Asun Guerra, PP. Andoain: “Alderdi serioa gara, kudeaketa ona egiten dakiena”

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko mai. 13a, 23:08

Dinamismoa, elkarrizketa eta etorkizuneko ikuspegia eskaintzen dutela dio. Azpikolaren irekiera azaltzeko erantzukizuna aipatu du.

Alkate izanez gero, zuek proposatzen dituzuen artean martxan jarriko zenituzketen hiru neurri aipatu.
Gure eskuduntzekin sustapen ekonomikoa bultzatu behar da, enpleguan ZPren efektua gutxitzeko hil ala bizikoa da.
Udaletxean hamasei urtez zinegotzi izan den Juan Carlos Canoren laguntzarekin, Batzar Nagusietatik Euskararen Etxea egitasmoa indartuko dugu.

Amaitu den agintaldiaren balorazioa egin.
Hirigintza azpiegiturari eutsi zaion arren, eta hori PPren proposamenari esker burutu zen agintaldiaren lehen urtean –argia, ur azpiegitura, espaloia, errepideak...–, udalaren finantza azpiegitura egoera zailean dago. Ez da diru sarrerarik sortzen gastu korronteari aurre egiteko, eta horrek balantze desorekatu bat sortu du. Egoera horretan inbertsioak egitea ezinezkoa da.

Autokritikak ere tartea izan beharko du.
Herrian ez bizitzea eragozpen bat da, baina oso zaila da bizi dugun egoera ere horrelakoa delako. Zaila da herriko jendea gurean murgiltzea, baina horrek ere badu bere alde positiboa nahiz eta herritar batzuk horrela ez ikusi.

Agintaldi berriari begira, nola imajinatzen duzu herria lau urte barru?
Dinamikoagoa, Gipuzkoako lurralde historikoaren landa turismoan gakoa izango dena, merkataritza aktiboarekin eta lanean izango den herri batean, bere herrian bertan etorkizuna eraikitzeko prest egongo den gazteriarekin, eta gazteen esku utzi dutenaz harro dauden pertsona helduekin.
 
Zein da zure alderdiak eskaintzen duen bermea edo garantia?
Alderdi serioa gara, kudeaketa ona egiten dakiena. Hori egon garen toki guztietan oso argi geratu da. Kiri garaian arrakastaz lan egiten badakigu, erakutsi dugu, eta hori ezin dezake edozeinek esan.
Herritarrei eta ideiei irekita dagoen alderdia gara. Esperientzia eta lan egiteko gogoa eskaintzen dugu. Dinamismoa, elkarrizketa eta etorkizuneko ikuspegia eskaintzen dugu.

Azpikolako harrobia: Agintea lortuz gero, hutsetik hasiko zarete edota agintaldi honetan emandako pausoak kontutan hartuko al dira?
Erantzukizunez hartutako erabakia da. Harrobiaren efektuak bere horretan darrai. AHTren afekzioak neurriak hartzea dakar. Epe erdira onura ekonomikoak sortuko dira, eta begien aurrean eragina ez da desagertuko baina gutxitu egingo da. Industrigunea eraikitzeko aukera sortuko da jarduera ekonomikoa, enplegua eta diru sarrerak ahalbidetuko dituena.

KATE MOTZEAN
Herriko gustuko txokoa: Leitzaran bailara.
Andoaindar bat: Ama Kandida.
Herrian faltan somatzen duzuna: Landa turismoa sustatzeko hotelak.
Eta soberan? Ez dago ezer, ez dago inor sobera. Denekin eraikiko da etorkizuneko herria.
Maiatzaren 23an zer? Maiatzaren 22an herritarrek erabakitzen dutena.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!