Andoaingo Gudua ekimeneko ikur edo logotipoa hautatzeko lehiaketa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko api. 28a, 11:32

Andoaingo Gudua izeneko taldea, Andoaingo hainbat elkarte, talde eta erakundek osaturikoa, Andoaingo gudua izeneko ekimena antolatzeko bidean jarri da eta lehen eginkizunetakoa ekimen horren nortasuna eta izaera jasoko duen ikur edo logotipoa hautatzeko lehiaketa deitzea erabaki du, zeina jarraian datozen oinarriek arautuko duten:

LEHENA.- Deialdiaren helburua

Deialdi honen helburua Andoaingo gudua ekimenaren nortasun eta izaera jasoko duen irudi edo logotipoa hautatzea da, ekimen horren xedea izanik 1837ko irailaren 14an Andoaingo kale eta inguruetan gertaturiko gudu odoltsua gogoraraztea eta hark utzitako ondorio izugarriak ezagutzera ematea, Andoainen 2012an antolatuko den erakustaldi-antzezlanaren bitartez.

Gudu horren berri izateko bibliografia erabilgarria, besteak beste, honakoa da:

-OTAEGI NEGREDO, Karmele: "Lehenengo Gerrate karlista Andoainen", in Leyçaur 1. Andoain, 1990. Andoaingo Udala. 71-137 or.

-SALBADOR GOIKOETXEA, Joxeba: Sorabilla, karlistaldien hondamendiaren lekuko. Andoain, 2009. Andoaingo Udala.

-WILKINSON, Henry: "Croquis de paisajes en las Provincias Vascas de España". Revista Internacional de Estudios Vascos; Donostia, 1928. (La Gran Enciclopedia Vasca; 19. liburukia. Bilbo, 1971;  176-224 or.).

BIGARRENA.- Ezaugarriak

Irudi edo logotipoa gudu horri buruzko ekimena ezagutzera eman eta zabaltzeko baliatuko dute antolatzaileek. Beraz, bere formetan gardena eta ahalik eta garbiena izango da, gutxieneko osagai grafikoz aditzera emanez bi ikur nagusi: Andoain herria bata, eta guduak utzitako ondorioak, bestea.

Irudi edo logotipoa mota orotariko euskarri eta erabilera grafikoetan erabiltzekoa da eta, beraz, tamaina eta itxuraz moldagarria beharko du izan, begi kolpe bakar batez irudikatu nahi duen ekimenarekin lotu eta hura irudikatzeko gauza izango dena.

HIRUGARRENA.- Saria

Irudi edo logotipo irabazlearen egileak 600 €-ko saria jasoko du (SEIEHUN EURO), horri gehituko zaiolarik PFEZ-ari dagokion %15a.

Sari horren truke egileak bere lanari dagozkion sustapen eskubide guztiak -erreprodukzioa, zabalkudea eta jendaurreko hedapena- Andoaingo gudua taldearen esku utziko ditu (Manuel Larramendi Kultur Bazkunaren bidez), Apirilaren 12ko 1/1996 E.D.L-aren bidez indarrean jarritako Jabego Intelektualari buruzko Legeko 17, 18, 19 eta 20. artikuluek agindutakoaren arabera.

Egileak bere esku gordeko du Lege horrek berak 14. Artikuluan babesturiko eskubide morala.

LAUGARRENA.- Lanak aurkezteko modua

Irudi edo logotipoaren egileak bere proposamena A4 tamainako paper, oihal, edo plastiko euskarrian aurkeztuko du, baita digitalizaturik ere ordenagailuz irakurtzeko eta inprimatzeko moduko euskarri batean (PowerPoint fitxategi batean eta CD, pen-drive..., euskarrian).

Bere lanean egileak ez du izenik adieraziko, ezta bere nortasuna aldez edo moldez aditzera eman dezakeen beste inolako mezu edo ezaugarririk ere. Lana ezagutzeko bide bakarra horri egileak emango dion izenburua izango da, hots, Andoaingo guduaz areagoko esaldi edo goiburua.

Lanarekin batera kartazal itxia aurkeztu beharko du egileak, eta haren barruan bere datu pertsonal guztiak:

Izen-deiturak - nortasun agiria - helbidea - herria - telefonoa zenbakia - helbide elektronikoa.

Kartazalaren gainaldean egileak bere lanari emandako izenburua idatziko du, besterik gabe. Antolatzaileek lan irabazlearen kartazala baizik ez dute zabalduko. Beste guztiak lanarekin batera itzuliko dira, edo suntsitu, hilabete baten buruan jasotzen ez bada.

BOSTGARRENA.- Lanak aurkezteko epe eta tokia

Lanak 2011ko uztailaren 29rako aurkeztu beharko dira, lanak honako helbidea eramanez:

Andoaingo gudua taldea

(Manuel Larramendi Kultur Bazkuna)

Dr. Huizi kalea, 15-1

20140 ANDOAIN

SEIGARRENA.- Epaimahaia eta erabakia

Lehiaketa ebatziko duen epaimahaia honakoek osatuko dute:

Epaimahaiburu: Aitor Amutxastegi.

Epaimahaikide: Eduardo Arreseigor, Irati Guarretxena eta Xabier Laka.

Idazkari: Bakartxo Iguaran.

Epaimahaiak azken erabakia kideen arteko bi herenen aldeko botuez hartu beharko du, 2011ko irailaren 6erako.

Epaimahaiak lehiaketa deialdi hau hutsik utzi ahal izango du, aurkezturiko proposamenen artean bere iritziz nahikoa mailakorik hautemango ez balu.

Epaimahaiaren erabakia apelaezina izango da.

ZAZPIGARRENA.- Sarituriko lanaren erabilera

Oinarri hauen lehenengo eta hirugarren oinarriarekin bat etorriz, sarituriko lana Andoaingo gudua ekimenaren jendaurreko irudi nagusi edo logotipo gisa baliatuko da, mugarik gabe, horretarako nahi eta behar hainbat euskarri, tamaina edo bitarteko erabiliz, Andoainen zein Andoaindik kanpo, inolako mugarik gabe.

Nolanahi ere, egileak Jabego Intelektualari buruzko Apirilaren 12ko 1/1996 E.D.L.-ko 14. artikuluak aurreikusiriko eskubideak gauzatu ahal izango ditu.

ZORTZIGARRENA.- Sarituriko lanaren xedea aldatzea

Nolanahi ere, talde antolatzaileak, alegia, sarituriko lanaren sustapen eskubideen jabeak, bere esku gorde du xede hori aldatu eta indargabetzeko eskubidea behin deialdia ebatziz gero bost urteko epea igarota. Xedea aldatuko balu, sustapen eskubideak aldatu izanagatik kalteordaina emango dio egileari, zeina lehiaketa honen saria hainbestekoa izango da, igarotako urteei dagokien KPIa (Kontsumoko Prezioen Indizea) gehituz kopuruari.

Xedea indargabetuko balu, sustapen eskubideak egilearenak izango lirateke osorik berriro.

BEDERATZIGARRENA.- Oinarriak onartzea

 Deialdi honetara aurkezteak oinarriok ontzat ematea dakar berarekin, eta sarira aurkezteko nahitaezkoa izango da oinarriotan finkaturikoak osorik betetzea.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!