Santakrutzak 2011: Ainara Loiarte

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko api. 26a, 15:42

“Kaixo! Aiurritik deitzen dizut. Garaiz  jasotzen al duzu aldizkaria?”, Aiurriko harpidedunen belarrietara horixe da Aiurriko ahotsa. Ainara Loiarterena, hain zuzen. Aiurriko harpidedunen datuak berritzeko kanpaina bideratzen ari da Andoaingo gaztea. Horrez gain, Urki dantza taldeko kideetakoa da. Dantza eta jaia, biak ala biak ditu hizpide:

Pozarren egongo zara Urkirekin Basteron lortu zenuten arrakastarekin...
A.L.
Egia esan, bai. Jende piloa bildu da eta une onean gaudela esan daiteke. Dantzari asko dago, hasiberriak diren helduak adibidez.

Santa Krutz egunean duzue hurrengo erronka, ez zaudete etxean geratzeko!
A.L.
Ezpatadantza berreskuratu genuela laugarren edizioa izango da aurtengoa. Oso ikuskizun polita izaten da.
Bezperan parranda txikiagoa egin behako dugu, kostata baina etxera joango gara. Baina dantzan hasi eta Santa Krutz zubiaren alde batean eta bestean ikusleak aurkitzea zoragarria da.
“Behartuta” gaude bazkaltzera joatea, derrigorrezko bilakatu zutelako. Aje handiagoarekin edo txikiagoarekin joango gara. Bazkalosteko dantza saioak ere dibertigarriak dira oso.

Jaietan, beraz, dantza eta dantza.
A.L.
Santakrutzak erromeri festak izan dira. Ez dira garai onenak izango dantzarako baina nik oso gustoko dut fandangoa edo arin-arina dantzatzea.
Andoainen jendeak dantza egiten du, gehienbat koadrila egunean. Eta ordu txikietan bada, are eta gehiago.

Zer esan nahi du zuretzat jaiak?
A.L.
Santakrutzak jai herrikoiak dira, parranda handienak bertan egin daitezke. Bekoplaza inguruak duen xarma hori ikaragarria da. Egunean zehar ere ondo pasatzeko aukera ugari dago.
 
Lagun taldean koadrilen egunaren zain izango zarete, noski.
A.L.
Bai! Dagoeneko bazkariko txartelak hartu ditugu. Zortzi bat urte lehenbizikoz jantzi genituen blusak berriro janzteko gogoz gaude: goizetik atera, jolasak, bazkaria, txarangarekin kalejira,...
 
Galduko ez zenukeena jaietan?
A.L.
Sagardo dastaketa eta bertso saioa. Xelebre lasterketa dibertigarria zen, erreka jaitsiera ere bai. Batukadarekin ere sekulako martxa sortzen da.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!