Osasun publikoaren alde lanean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko mai. 5a, 10:52

Kristina Otermin eta Rakel Agudo ELAko ordezkariak eta Tolosaldea Osasun publikoaren aldeko plataformako kideak dira. Tolosaldeko osasun sistema publikoaren aldeko euren borroka abian jartzeko arrazoiak azaldu dituzte.

Zahartzaro Duinaren aldeko plataforma, Osasun Publikoko langileak, Berdinbide, Tolosako denbora-bankua, Amarotz elkartea, Ezker Abertzalea, ELA, LAB, CCOO, Arpegi, Bilgune Feminista, Bonberoenea, EHNE, Euskal Herria Sozialista, Herria Abian, IU, Tolosako Aralar eta UGT–k osatzen dute une honetan Tolosaldea Osasun Publikoaren aldeko plataforma, elkarrizketatuek adierazi dutenez, astez aste, talde, elkarte edota erakunde gehiagok bat egiten dutena. Euren helburua: Tolosalde mailako osasun zerbitzu publikoa defendatu eta martxan jartzea. Asmo hori buruan, hainbat ekintza gauzatzen ari dira; besteak beste, erantzun beroa izaten ari den sinadura bilketa kanpaina, maiatzaren 5ean eskualdeko politikariekin bideratuko duten mahai-ingurua edota  maiatzaren 14an Tolosan burutuko duten manifestazioa. Une honetan herritarrei informazioa zabaltzea da euren erronka nagusia eta batetik bestera dabiltza Tolosaldeko osasun zerbitzuak egun duen eta etorkizunean izango duen egoera azaltzen.

Noiz eta zergatik sortu zen Tolosaldea Osasun Publikoaren aldeko plataforma?
Plataforma joan zen martxoan osatu zen. Aurrez, gaiaren inguruko lehen berriak abenduan izan genituenean, norbanako gisa bildu ginen eta gure ezadostasuna azaltzeaz gain, gaiari irtenbideren bat emateko ezinbestekoa iruditu zitzaigun plataforma osatzea. Tolosaldeko talde, elkarte nahiz erakunde ezberdinak bildu gara; denbora aurrera joan ahala, gero eta kide gehiago garelarik.

Zein da Osakidetzarekin duzuen ezadostasunaren muina? Zuen borrokaren arrazoia?
Abenduan Osakidetzako zuzendaritza Tolosako anbulatorioko langileekin bildu zenean jakin genuen Tolosako anbulatorioan zeuden espezializazioak Asuntzionera eraman nahi zituztela, Tolosako epaitegiaren ondoan berriki egokitu duten anbulatorioko espezialitate zerbitzuak itxiz. Erabaki hori hartzeko eman dituzten pausoak ez zaizkigu batere egokiak iruditu: lehenik eta behin, langileen ordezkariak garen sindikatuoi ez baitigute ezer jakinarazi. Informazioa ezkutatu egin digute eta ez gaude ados jokabidearekin, gure bizkar jokatu dutelako. Sindikatuekin ez ezik, langile, alderdi politiko nahiz herritarren iritzia ere ez dute kontuan hartu, guztiongan eragina izango duen aldaketa proposatzerakoan. Larria da pauso guztiak atzetik eman izana: erabakiak ondo hartzen direnean ez dago gordeka ibili beharrik. Bestalde, ez dute Tolosako anbulatorioko eraikuntza berritua zertarako erabiliko den zehaztu oraindik. Izugarrizko dirutza gastatu zuten eraikin hori eta bertan eskaintzen ziren hainbat zerbitzu eraberritzen; guztiona den dirua, noski.

Zein ondorio ekarriko luke aldaketa horrek?
Jende askok ez du ulertzen aldaketak zein ondorio ekarriko lukeen. Argi dago anbulatorioa itxi eta Asuntzion klinikara joaten denak ez lukeela zerbitzua ordaindu beharko, baina harrera ez lioke pertsonal publikoak egingo, pribatuak baizik, eta zerbitzua pribatutik bideratzean, sektore horrek irabaziak sortu behar ditu errentagarria izan dadin. Horrek osasun zerbitzuaren kalitatean duen eragin kaltegarriarekin.
Osakidetzak probintzia bakoitzean eskualdeka banatzen ditu ospitaleak. Tolosaldeak izan ezik, Gipuzkoako gainerako eskualde guztiek euren erreferentziazko ospitalea dute: Arrasatek, Mendarok, Zumarragak… Tolosako kasuan, aldiz, ospitale pribatua erabiltzen da publikoa estaltzeko. Asuntzionek eskualdeko ospitale moduan jokatzen badu ere, ez da publikoa.
Aldaketa hori gertatzen bada, aurrerantzean, herritarrekiko harrera eskasagoa izango dela uste dugu; ordaintzeko sistema ere aldatu egingo dutenez, errentagarritasuna izateko, zuzendaritzaren ikuspegitik ahalik eta froga gutxien egitea komeniko baitzaie. Oso salagarria iruditzen zaigu irabaziaren kontzeptua osasunaren gaiarekin nahastea.

Noizko aurreikusten dira aipatu aldaketak?
Badirudi ez direla bat-batekoak izango, bizpahiru urte igaroko direla. Baina itxuraz, pixkanaka aurrera egiten ari dira; esaterako, azken bost urte hauetan espezializazio bat baino gehiago kendu dituzte Tolosako anbulatoriotik Asuntzion klinikara eramateko. Orain artean pauso horiek poliki eman badira ere, mehatxu handiagoa sumatu dugu azken boladan. Dagoeneko Tolosako anbulatorioko langileei toki-aldaketak etorriko direla iragarri baitzaie.

