Mintzalaguna egitasmoa Andoainen

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko mai. 5a, 10:47

Aurretik bi urtez antzeko egitasmoak burutu diren arren, lehen aldiz jarri da abian aurten Andoainen Mintzalaguna proiektua, euskaraz hitz egin nahi dutenei horretarako aukera ematen diena.

Behin baino gehiagotan saiatu gara Mintzalaguna martxan jartzen, baina arazo ezberdinak medio, krisia ere tartean, ez da aurrera ateratzeko modurik izan orain arte. Iazko urrian Udaletik EBPN (Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia) onartuko zutela esan zuten, eta beharbada interesgarria izan zitekeela herri mailan horrelako ekimen bat martxan jartzea. Programa berri bat aurkeztu zitzaien eta urtarrilean jaso zuen onarpena”. Halaxe azaldu du Kristina Bernalek, AEK-ko irakasleak eta Mintzalaguna proiektuko koordinatzaileak, egitasmo honen sorrera.
Euskaldun berri zein zaharrei zuzenduriko proiektua da Mintzalaguna. Euskaraz hitz egiteko zailtasunak dituztenak lirateke lehenak, ikasten ari diren ala ez kontuan izan gabe: euskaraz aritzeko ohitura duen batekin hitz eginez euskara maila hobetzeko aukera eskaintzen zaio. Eta hortxe sartzen dira jokoan euskaldun zaharrak, euskaraz hitz egin nahi baina horretarako eragozpenak dituztenei euren laguntza emanez. “Bi, hiru edo lau laguneko taldeak osatu eta gustuko gauzak egingo dituzte euskaraz: kafea hartu, denbora pasa ibili, kontuak esan, paseatu…”, argitu du Kristinak. Adina, zaletasunak eta disponibilitatea hartu dituzte kontuan taldetxo horiek osatzeko; parte hartzaileei eskatzen zaien bakarra euren denboratik astean ordubete ematea da.

Ez dira klaseak
Antolatzaileek oso garbi utzi nahi dute Mintzalaguna proiektuaren barruan parte hartzaileek elkarrekin pasako duten tarte hori ez dela klase bat. “Euskaldun zaharrak ez du berriak egiten duten akats bakoitza zuzentzen aritu behar eta, honenbestez, berriak ez du hitz egiterakoan hanka sartzeko beldurrik izan behar”, azpimarratu du Kristinak.
“Euskaldun zaharra ez da irakaslea eta berria ez da ikaslea, eta ez dira apunteak hartzen, ez dira aditzak errepasatzen… Ez da ezer prestatuta eraman behar, nahi dutenari buruz euskaraz hitz egin, horixe bakarrik”.
Dirudienez, euskaldun zahar batzuek kezka azaldu dute, gramatikarik ez dakitela eta zer erakutsirik ez dutela izango. “Bada, hain justu, gramatika ez den hori erakustea da helburua, gramatika gurekin euskaltegian ikasten baitute. Kaleko hizkera da falta zaiena, eta euskaraz hitz egiteko ohitura hartzea. Euskaltegian ikasten dena artifiziala da neurri batean eta gero hemen ikasitakoarekin kalera ateratzen direnean ulertzeko zailtasunak dituzte. Belarria egin behar da”.

Malgutasun handia
Esan bezala, gutxienez astean ordubetez bildu eta euskaraz aritzea da Mintzalagunak parte hartzaileari eskatzen dion gauza bakarra. “Azken finean ez da ikasturte bat, beraz, ez dute zertan denek batera hasi, bakoitzak bere erritmoan egingo du”. Hori horrela izanda, egitasmoa jada abian den arren, norbaitek orain izena eman nahiko balu ez legoke inolako arazorik. “Eta talde batek astean behin geratu beharrean hirutan geratu nahi badu, primeran, beraiek nahi duten bezala eta nahi dutenean egin dezakete”. Normalean taldeak bi lagunekoak izaten diren arren, kasu batzuetan hiru edo laukoak ere osatu dituzte. “Baliteke zenbait egoeretan bi lagun bakarrik deseroso samar sentitzea, hasieran behintzat, eta hirugarren pertsona batek babes gehiago eman dezake”, azaldu du Kristinak.

Euskararen presentzia areagotzea
Euskaraz hitz egin nahi duen edonork parte har dezake egitasmo honetan, ez da beharrezkoa euskara ikasle izatea. “Herri guztiari zuzenduta dago, ez euskaltegiko jendearengana bakarrik. Nahiz eta euskaldun zahar izan, euskaraz hitz egiteko ohitura gutxi duten horiei ere eman nahi zaie euskara berreskuratzeko aukera. Denbora librean euskara erabiliz, Andoainen euskararen presentzia handiagotzea da helburua, eta jende guztiari euskaraz hitz egiteko aukera ematea, aukerarik ez daukala esanez inor gera ez dadin.

