Azpikola Berreskuratu taldearen deialdia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko mai. 9a, 14:34

Talde ekologista, alderdi politiko eta sindikatu desberdinek osatzen dute Azpikola Berreskuratu taldea. Dagoeneko lauzpabost bilera egin dituztela jakinarazi dute; Azpikolako harrobiaren inguruan gertatzen ari denaz eztabaidatu eta manifestu bateratu bat egin ondoren, Santakruzak zirela aprobetxatuz, herrian zehar, kartel informatibo, pankarta eta manifestua banatzen ibiliak dira.
Ondokoak dira manifestuaren sinatzaileak: AHT ELKARLANA, AHT AURKAKO ASANBLADA, EGUZKI, ELKAR SAREA, EZKER ABERTZALEA, ARALAR, EZKER BATUA, ELA eta LAB.

Hurrengo bilera, maiatzaren 10ean izango da  Urigain Kultur Etxean 18:30etan eta gerturatu nahi duen oro gonbidatu dute. Segidan, manifestua:

Azpikolako ingurunea berreskuratzearen alde

(Azpikola: Belkoaingo magalean kokatuta dagoen harrobi zaharra eta Azpikola baserriaren kokalekua, Telegrafos-etako Dorrea, "gaztelua" bezala ezagutuagoa, eta N1aren artean)

2011ko otsailaren 24an egindako batzarrean, PP eta PSEren aldeko eta EB, talde mistoa eta PNVren aurkako bozkekin, Andoaingo Plan Orokorra onartu zen. Eta 2010eko martxoaren 14an onarturiko Plan Orokorrarekin alderatuta, aldaketa nabarmenak izan ditu. Azpikolako harrobiari dagokionez, harrobi berri bat irekitzeko aukera zabaldu da eta bertan 140.000m2ko poligono industrial bat kokatzeko aukera dago.

Ez dugu Udalaren bat-bateko jarrera aldaketa hori ulertzen, dagoeneko Andoaingo ingurunearen egoera muturrekoa izanik, jarrera horrek egoera larriagotu besterik ez baitu egingo, ditugun zein etorkizunean eraikiko dituzten azpiegiturengatik: Buruntzako bi harrobiak, Buruntzako autobia berria, eraikitzeko dagoen Sorabillako gerrikoa, poligono industrial berria eta AHTaren trazatuak. Erabaki honen bultzatzaileen aburuz, AHTak Azpikolako harriaren beharra justifikatzen du, nahiz eta orain arteko AHTren eraikuntza proiektu batean ere horrelakorik ez aipatu.

Nekazal lurraren etengabeko galera baten aurrean aurkitzen gara, horrek Andoaingo ingurunearen degradazioa dakarrelarik.

Lege subsidiarioen arabera, Azpikola, ingurune ez eraikigarri moduan sailkatuta geratu zen, Babes eta berreskuratze kalifikazioarekin; eta lurpeko akuiferoen eta basogintzarako garrantzi handiko ingurunea izendatu zuten.

Andoaingo Udalak eskatuta, EKOS - Estudios Ambientales S.L.U. enpresak ingurunearen azterketa egin zuen, eta bertan, babestuta dauden hainbat espezie topatu zituzten, hala nola, bertan bizi diren Belatz handi bikote bat. Horiez gain, babes zorrotza duten Eskulapioren sugea, Harkaitz zozo urdina, Lepitzulia eta Zata arruntak ere aurkitu zituzten.

Azpikola berreskuratzearen beharra dakusagu. Hala nola, herritarren interesak arriskuan jartzen dituzten garapenezko proiektu horiek geldiarazi behar ditugu, gutxi batzuen interes ekonomikoak soilik bilatzen baitituzte eta bizi kalitatearen degradazioarekin zuzenki lotuak dauden ingurumenaren txikizioa eta gure inguruarekin lotzen gaituzten ohituren galera suposatzen baitute.

Azpikola berreskuratu!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!