Ana Carrere, BIldu. Andoain: “Edo Bilduk lortzen du alkatetza, edo PSOEk jarraituko du agintean”

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko mai. 13a, 23:09

Udalgintzara aldaketa eraman nahi dutela dio, beharrezko ikusten duelako. Agintean aritzeko alternatiba bezala aurkeztu dira.

Laburbildu ezazu zuen ideia nagusia.
Parrafo batean baino hitz batean egin daiteke hori: Aldaketa. Andoaindar gehienak abertzaleak dira. Alkate abertzalea behar du Andoainek eta hori abertzale guztion esku dago. Udal dinamikaren demokratizazioa eta gardentasuna urrezko araua izango da. Bestetik, politika ezkertiarra eta abertzalea egingo dugu, eta azkenik, gure ardatza parte hartzea izango da. Andoaindarrekin elkarlanean arituko gara ez baitugu udal politika beste era batera ulertzen. Horregatik, edo Bilduk alkatetza lortzen du edo PSOEk jarraituko du agintean.

Alkate izanez gero, zuek proposatzen dituzuen artean martxan jarriko zenituzketen hiru neurri aipatu.
Politikoen liberatu kopurua eta euren soldatak jaitsi egingo ditugu, eta auditoria egin Udalean dagoen egoera aztertzeko. Azken legegintzaldian, dietak eta gainerakoetan 2 milioi euro xahutu dituzte zinegotzien soldatetan soilik. Lotsagarria. Bestetik, Andoaingo eragile guztiekin elkartuko gara Udal dinamika berri baten aroa zabaltzeko. Eta azkenik, amigismoarekin amaitzeko politika garden eta zehatza bultzatuko dugu.

Amaitu den agintaldiaren balorazioa egin.
Udala zorpetua dago, kinka larrian. Udalgintza iluna izan da eta andoaindarrei ez zaie informatu zer egin den eta zergatik. Gainera, krisi ekonomikoaren aitzakia hartuta herritarren zerbitzuetarako diru-laguntzak murriztu dituzte. Baina badirudi murrizketak ez direla inoiz alkate eta zinegotzien soldatetara eta pribilegioetara iristen. “Dena andoaindarrentzat baino andoaindarrekin kontatu gabe”, hori izan dute lelo nagusia.

Autokritikak ere tartea izan beharko du.
Bildu berria da, baina argi esan behar dugu badirela zortzi urte Espainiako sasi justiziak andoaindar zati handi bati ahotsa ukatu ziona. Udalak andoaindar zati horri oposizioa egiten ere ez dio utzi, informazio ukatu egin dio behin eta berriz, zangotrabak non nahi ipini.

Agintaldi berriari begira, nola imajinatzen duzu herria lau urte barru?
Herri bizi bat. Auzo elkarteek zer esan handia dutena. Edozein herritarra hurbil sentitzen duen Udala izango da. Gizarte zerbitzu eraginkorrekin, bizi kalitatean irabaziko duen herria. Andoaindarrok izugarrizko indarra dugulako.

Zein da zure alderdiak eskaintzen duen bermea edo garantia?
Lana eta inplikazioa. Zintzotasuna eta apaltasuna. Eraginkortasuna. Horretara goaz udalera, herritarrekin elkarlanean lan egitera. Gardentasuna eta hurbiltasuna bermatzen dugu, hori baita gure lan egiteko filosofia. Ez goaz aberastera edo onura pertsonalak lortzera. Egun dagoen kazikismoa baztertuko dugu.

Azpikolako harrobia: Agintea lortuz gero, hutsetik hasiko zarete edota agintaldi honetan emandako pausoak kontutan hartuko al dira?
Andoain itota dugu, beste bi harrobi badira jada, trafiko ikaragarria, AHT bertatik igaroko da, errepide berriak kutsadura bultzatuz… Andoaindarren bizi kalitatea bermatzeko argi eta garbi dugu ingurumena ardatz oso garrantzitsua dela, beraz, erabat aurka gaude Azpikolako harrobiaren inguruan hartu berri den erabakiarekin. Gure baliabide guztiak jarriko ditugu berreskuratzeko.

KATE MOTZEAN
Herriko gustuko txokoa: Mila eskaileretako kanala.
Andoaindar bat: Bolondresa, musutruk, lan egiten duena.
Herrian faltan somatzen duzuna: Kultur guneak, elkartzeko guneak....
Eta soberan? Porlana eta autoak.
Maiatzaren 23an zer? Aldaketaren hasieran lehen eguna.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!