Justo Bachiller, euskaldun berria
Iaz Andoaingo AEK-n antolatutako mintzapraktika programan parte hartu zuen Justo Bachillerrek; oso gomendagarria dela dio.

“Oso baliagarria suertatu zitzaidan. Euskaltegian egunero bi ordu egiten nituen baina gero nire inguruan euskaraz hitz egiteko oso aukera gutxi daukat, lantokiko lankideren batekin ez bada… Ekimen honek aukera berri bat ematen du”. Justo astean behin biltzen zen bere mintzakidearekin, bi ordu inguruz, eta lotsa kentzeko balio izan diola nabarmendu du. “Ulermenean nahiko ondo moldatzen naiz, baina hitz egitea gehiago kostatzen zait. Iazko esperientziak euskaraz hitz egiteak ematen zidan lotsa galtzeko balio izan dit”.
Justo Bachiller umetan etorri zen Euskal Herrira bizitzera, Legorretara. Bertan urtebetez aritu zen euskara ikasten. Gero Andoainera aldatu zuen bizitokia, eta orain 22 urte hiru ikasturte egin zituen bertako euskaltegian. Ondoren utzi egin zuen, eta orain berriz heldu dio; hirugarren ikasturtea du aurtengoa. “Ez da erraza euskara ikastea, beharbada ni baino gazteagoa den batek arinago ikasiko du baina… Gainera, guk arazo bat daukagu: gaztelaniatik euskararako itzulpena nahi dugu, eta hori ez da posible”.

Barruan zeukan arantza
Zailena hitz egitea dela dio Justok, baita gramatikalki esaldi zuzenak osatzea ere. “Hiztegia gutxi gorabehera menperatzen dut, baina hitzak lotuz esaldi zuzenak osatzea gehiago kostatzen zait”. Hala ere, gustura dago euskararekin eta helburu edo epe konkreturik jarri gabe ikasten joan nahi du pixkanaka. “Ia 40 urte daramat Euskal Herrian bizitzen eta euskara ez jakitearen arantza aspalditik neukan barruan. Euskal Herriko edozein tokitan euskaraz komunikatzeko gai izan nahi dut; niretzat oso garrantzitsua da, traba asko gainditzen dituzu horrekin. Andoainen euskara ez da oso beharrezkoa eguneroko bizimodua egiteko, baina beste toki batzuetan bai”.

Bakartxo Iguaran, euskaldun zaharra
Bi urtez izan da Bakartxo Iguaran mintzapraktikako programetako partaide. Gauza guztien gainetik, egitasmo honek zerbait ludikoa izan behar duela uste du.

Bi urte, bi mintzakide eta bi esperientzia ezberdin. Halaxe laburbil liteke Bakartxo Iguaranek mintzapraktikako programetan ezagutu duena. “Lehenengo urtean mintzakide izan nuen neskak eta biok egoera pertsonal oso antzekoa geneukan eta oso erraza egin zitzaigun moldatzea; . Oso esperientzia ona izan zen”. Iaz, berriz, gizonezko bat izan zuen Bakartxok mintzakide, euskararen ikaskuntzan buru-belarri sartuta zegoena. “Txapela kentzeko moduko jarrera zeukan, egunean 7-8 ordu eskaintzen zizkion euskara ikasteari. Harekin konpromiso maila altuagoa zen, ez genuen egun bakar batean ere hutsik egin”.  Bakartxok beti izan du euskararekiko konpromisoa, gaiarekin lotutako zerbait tokatu zaionean beti saiatu izan da parte hartzen. “Mintzalaguna ezaguna egiten zitzaidan komunikabideetatik; beti pentsatu izan nuen goizak nahiko libre nituenez horrelako zerbaitetan parte har nezakeela, eta AEK-tik deialdia bidali zutenean nire denboraren zati bat horretara bidera nezakeela iruditu zitzaidan. Oso esperientzia polita izan zen”.

Ludikoa, entretenitua
Antolatzaileek behin eta berriz azpimarratu duten aspektu batekin guztiz bat dator Bakartxo. “Egitasmo honek zerbait ludikoa izan behar duela uste dut, bestela, borondatez euskaldun berriari laguntzera doan horrek ere trabak aurki baititzake. Noski, momentu jakin batean esan diezaiokezu ‘nik modu honetara esan ordez horrela esaten dut’, baina ez arrazoi gramatikalak ematen hasi. Zerbait lasaia izan behar du, gramatikak eta denak ahaztuta. Hori azpimarratu zuten egitasmoaren aurkezpenean eta nire esperientziatik ere hori esango nuke, gramatikak eta hiztegiak etxean utzi eta zerbait entretenitua izan behar duela Mintzalagunak.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!