Maider Barandiaran, hamasei urte AEK-n

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko mai. 5a, 10:34

Euskara irakasten hasi zen Villabonan eta gaur egun material didaktikoa sortzeko lanarekin uztartzen du eginkizun hori Andoainen Maider Barandiaran zizurkildarrak.

Irakasle lana izan zenuen lehenengo zeregin AEK-n...
Bai, orain hamasei bat urte hasi nintzen, Villabonako AEK-n. Ikasle baten ekimenez zabaldu zen, gainera, Villabonako AEK-ko euskaltegia. Ordura arte Tolosakora joaten zen eta herrian beharra ikusi zuenez, proposatu, jendea bildu eta halaxe sortu zen. Bizpahiru talderekin osatu genuen euskaltegi hura baina ez zuen luzaroan iraun; beste euskaltegi bat ere bazegoen Villabonan eta azkenean biak itxi ziren. Kontua da ezartzen dizkiguten ratioak guztiz irrealak direla: herri txikietan 8-10 lagun eskatzen dizkigute ikastaldea sortzeko, eta kopuru horretara heltzea oso zaila da. Baina ratio horien menpe daude euskaltegiak, horiek bete ezean ez baitugu diru-laguntzarik jasotzen. Horrelaxe itxi zen Villabonako euskaltegia ere, eta hura itxitakoan Andoaingoan hasi nintzen.

Zure ustez, garai  hartan euskara ikastera zihoazenek eta gaur egungo ikasleek arrazoi bera al dute euskaltegira joateko?
Baietz esango nuke. Batetik, lehen zein orain, jende asko titulua ateratzera etortzen da euskaltegira, bere lantokirako beharrezko duelako edo puntuazioan izugarrizko igoera ematen diolako. Bestetik, euskaldun izan nahi duelako euskara ikastera etortzen den jendea ere beti izan dugu, ez nuke esango jaitsierarik egon denik. Euskara ikastera datorrena euskaltegira sartzen denean konturatzen da euskara ikasteak benetako ahalegina eskatzen duela, eta orduan erabakitzen du euskaldun izan nahi duen ala titulu bat lortu nahi duen. Bestetik, euskaltegira datozen ikasleen artean, gutxi gorabehera, gehien irauten dutenek bi urte egiten dituzte bertan. Euskara urtebetean ikas liteke,baita euskaltegira etorri gabe ere; kalean erabilita ikasten da benetan hizkuntza. Eta hori euskaltegira sartu orduko esaten zaie, euskara ikasteagatik ordaintzen ari direla eta aprobetxa dezatela eskolaz kanpo ere, horixe baita zonalde erreala eta hor erabilita ikasiko baitute euskara.

Zizurkildarra izanik, zer esango zenuke Zizurkilgo euskararen egoerari buruz?
Bada, esaterako, Andoainekin alderatuz gero, ez nuke esango Zizurkilen Andoainen baino euskara gehiago hitz egiten denik, Andoainek erdaldun fama badu ere. Hori bai, argi utzi behar da Zizurkil gora eta behera oso ezberdinak direla. Nik beheran egiten dut bizitza eta bertan erdara asko entzuten dut. Ni euskaraz bizi naiz eta hori posible da Zizurkilen, jendeak euskaraz bai baitaki, baina jakinda ere ez du erabiltzen. Ez dira erdaldunak, baina gaztelaniaz bizi dira.

Atzerritarren etorrerak ba al du horretan eraginik?
Nire ustez, kanpotik hona datorrenari euskara ezagutzen duenean ikasteko gogoa sortzen zaio, alegia, euskarak badu morbo hori. Baina guk ez diegu horretan batere laguntzen, ez baitiegu euskaraz hitz egiten, beraiek ikasteko prest egon arren. Lehen esan dudan bezala, euskara kalean ikas daitekeela uste dut, baina horretarako inguru egokia behar da. Badaude oso erdaldunak diren zonaldeak, Barakaldo ingurua edo Muskiz bezalako guneak esaterako, baina Tolosaldean posible izan behar du kalean euskara ikasteak.

Euskara ikasteko material didaktikoa sortzen diharduzu orain…
Bai, baina eskolak emateko aukera dudan guztietan ere jarraitzen dut irakasle lanarekin. Gure eskolak emateko ikasmateriala AEK-n bertan sortzen dugu. Euskara hizkuntza normalizatua ez denez, ikasmateriala, liburuak…., oso urriak dira eta guk material hori sortzeko beharra ikusi dugu. Kontuan izan behar da helduekin ari garela lanean eta hezkuntza arautuko euskara klaseetako materiala oso infantila egiten zaiela euskaltegira etortzen diren ikasleei. Beraz, euskarazko materiala behar dugu, baina aldi berean, ikasleen interesa sortuko duena eta euren lanerako pizgarri izango dena, eta material hori geuk egitea da errazena. Oso garbi daukagu zer nahi dugun, beraz, guk sortu eta kito. Oso lan polita iruditzen zait.


Korrika 17
Igaro berri den Korrika oso jendetsua izan dela azpimarratu du Maider Barandiaranek. “Gure eskualdetik goizaldean pasa zen, eguna argitzeke zegoela eta jendeak izugarri ondo erantzun du, oso polita izan da. Ehunka lagunek parte hartu dute Korrika antolatzen, Tolosaldeko herri gehienetan sortu da aurten Korrika batzordea. Korrika oso ekimen maitatua dela uste dut, herritarrei ikaragarri gustatzen zaiena eta jendea hunkitzen duena. Horri esker da hain erraza jendea erakartzea; gainera, bi urtez behin da, ez da etengabeko lana eskatzen duen zerbait. Harrigarria da herritarren artean duen estimua”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!