Liburuak erosteagatik beherapenak
Ekimenaren koska ondokoa da: apirilaren 23tik uztailaren 23ra bitartean lau herri horietako udal liburutegi batean euskarazko liburu bat maileguan hartu eta irakurtzen duenari, berriz ere liburua udal liburutegira itzultzen duenean orritxo bat eskainiko diote, bizpahiru galderarekin. Galdera horiei erantzuna eman eta liburuzainaren esku jarriz gero, liburuzainak txeke edo txartel bat emango dio, eta txeke horrekin herriko liburu-denda batean liburua erosi ahal izango du %25eko beherapenarekin. Erositako liburuak ere euskarazkoa behar du izan, jakina. Gainera, irakurlea Larramendi Bazkuneko bazkide baldin bada, beherapena %50ekoa izango da. Beraz, jarraitu beharreko bidea erraza da: 1) udal liburutegian liburua hartu maileguan. 2) Irakurri eta gozatu. 3) Itzuli liburutegian eta eskainiko diguten galderen orritxoa bete. 4) Beherapen-txekea eskuratu eta herriko liburu-dendaren batera joan liburu bat erostera. 5) Liburu berria irakurri eta gozatu, edo nahiago baduzu zure adiskideren bati oparitu!
Adin mugarik ez
Ekimenarentzat ez dago adin mugarik: 2 urtetik hasi eta 90 urte bitartekoa izan liteke irakurlea. Hori bai, udal liburutegian irakurritako liburua itzultzean emandako orritxoa betetzea ezinbesteko baldintza da txekea emango badigute. Irakurzaletasuna suspertzearekin batera antolatzaileen helburua liburuez gozatzeko eskura ditugun bi bide nagusiak jorratzea da: hots, udal liburutegiaren mailegu zerbitzua ezagutzera ematea eta, zerbitzu hori baino liburua erosi nahi denerako, herriko liburu-dendak. Euskarazko liburu orotarako balia liteke ekimena, eskoletako testu liburuetarako izan ezik; alegia, eleberria, saiakera, olerkia, antzerkia, erreportaia, komikia..., edozein motatakoa izan liteke irakurri eta erosiko den liburua, beti ere euskaraz baldin bada.Udal liburutegia eta herriko liburu-dendak
Adierazi dugun legez, ekimenean lau herrietako udal liburutegiek esku hartuko dute, bertan eskatu behar baitira maileguan irakurri beharreko liburuak. Txeke edo beherapen txartelarekin liburuak erosteko garaian ondoko liburu-dendaren batera jo beharko da: Andoainen Delgado, Ernaitza edo Stop liburudendetara. Amasa-Villabonan, Basajaun eta Kazetaria liburu-dendetara; Urnietan, Eder liburudendara eta Asteasun Mattin liburu-dendara. Azkenik esan, ekimenaren zabalkundea egiteko garaian antolatzaileek 7.500 biorriko banatu dituztela eskualdeko lau herrietan, bereziki herrietako eskoletan, bertan ikasle guztiei ale bana eman baitzaio.