Arnasa taberna, museo txiki

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko mai. 5a, 10:43

Seve Iglesias margolari billabonatarra, museo txiki bihurtzen ari da Txermin auzoko Arnasa taberna. Bere hainbat margolanez gain, mahai gainean margotu duen partxis joko bitxia eta aulkietako pirograbatuak aipa daitezke, besteak beste.

Orain arte koadroak margotu izan dituzu batik bat. Bide berriak urratzeari ekin al diozu?
Ez, koadroak margotzen ere jarraitzen dut; baina 2010 urtean etena egin eta bestelako lanak egiten aritu nintzen gehiago. Margolan txikiak egin nituen, eta gutxi.

Arnasa tabernan lehenagotik ere bazen zure lanik. Orain, ordea, lan bitxi ugari egin duzu. Aulkietan eskualdeko udaletxeak pirograbatu, esaterako. Nondik nora ideia?
Ideia nirea izan bazen ere,  Arnasa tabernako Juan Mari Mujikak eskaini zidan aukera. Barra ondoko sei aulkietan Aiztondo bailarako bost udaletxeen irudiak pirograbatu ditut eta seigarrenean, Tolosakoa. Irailean hasi nintzen lanean eta horretarako, sei herrietara joan eta bertako udaletxeei argazkiak atera nizkien aurrena. Nire helburua, jende guztiak ezagutzen dituen irudiak marraztea zen eta horregatik egin nuen udaletxeen aukera. Pirograbatuaren teknikak beti erakarri izan nau, marrazkigintzaren baitan oso lan ezberdina baita. Niri amaierako emaitza gustatzen zait gehien, atsegina da ukitzeko ere. Baina teknika zaila da eta marrazketarako doteaz gain, pultsu ona edukitzea eskatzen du. Egia esan, aspaldian landu banuen ere, azken urteotan oso utzita neukan. Orain, berriz ere, oso gustura eta motibatuta aritu naiz lan horretan eta dagoeneko hainbat eskaera izan dut. Ikusiko dugu…

Mahai baten gainean partxis berezia ere margotu duzu…
Mahaietan hemen inguruko paisaiak pirograbatzea erabaki genuen Juan Marik eta biok: Ernio, Loatzo edota Alustizakoak. Denok ezagutzen ditugun lekuak baitira. Gerora google earth-en ikusitako airezko Amasa-Villabonako ikuspegia egiteko gogoa piztu zait, baina asmo hori geroagorako utzi eta partxisa egin nuen lehenik. Ohiko lau koloreak ditu honek ere eta kolore bakoitzak Amasako etxe baten irudia: Mikel Igartza, Etxe-Ondo, Musturi-Azpi eta Borda-Errekakoa. Marrazkiei seriotasuna kentzearren, kolore bakoitzari lotutako hitzak ere idatzi nituen.

Begiratu bai, baina jolasten al da partxis horretan?
Oso harrera beroa izan du partxisak; arratsaldero jolasten dira partidak, biziak gainera. Giro polita sortu da partxisaren inguruan eta egunerokotasuneko gaiak alde batera utzita une alaia igarotzeko egokia dela esango nuke. Denok jolastu izan dugu partxisean noizbait, baina orain, jolasteko beste modu berri bat ezagutu dut lagunartean. Oso ondo pasatzen dugu, denak ere partida irabazten saiatuz.

Taberna barruan ez ezik kanpoan ere jolastokia!
Kanpoaldeko zelaian –ikastolaren parean- toka jolasa jarri dut, oso mantenu errazeko jolasa izanik, mantendu beharrekoa dela uste baitut. Fitxak ere bertan daude, jolastu nahi duen orok askatasun osoz hartzeko moduan. Jarri aurretik, jende askok esaten zidan lapurtu egingo zituztela eta ez zuela merezi. Baina niri ez zait ideiei negatibotasunetik begiratzea gustatzen, jendearengan sinestea nahiago dut. Oraindik behintzat ez dituzte lapurtu eta oso harrera ona izan du. Umeak nahiz helduak aritzen dira jolasean. Epe laburrean txapelketaren bat antolatzeko ere prest azaldu da jendea eta pozgarria da hori. Aurrera begira, bote jolasa ere jartzeko asmoa dut eta baita Loatzoko harriarekin eginiko bi ajedrezerako mahai ere. Udalak oso jarrera ona erakutsi du ideia horien aurrean, –Julito Iturbek bereziki–, asko lagundu didate eta esker on modura jarri dut mosaiko itxuran egindako Villabonako Udaleko armarria tokaren gainean.

Pozik, beraz, jasotako erantzunarekin?
Oso gustura nago ni. Gustuko lana egiteaz gain, sortzeko aukera izatea askoz hobea baita. Gehienak lan errazak dira, baina hain modu artisauan egiteak asko motibatzen nau. Arnasa tabernako barra neronek egindakoa da eta azpiko pareta ere moldatu egingo dut laster: burdina, adreilua, beira eta egurra erabiliko ditut. Material birziklatuak guztiak. Zorte handia daukat Juan Marik tabernako ateak irekitzeagatik, seguruenik ez lidakete edozein tokitan utziko.

Margolanak, Irrintzi tabernan
Irrintzi elkarteak antolatu dituen kultur jardunaldien baitan, Xebe Iglesiasek margotutako hainbat margolan ikusgai daude elkartean bertan. Oleoa, akrilikoa edota bestelako teknikak erabilita eginiko lanak dira: paisajistikoak batzuk, abstraktuagoak besteak. Ezagutu nahi dituen ororentzat zabalik daude elkarteko ateak.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!