Larraulgo ekomuseoak urtebeteko ibilbidea

Maiatzaren amaieran edo ekainaren hastapenetan ekomuseoari eskainitako eguna antolatzeko asmoa dute museoko arduradunek, erakusketa berezi batekin.

Borondatezko lan handi bati esker bete du urtebete Larraulgo ekomuseoak. Aukera ezberdin ugari eskaintzen ditu eta, noski, horiek denak mantentzeak ahalegina eskatzen du. Baina museoaz arduratzen diren lagunak gustura daude urtebete honek eman duenarekin. “Ez dugu esango sekulako jendetza etorri denik, ez baita hala, baina badago mugimendua”, adierazi dute. “Gainera, oraindik gauza asko geratzen dira egiteko, eta horiek burutzeko diru-laguntzak lortu eta abian jartzen joan gaitezkeen neurrian ekomuseoak ere aurrera egingo du”.
Larraulgo ekomuseora datorrenak gauza ezberdin asko ikusi eta ezagutzeko aukera dauka. Alde batetik, museo etnografikoa eta herriko eliza bisita ditzake eta bati zein besteari buruzko azalpenak jasoko ditu. “Horren inguruko ariketatxo batzuk ere baditugu prestatuta, umeen taldeak etortzen diren kasuetarako”, zehaztu du Olga Villak, arduradunetako batek. Bestetik, bisitariak bi ibilaldi egiteko aukera ere izango du. Horietako batean Larraulgo errotara hurbilduko da; bertan errotariak garai batean errotak nola funtzionatzen zuen azalduko dio eta errota martxan jarriko du. “Bigarren ibilaldia herri kaskoaren bueltan egiten da, hiruzpalau puntu berezitan geldialdiak eginez, ferratokian edota karobian, esaterako. Horrez gain, hainbat tailer ere eskaintzen da: ogia, gazta edo xaboia egiteko, egur tailan aritzeko, bertsolaritza lantzeko…”.

Ahalegin handia
Zazpi laguneko taldetxo bat arduratzen da Larraulgo ekomuseoaz. “Talde lana denontzat oso aberasgarria izan dela uste dut”, aipatu du Olgak. “Maiztasun handiarekin bildu izan gara, batez ere hasieran, eta ondo moldatu gara”. Hala ere, ekomuseoa zabalik mantentzeak lan handia eskatzen duela aitortu du. “Erakunde ezberdinetako diru-laguntza deialdien berri izan, behar diren eskaerak egin eta ondorengo memoriak aurkezteak bakarrik denbora asko kentzen du; burokrazia lana sekulakoa da”. Horrez gain, museoaren berri eman behar da, bisitarientzako materiala prestatu behar da, baita museoan, elizan eta ibilbideetan eman beharreko azalpenak ere… “Eta gauza asko geratzen zaigu egiteko. Esaterako, herriko sarreran museoa non dagoen adierazten duten kartelak jarri gabe daude, web orria sortzen ari gara… Baina gustura ari gara eta nekatu edo aspertu bitartean behintzat jarraituko dugu”.

Ekomuseoaren eguna
Maiatzaren amaieran edo ekainaren hastapenetan ekomuseoaren eguna ospatzeko asmoa dute arduradunek. “Iaz museoa inauguratu genuenean egin genuen: museoa eta eliza erakutsi genituen, tailer batzuk ere bai, eta arratsaldean mendi buelta egin genuen errotara”, azaldu du Olgak. “Aurten horrelako zerbait egitea aurreikusten dugu, baina beharbada, erakusketa finkoaz gain, beste erakusketa berezi bat antolatuko dugu, antzinako pisu eta neurrien ingurukoa. Betiko moduan bazkaritxo bat ere egingo dugu eta akaso mendi buelta bat ere bai”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!