Zein irtenbide proposatzen du zuen plataformak egoera horren aurrean?
Guk, Legorretatik Andoainera bitarteko herritarrei erantzungo dion ospitale publiko berri bat eraikitzeko edo Asuntzion klinika publiko bihur dezaten aldarrikatzen dugu. Eskualde mailako ospitale baten beharra dugu: krisi garaia agian ez da eraikin berria altxatzen hasteko garairik onena izango, baina badaude bestelako aukerak ere.
Herritar askori zor zaion zerbitzua da, Tolosaldea mailan 65000 biztanle gara. Zerbitzu publikoak, herritar guztiek harrera eta aukera berberak izan ditzaten ziurtatzeko zerbitzua izan beharko luke eta Tolosaldean ere gainerako eskualdeetan bezainbeste kotizatzen dugunez, maila bereko harrera eta ospitale publikoa izateko eskubidea dugu. Osakidetzak zor handia zuen azken urte hauetan Tolosaldean. Orain, zor hori zuzendu beharrean, nabariagoa egin behar al du?
Gure ustez, pauso hau eman nahi duten lehena da; pixkanaka beste bat emateko. Zerbitzu publiko guztiak pribatizatzea lortu nahi baitute.

Zuen ezadostasuna Osakidetzako kideei azaltzean zer erantzun dizuete?
Ez digute azalpenik eman. Egun, ez digute oraindik proiektu berririk aurkeztu. Zurrumurruei buruz hitz egin nahi ez dutela soilik esan digute, egungo egoera zurrumurrua baino askoz ere errealagoa denean.

Bestelako erantzunik izan al duzue?
Alderdi politikoek, hauteskundeen atarian daudenez, ez dute ezer handirik esaten. Maiatzaren 5ean, eskualdeko alderdi politikoekin mahai-ingurua antolatu dugu, euren hautagaitzetan zein ildo defendatuko duten zehaztu dezaten. Oso gai garrantzitsua da, herritarrei zuzenean eragin eta interesatzen zaiena. Beraz, politikariek euren asmoak argi azal ditzaten nahi dugu, orain artean alderdiek ez baitute jarrera zehatzik hartu. Mahai-inguruan, gaiaren aurrean aldeko edo aurkako bidea hartuko duten jakin nahi dugu. Argi esan dezatela. Momentuz, Aralar eta Hamaikabat alderdiek soilik baieztatu dute bertan izango direla.
Jarraian, maiatzaren 7an, alderdi bakoitzaren iritzi eta erabakiak herritarrei jakinarazteko prentsaurrekoa eskainiko dugu.

Zer diote eskualdeko herritarrek?
Herritarren gehiengoak ez dauka gaiaren inguruko informaziorik. Sinadura kanpainan zehar azalpenak eman ahala, ordea, oso sentsibilizatuta agertu dira eta, gehiengo nagusiak, inolako zalantzarik gabe, bere kezka adierazi du sinadura emanez. Dagoeneko 11000 sinadura bildu ditugu eta lan horretan jarraituko dugu aurrera begira.
Larunbatero sinadurak biltzeko mahaiak jartzen ditugu Tolosan. Andoain eta Amasa-Villabonan ere maiz jasotzen ditugu… Herri txikiagoetan, berriz, sinadura eman ahal izateko orriak utzi ditugu gune ezberdinetan. Bestalde, enpresa ezberdinetan ere informazioa banatu dugu, herritarrek gertatzen ari denaren berri izan dezaten.

Sinadura bilketaz gain, bestelako pausoak ere eman dituzue…
Bai. Besteak beste, komunikabideetara jo dugu, baita bizilagun elkarte edota ikastetxeetara ere. Izan ere, une honetan ezinbestekoa da informazioa ahalik eta gehien  zabaltzea. Herritarrek gertatzen ari dena jakin behar dute. Osakidetza eta euroaren ikurrak batuz logotipoa osatu eta irudi horrekin, etxeko balkoietan edota nahi den tokian zintzilikatzeko bandera kaleratu dugu. Bandera jarri baino errazago ematen du sinadura herritarrak, baina hala ere, hainbat bandera ikus daiteke eskualdeko etxeetako balkoietan.
Bestalde, maiatzaren 14an manifestazioa antolatu dugu Tolosako Triangelutik abiatuta, 12:00etan. Ahalik eta jende gehien biltzeko asmotan ari gara lanean. Jende asko erakartzea lortuko dugula uste dugu, erantzun ona ikusten baitugu herritarren artean.

Aurrera begira zer?
Astero biltzen gara eta bilera horietan erabakitzen ditugu eman beharreko pausoak. Maiatzaren 14ko manifestazioa, esaterako, amaiera baino gehiago, gure lan-ildoaren hasiera moduan ikusten dugu. Aurrera begira, beraz, biltzen jarraitzeko asmoa dugu eta mobilizazio gehiago antolatzekoa.
Itxura guztien arabera, herritarrak Tolosako anbulatorioa lekuz aldatu eta hainbat espezializazio bertatik desagertzearekin ados egon ez arren, badirudi goitik erabakia hartuta dagoela eta atzera bueltarik gabe egingo dela aldaketa. Guk ere argi dugu ez garela isilik geratuko eta herritarron ezadostasuna kalera aterako dugula.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!