Estanis Amutxastegi, PSE-EE. Andoain: “Lau urte barru Andoain oraindik hobeto egongo da"

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko mai. 13a, 23:06

Alderdi sozialista pozik dago agindutakoa bete dutelako. Azpikolako harrobiaren alde dauden bakarrenetakoak dira.

Laburbildu ezazu zuen ideia nagusia.
Ideia berekin jarraituko dugu lanean. Konbentzituta nago gauzak ondo egin ditugula.

Alkate izanez gero, zuek proposatzen dituzuen artean martxan jarriko zenituzketen hiru neurri aipatu.
Garrantzitsuena Plan Orokorra garatzea da, horren bitartez Andoain sustatzea ahalbidetuko baita. Etxebizitzak eraikiko dira, industria txertatzeko ere bai. Horrek enplegua eta Udalarentzat diru iturriak sortuko ditu. Hori gakoetakoa da.
Bada beste gai bat, oso garrantzitsua dena, ea nola lortzen den langabezia murriztea. Penagarria baita Andoainen dagoen langabezia tasa.
Aparkalekuei dagokionez, herritarra ez da oinez ibiltzera ohitzen. Eta herritarrek irisgarritasun aldetik aukera ugari ditu. Baina dirudienez jendea ez da aukera horietara ohitzen. Aparkalekuen arazoa konpondu beharrekoa da.

Amaitu den agintaldiaren balorazioa egin.
Baikorra da. Udal programa burutu dela esan genezake. Eta amaitu gabe geratu direnak, amaitzeko bidean daude. Besteak beste, Plan Orokorraren garapena edota tren geltokira iristeko lurrazpiko pasabidearen adjudikazioa. Pozik nago.

Autokritikak ere tartea izan beharko du.
Ezinduei ezinezkoa zaie Udal bulegoetara sartzea. Behean zain egon behar izaten dute, bulegoetara igo ezinik.

Agintaldi berriari begira, nola imajinatzen duzu herria lau urte barru?
Oraindik ere hobeto egongo garela uste dut. Dagoena baino hobeto. Andoain komunikazio gune izango da. Gipuzkoa, estatua eta Europa mailako garraiobideetan gakoa izango da.
Zortzi urtez kanpoan egon den herritar batek ez luke Andoain ezagutuko, pentsa lau urte barru! Plan Orokorrak eraberritze ugari ahalbidetuko ditu.

Zein da zure alderdiak eskaintzen duen bermea edo garantia?
Zuzentasuna. Eta emandako hitza betetzen dugula. Horixe da gure bermea.

Azpikolako harrobia: Agintea lortuz gero, hutsetik hasiko zarete edota agintaldi honetan emandako pausoak kontutan hartuko al dira?
Gure ustean harrobiarekiko egoera aldatu egin da N-1 errepide berriaren exekuzio planarekin. Lehen irla modura geratuko zen eremu hori, baina errepideen mapa eraldatzean biribilgune bat sortuko da. Egoera erabat aldatzen da. Etorkizunean eremu hori ez da isolatuta geratuko. Eremu hori berreskuratzea ahalbidetuko da.
Bestalde, AHTa aipatu beharra dago. Eta hori eraikitzeko Azpikolako eremua erabiliko da. Azpikola 2000 enpresak proposamen bat egin dio Udalari, eta horren arabera harrobia 6 urtez ustiatuko genuke. Hor 140.000 metro karratuko eremua sortuko litzateke, Udalaren esku erdia geratuko liratekeena. Garrantzitsua da industrigune bat egin daitekeelako, preziorik ordaindu gabe. Dohainik.
Egitasmoa Eusko Jaurlaritza aztertzen ari da, Ingurumen saila zehazki. Haiek erabakiko dute posible den edo ez.

KATE MOTZEAN
Herriko gustuko txokoa:
Bertxinetik gora dagoen putzua, "Las 3 rocas" bezala ezagunagoa.
Andoaindar bat:
Joxe Mari Olazabal.
Herrian faltan somatzen duzuna: 
Hotel bat, turismoa sustatzen gabiltza eta hotelik ez dago herrian.
Eta soberan?
Zakur kakak parkeetan. Heziketa falta handia dago.
Maiatzaren 23an zer? 
Ikusiko dugu, neu irabazteko aurkeztu naiz. Herritarrek erabakiko dute.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!