Maiatza saltsan, klima aldaketaz

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko mai. 5a, 10:33

Maiatzera iritsita, urtero legez, Maiatza Saltsan ekimena antolatu du Zizurkilgo Udaleko kultura sailak. Aurtengo gaia: Klima aldaketa. Zer egin dezakegu?

Klima aldaketak azken urteotan sortutako ondorioei begira eta norbanakoak har ditzakeen neurriei zuzenduta antolatu du Zizurkilgo Udalak aurtengo Maiatza Saltsan ekimena. Ainhoa Larrea kultur teknikariak adierazi duenez, gaia pil-pilean baitago egun; “gaia aukeratzerakoan, urteko zein gertaera jorra daitekeen aztertzen dugu. Aurtengo gaia erabakitzen ari ginenean, Japoniako lurrikara gertatu zen eta 2011ko edizioa, klima aldaketari lotutakoa izatea erabaki genuen bete-betean”. Egitaraua zehaztuta, lurra, kutsadura, klima aldaketa, zaborra, ura, natura eta emozioak nahiz energia berriztagarrien gaiak landuko dira, besteak beste, hilabete osoan zehar Zizurkilen. Formatu ezberdinetan landu ere; hitzaldiak, liburu nahiz dokumental aurkezpenak, emozioen trukaketa edota dantza saioa ere tartean izango baitira. “Oso modu ezberdinetako eskaintzak izanagatik, guztiek badute klima aldaketarekin loturaren bat” adierazi du Larreak, hausnarketarako bidea ere irekita egongo dela jakinaraziz: “hainbat azalpen eta esperientzien berri eman ostean, egoera zehatzen aurrean norberak nola jokatu beharko lukeen  gogoeta eginaraztea da asmoa”, argitu du. Antolatzaileek, zizurkildar guztiei nahiz gaiarekin interesa duen edonori egin diete emanaldietan parte hartzeko deia.

Egitarau zabala, guztiei irekita
  • Maiatzaren 3an, Nabarralderen eskutik, ‘Gipuzkoaren jatorria, mitoa eta elezaharraren artean’ bideoaren aurkezpenarekin eman zitzaion hasiera aurtengo ekimenari. Datozen egunetako eskaintza zabala:
  • Maiatzak 5, osteguna: Iñaki Petxarroman kazetariak idatzitako ‘Lurra zorua bailitzan’ liburuaren aurkezpena. 19:30etan Atxulondo Kultur Etxean. Kutsadura, klima aldaketa, zaborren kudeaketa, Itoizko urtegia, krisi ekologikoaren ardura edota ekologisten gaia jorratzen dira liburuan.
  • Maiatzak 10, asteartea: Asier Hilarioren eskutik, ‘Flysch, haitzen hitza’ dokumentalaren aurkezpena. 19:00etan Atxulondo Kultur Etxean. Asier Hilario geologoak eta Alberto G. Gorritiberea zinemagileak osatutako lana bidaia bat da: Zumaiatik Islandiara, handik AEBtara eta Mexikora. 25 zientzialari entzutetsuri egindako elkarrizketak biltzen ditu, modu atsegin eta ulergarrian.
  • Maiatzak 14, larunbata: Oinkari dantza taldearen ‘Ari du’ emanaldi berria, urarekin lotua. 22:00etan Intxaur pilotalekuan. Sarrerak: Helduek 5 euro eta 14 urte artekoek 3 euro. (Txartelak aurrez salgai Udal bulegoetan).
  • Maiatzak 15, igandea: San Isidro egunean, meza, aizkolariak nahiz bazkaria izango dira.
  • Maiatzak 17, asteartea: Imanol Azpiroz, Usurbilgo Udaleko Ingurumen zinegotziaren eskutik, ‘Atez atekako zabor bilketa hitzaldia’. 19:00etan Atxulondo Kultur Etxean.
  • Maiatzak 21, larunbata: ‘Emotikon’ emozioen karpa erraldoia. Ados teatroaren eskutik. 18:00etatik aurrera Pasus plazan. Ordu erdiro 24 pertsonek natura eta emozioen mundua ezagutzeko aukera izango dute.
  • Maiatzak 22, igandea: Zizurkilgo XIII. Biatloia.
  • Maiatzak 25, asteazkena: Javier Marques, Energiaren Euskal Erakundearen ordezkariaren eskutik, ‘Energia berriztagarriak Euskal Herrian’ hitzaldia. 19:00etan Atxulondo Kultur Etxean. 
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!