Dudarik gabe, biztanle hazkunde handia izan da Asteasun eta horrek eskolako jardunean ere eragin nabarmena izan du, “duela zazpi ikasturte eskolan 96 ikasle biltzen bazen, hurrengo irailean 260 izango dira. Epe laburrean ia hirukoiztu egin da ikasleen kopurua”, azaldu du Aitorrek. Ikasle kopuruak nabarmen gora egindakoan, guztientzat lekua egiteko oso juxtu ibili dira eta lehen laborategi, musika edota ingeles-gelak zirenak, denak erabili behar izan dituzte adin ezberdineko ikasleei tartea egiteko. Egoera hori aurreikusita, duela sei bat urte egin zuten Pello Errota eskolako kideek eskola handitzeko eskaera Asteasuko Udalean nahiz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailean. Aipatu erakundeen dirulaguntzarekin, 2010 urtean jarri ziren martxan lan horiek eta laster batean amaituko dituzte.
Espazio zabalak
Aitorrek jakinarazi duenez, hiru zatitan eraberritu dute Asteasuko Pello Errota eskola. “Lehen fasean eraikin zaharra berritu eta zabaldu egin zuten. Bigarrenean, eraikin zaharrari berria erantsi zioten ikasle txikienei zuzenduta eta, azken fasean lanean ari dira orain: jolastoki nahiz aparkalekua osatzen”. Dagoeneko, eraikin berrian biltzen dira azken hilabeteotan Haurreskolako ume nahiz hezitzaileak eta 2-3 urteko ikasle gazteenak ere oporren ostean egin dute aldaketa. 4-5 urtekoak, berriz, ikasturte berriarekin, irailean igaroko dira. Irakasleak nahiz ikasleak pozik daude emaitzarekin, espazio zabalagoa baitute orain. Hala ere, obrak guztientzat nekezak izan direla gogoratu du Aitorrek, “gu eskolan lanean aritu garen bitartean gauzatu dira lanak eta bere kostua du horrek. Irakasle nahiz guraso elkarteko kideak bilduta ahalik eta ondoen egiten saiatu garen arren, bide neketsua izan da guztiontzat”. Nekearen ondoren jasoko dute ordaina, “pozik gaude orain; espazio gehiago, gune zabalagoak eta ederrak izango ditugulako eta leku faltagatik alboratuta genituen gune jakinak berreskuratuko baititugu hurrengo ikasturterako”. Ikasleak nahiz irakasle edo gurasoak biltzeko gelak ez ezik, besteak beste, jangela ere egokitu egin dute eta otordutarako gune zabalagoa izateaz gain, lanerako material berriz hornitu dute sukaldea.
Ongi etorri eta agur festak
Hirugarren fasea, –jolastokia eta parkea egokitzearena, alegia–, maiatzaren 13rako amaituko dutela uste dute eskolako kideek eta, maiatzaren 16an, eskola berriari ongi etorri festa egiteko asmotan dira, “Udaleko gobernu batzordeak, Hezkuntza Sailak eta eskolako kideok hartuko dugu parte jaialdi horretan. Antzerki talde batek egun horretarako gidoia prestatu digu eta antzezlana ere izango da, beste hainbat ekintzen artean”, aurreratu du Pello Errotako zuzendariak. Aurrez, ordea, maiatzaren 6an txikienen eskola zaharrari agurra egingo diote eta ikasleek eskola hartaz gordetzen dituzten oroitzapenak kontatzearekin batera, irakasleek musika emanaldia eskainiko dute.