Aiztondoko I. Truke Eguna igandean Larraulen

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko mai. 5a, 10:50

Goiz osoan zehar postuak jarriko dira herriko plazan eta edonork parte hartu ahal izango du bertan, etxean daukan eta behar ez duen hori bertara eraman eta trukean gustuko beste zerbait hartuz. Hara segidan I. Truke Eguneko azalpen zehatzagoak:

Aiztondoko Denbora Bankuak I. Truke Eguna antolatu du: maiatzaren 8an ospatuko da Larraulen, goizeko 10.00etatik eguerdiko 14.00etara bitartean. Gauzak, denbora eta gaitasunak elkartrukatzeko merkatua da, dirurik gabeko azoka, norberak behar ez duena ekarri eta behar duena eramateko aukera. Edonork parte har dezake bertan, etxetik nahi dutena ekarri eta beste zerbaitekin trukatzeko. “Etxean duen edozer gauza ekar dezake jendeak: liburuak, jostailuak, arropa, elektrotresnak, janaria…”, azaldu du Olga Villak, Aiztondoko Denbora Bankuko kideetako batek. “Gutako batzuek postuak jarriko ditugu, baina jendearen parte hartzea ere espero dugu. Postuetara hurbildu eta etxean daukagun eta behar ez dugun hori bertan aurkitzen dugun beste zerbaitekin aldatzeko aukera izango dugu”.
Merkatuaz gain, beste hainbat ekintza ere antolatu dira truke egunerako. Alde batetik, proiektu honetan sartuta dauden zenbait hizlariren audio edo bideoak proiektatuko dira. Gainera, Julio Gisbertekin hitz egiteko aukera izango da; Julio oso ezaguna da denbora bankuaren jarraitzaileen artean, besteak beste, Vivir sin empleo liburuaren egilea baita. “Bestetik, tailer ezberdinak antolatuko dira: batzuek masajeak emango ditugu, beste batzuek xaboiak egingo dituzte, ipuin kontalariak ere izango dira… Eta, noski, denboraren bankuari buruzko informazioa eskainiko da eta nahi duenak izena emateko aukera izango du”, argitu du Olgak. Larraulgo elkartean bazkari bat eginez emango diote amaiera truke egunari.

Poliki-poliki bidea eginez
Orain bi urte inguru hasi zuen bere ibilbidea Aiztondoko Denbora Bankuak. “Bertako dinamizatzaile den Itsasoren ideia izan zen. Batetik, herri txikietako jendearen arteko harremana bideratzeko beste modu bat eskaintzen du; bestetik, gure eguneroko bizitzan eragina izan dezakeen ekimena”, dio Olgak. Lagun talde bat elkartu eta bakoitzak dauzkan ezagutzak edo abileziak taldekideei eskaintzen dizkie, trukean beste zerbait jasoz. Dirurik gabeko bankua da, beste zerbaiten truke ematen du norberak daukan hori. Hasiera batean kosta egiten dela aitortzen du Olgak, “beti pentsatzen baitugu ez dakigula ezer egiten edo ez dugula besteei eskaintzeko ezer, baina pixkanaka ateratzen dira gauzak”.
Proiektua nahiko geldo doala onartu du Olgak, “gezurra dirudien arren, Denboraren Bankua aurrera ateratzeko ere denbora behar baita”. Baina poliki-poliki ari dira hainbat zerbitzu jasotzen. “Esaterako, joan den udan oporretara joan nintzenean taldeko lagun batek zaindu zizkidan baratzea eta etxeko landareak. Orain, berriz, norbaitek informatikako programa berezi batzuk erabiltzen erakustea gustatuko litzaidakeela pentsatzen hasita nago; nik horren trukean masaje batzuk emango nizkioke. Eta beste batean arrain zopa goxo-goxoa egiten ere gustura ikasiko nuke”.
Beste behin, Olga Adunako bazkide bati masajea ematen ari zela masajea eman bitartean ingelesa praktika zezaketela ohartu ziren eta halaxe egin zuten. “Hizkuntza aldatu eta berriketan jarraitu genuen, eta oharkabean hiru ‘lan’ egin genituen: erlaxatu, ingelesa praktikatu eta lagun berriak egin!”.
Zerbitzu ezberdinak trukatzen dituzte Denboraren Bankuan: tartak jaso eta egiten erakutsi, auto zerbitzua eskaini, ogia eta gazta egiten erakusteko ikastaroak jaso, matematika eta informatika erakutsi, masajeak eman, baratzeak eta loreak zaindu… Denbora Bankuko kide bakoitzak taloitegi bat du eta zerbitzuren bat jasotakoan ordubeteko taloiarekin ordaintzen du.

Pentsatzeko beste modu bat
Etekin ekonomikorik gabeko proiektua da Denbora Bankua, baina ez irabazirik gabekoa. “Guztiok korrika eta presaka edo estresatuta bizi garen gizarte honetan, norberaren denbora musu-truk eskaintzeak barregarria dirudien arren, ekimen honetan gabiltzanok ez dugu jada horrela pentsatzen”, aipatu du Olgak, eta euren arteko denbora eta abileziak trukatzeaz gain, lagun eta ilusio berriak izateko bidea ireki diela gaineratu du. “Bestetik, askotan faboreak eskatzeak lotsa edota beldurra ematen digu baina sistema honekin mesedeak hartu eta eman egiten direnez, eskatzeko garaian ez da hainbesteko erreparorik sentitzen”, azpimarratu du.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!