurkakoa izan zen arren. Heritarrei plana ezagutaraziko genieke, ahal dela erabakiak hartzeko adostasun handiagoa lortuz.
Eta, hirugarrenik, zerbitzu publikoei arreta berezia eskaini nahi diegu. Zerbitzu publikoen apostu garbia: haurtzaindegia, zaharren egoitza, Udal tanatorioa, herri autobusak, etab.

Amaitu den agintaldiaren balorazioa egin.
Zortzi urtez PSE-EE ia gehiengo osoz agintean egon da. Aurreko legealdian PPrekin eta oraingoan EBrekin, nahiz eta PP ere oso gertu eduki duten. Batean eta bestean proposamenak adosteko tarterik ez da izan.
Udalaren baliabideak oso murritzak dira, gobernua ez da egoera ekonomikoa hobetzeko gai izan. Egin diren inbertsioak beste erakundeetatik iritsitako diruarekin egin dira.

Autokritikak ere tartea izan beharko du.
Bai, ez dugu arazorik horretarako. Akatsak egingo genituen, eta beharbada guk Udaletik egindako lana ez dugu behar bezala gizarteratu.

Agintaldi berriari begira, nola imajinatzen duzu herria lau urte barru?
Zentzurik ez duen egoera batean izan da Andoain azken urteetan. Gaur egun sentsibilizazio guztiak udaletxean egoteko aurrerapausoa eman da. Bakea eta normalkuntza lortzen hasiko den herri bat imajinatzen dut.

Zein da zure alderdiak eskaintzen duen bermea edo garantia?
Gure alderdia denboraz oso gaztea da. Baina alderdia osatzen dugunok esperientzia handia dugu erakunde ezberdinetan. Udal zerrenda ilusioz beterik dago, jende hurbila da. Eta Andoainen, bereziki, udalgintzan esperientzia handikoak gara.

Azpikolako harrobia: Agintea lortuz gero, hutsetik hasiko zarete edota agintaldi honetan emandako pausoak kontutan hartuko al dira?
Gai honetan agintaldiaren amaieran gertatu dena harrigarria da. Alderdi sozialista eta popularra bakarrik daude, Udal txostenak ere aurkakoak dira. Hala eta guztiz ere aurrera jo nahi dute.
Harrobia berrirekitzearen aurka eta gunea berreskuratzearen alde gaude. Jokabide berdina izango dugu agintaldi berrian ere.


KATE MOTZEAN
Herriko gustuko txokoa: Leitzaran bailara, Trentxiki.
Andoaindar bat: Hezkuntzan lanean dabiltzanak, eta bereziki Andoaingo ikastolako sortzaileak.
Herrian faltan somatzen duzuna: Udalerriko plazak behar bezala egokitu behar dira. Gabezia handia dago.
Eta soberan? Gaizki utzitako ibilgailuak. Aparkalekuak eraikitzeko asmoa dugu.
Maiatzaren 23an zer? Emaitzak aztertu eta ahal badugu andoaindarren alde lanean jarraitu.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!