III. Senidetze eguna, maiatzaren 28an

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko mai. 5a, 10:38

Aiztondo eta El Salvadorreko Segundo Montes komunitatearen senidetzearen harira, III. Senidetze eguna antolatu da maiatzaren 28an Amasa-Villabonan.

Zizurkil duela ia hogei urte senidetu zen Ertamerikako komunitatearekin. Geroztik, azken urteotan, Aiztondo bailarako Aduna, Asteasu eta Amasa-Villabonako Udalek ere bat egin dute, senidetzea indartuz. Gertutasuna eta elkartasuna bultzatu nahian, duela hiru urte Zizurkilen lehen Senidetze eguna antolatu zen, iaz Adunan bigarrena eta aurten, Amasa-Villabonaren txanda izango da. Aitziber Cenzano Alkatetzako idazkariak gertutik ezagutzen du Seguno Montesekiko senidetzea. Iaz El Salvadorrera joanda, bertatik bertara ikusi baitzuen hango egoera. Berak gogorarazi du maiatzeko azken larunbatean izaten dela azken urteotan Senidetze eguna. “Egun hori jai-giroan ospatzea lortu nahi dugu eta ahalik eta jende gehienak antolaketan parte hartzea”. Aitziberrek jakinarazi duenez, bi zati izango ditu festak, “batetik harrera instituzionala; eskualdeko udaletxe ezberdinek El Salvadorretik etorritako kideei egingo dietena eta, bestetik, inguruko eragile ezberdinekin antolatuko den egun osoko festa”. Aurreko urteetan bezala, aurten ere Segundo Montes komunitateko kideak izango dira eskualdean Senidetze egunerako, “Che gazte taldeko bi kide eta Euskal Fondoak gonbidatuta, uraren kudeaketaren inguruko ikastaroa egitera etorriko da hirugarrena; hemen ikasitakoa han martxan jartzeko aukera izan dezan”, argitu du.

Ur zikinak atera
Urteotan, Aiztondo bailarako laguntzarekin, hainbat ekimen bideratu dute. Azkena eta garrantzitsuenetakoa ur-sarea etxe guztietara zabaltzea. “Segundo Montes komunitatea bost auzo ezberdinetan zatituta dago. Iaz, bertan izan ginenean, lau auzotara ur garbia iristen zen eta bosgarrenera ere hala iristea izan da azken urteko lan nagusia. Ur garbia komunitate osora iristeaz gain, ur zikinak ateratzeko modua ahalbidetzea da une honetan bideratu behar dena”. Hango egoera ezagututa, Aitziberri begia gehien jo ziona auzolanaren indarra izan zen, “haien egoera ekonomikoa ez da ona. Hemen krisian bagaude, han bizi guztia igaro dute egoera horretan eta ez da erraza. Dirurik ez daukatenek, emaitzak lanaren truke lortzea erabaki zuen komunitateak eta elkartrukea, funtzionatzeko oso modu interesgarria iruditu zitzaidan”, adierazi du.

Etekinak jasotzea helburu
El Salvadorreko komunitatearekin senidetzeak duen garrantzia herrian ondo txertatzea lortu ez dutela uste du Alkatetzako idazkariak, “komunitateari emandako dirua zertan gastatzen den ez dakigula pentsa dezake norbaitek, baina Euskal Fondoak bideratutako dirulaguntza oso ondo kudeatzen da eta hara joandakoan ikusten dira emaitzak. Askotan dirulaguntzak karitatez ematen direla dirudien arren, ekimen honen helburua ez da hori; kudeaketa onaren ondorioz beraiek etekinak jasotzea baizik”. Senidetze egunean herritar guztiek parte har dezaten deia egin du, “egun polita izango da eta gure egoeraren berri emateaz gain, haiena beraien ahotik jasotzeko aukera izango da”, nabarmendu du.

Egitaraua
Maiatzaren 28an
11:00tan haur jokoak plazan.
Eguerdiko 12: 00etan Aiztondo Udaleko harrera intituzionala (Villabona, Asteasu, Aduna eta Zizurkil).
Eguerdiko 12:30etan herritarren harrera: txupinazoa.
Pregoia: Gazte Asanblada.
13:00etan buruhandiak.
14:30etan bazkaria ( bertsolariak trikitilariak eta abar).
17:00etan  Bizitza Zirkuan Potxin eta Patxin Errebote plazan.
20:30etan kontzertua eta berbena errebote plazan.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!