Santakrutzak 2011: Garmendia, Kamioi blues bandaren kantaria

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko api. 26a, 15:43

Xabier Garmendia azken urtetako Santa Krutz jaietan protagonismo berezia hartu duen herritarra da. Kamioi Blues Band taldeko abeslari gisa jarduten du.

Bandak hiru emanaldi emango ditu kalean aurten: Juanita Alkain plazan, Santa Krutzeko zubiaren ondoan eta Zumea plazan.

Nolaz animatu zinen abeslari gisa?
Xabier Garmendia.
Orain bost bat urte hots egin zidaten, nire zerbitzuak eskatuz. Musika eskolako zenbait musikariek banda ibiltaria osatu zuten kalean zehar ibiltzeko; kamioi batean sartuta egin nahi zuten ibilbidea. Lehen urtean kamiolari gisa lagundu nien. Hurrengo urtean, ordea, abeslaria behar omen zuten, eta animatu egin ninduten. Nire zalantzak izan nituen, baina aurrera egin nuen.

Noiztik datorkizu abesteko joera?
X.G.
Gustatu, beti gustatu izan zait abestea, nahiz eta nahiko ahots kaskarra izan, eta gainera, jendeaurreko eskarmentu askorik ez eduki. Hori bai, orain bost bat urte Alegiako Txintxarri abesbatzan sartu nintzen, ahots baju gisa, Txomin Aranok zirikatu eta gero.

Zer moduz ibili zara urte horietan?
X.G.
Ni pozik aritzen naiz alde batetik, baina bestetik inork ez dit kentzen edukitzen dudan urduritasuna eta lotsa. Izan ere, ohartzen naiz bandako musikariak oso onak direla, badakitela beren ofizioa, eta ni aldiz, afizionatu hutsa naizela. Iaz uztekotan egon nintzen kezka horiek zirela eta, baina bandakoek ia derrigortu egin ninduten segi nezan; Eugenio Delgado berak ultimatuna planteatu zidan: “zuk uzten baduzu, banda desagertu egingo da”.

Zein da zuen errepertorioa?
X.G.
Frank Sinatra, Louis Amstrong, mexikarrak… Denetariko abestiekin nahasketa egiten dugu; tarteka, bakarrik aritzen dira musikariak. Aurretik bizpahiru entsegu besterik ez ditugu egiten. Musikarientzat nahikoak dira, baina nik etxean ordu batzuk gehiago sartu behar izaten ditut.

Jendeak nola hartzen du zuen kale proposamena?
X.G.
Primeran. Jendeak estimatzen du musika eta umorea kalera eramatea, eta hori gainera herrikoen eskutik etortzea. Badira espreski gu ikustera kalera irteten direnak. Bestalde, badira guk aktuatzen dugun garaian ingurura arrimatzen ez direnak ere (nire bi alabak, adibidez). Kuriosoena da zenbat jende harritzen den ni abesten ikusten nautenean. Inoiz ez zitzaien burutik ere pasako irudi hori: ni Sinatra imitatzen “New York, New York” abestuz, adibidez.

Umorea kalera eramango duzu, baina kamioilaria zara. Krisia oso gogor ari omen da kolpatzen zuen sektorea…
X.G.
2009ko urtarrilean jo zuen behera eta burua altxa ezinik gabiltza orduz geroztik. Autonomoa naiz, eta eraikuntzako enpresentzat egin izan dut lan asko. Gastuak betikoak (segurua, mantenimendua, zergak…)  izan arren, diru sarrerak urritu direnez, nik ez dakit noiz arte iraun ahal izango dudan. Gainera, bi lapurreta ere jasan ditut azken aldian.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!